Gauenara edo saguzarra. Saguzar zalea bazara kiropterofiliak bizi zaitu. Lasai, ez zara bakarra, hamaikatxo landareren tankera duzu, hori da hori luxua! Kubatik ekarri nizun hosto lauak beharrean parabolikoak dituen Marcgravia evenia bezala, saguzarrekin auzolanean bizi den landare asko dago.
Landareek eta saguzarrek elkarren beharrean eboluzionatu dute. Gehienetan saguzarrak egiten duen lana landare baten loreko polena beste landare baten loreraino garraiatzea da. Eta haren polena beste bateraino. Eta harena beste bateraino. Etengabe. Landareen nektar truk. Zientzialari batzuen ustetan saguzarren eta landareen arteko elkarlan hori, batez ere, bioaniztasuna eskasa den tokietan ematen da. Erdialdeko Amerika, Karibea eta Hego Amerika biltzen dituen neotropikoan saguzarren bat morrontzan hartua duen 500 landaretik gora ezagutzen da. Lehia latza! Denek nahi dute saguzarra bere. Bere loretan; bere esklabo. Landare jakin batek eta saguzar jakin batek uztarri berean eboluzionatzean, urteen eta belaunaldien poderioz, haren loreak bereziki saguzar horrentzat dira.
Hegalari ugaztun hau bereganatu asmoz loreak diseinatzerakoan antzeko taktikak darabiltzate landare guztiek: handiak eta aisa ikusteko modukoak, zuriak, laruak edo horiak, ilunabarrean edo gauean irekitzen direnak, usain edo kirats nabarmena dutenak eta nektar goxoz bustiak. Sudurrera bistako usaina, belarriko antenarako ultrasoinuen bidezko kokapena erraztuko duten hosto parabolikoak, begi-bistako ikusgarritasuna eta zuku ezti ahogozagarria funtsezkoak dira saguzarraren arreta erakartzeko. Usainak edo kiratsak maiz sulfuroa duten osagaietan oinarritutakoak dira, arrautza ustelak edo udatsak edo ur-beltzak edo mailatutako sagarrekin egindako sagardoak izaten dutenaren tankeratsukoak. Hurrengoa eta erabakigarria nektarra da. Nektar ugari sortzen dute loreok, polinizazio lana gozo eta lodi berdintzeko. Hartu eta eman. Elkarlana ordainetan.