argia.eus
INPRIMATU
Giroak eta ehundurak aztertzen
  • Ama Say ::Ren fan

    Bonberenea Ekintzak

    iraupena ::39´34´´

    prezioa ::10€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko otsailaren 15
Gontzal Bilbao - Ama Say
Gontzal Bilbao - Ama Say
Ama Say beti izan da talde berezia. 1990eko hamarkadan jaio zen, noiz bestela, eta orduan AEBetan lantzen zen noisea, melodia eta intentsitatea erabat barneratu zituen, bestelako ukitua eman, euskara eta ingelesa galdatu eta emaitza bizi-bizia lortu, indartsua eta erakargarria. Taldea desegin eta urte askora agertokietara itzuli ziren eta orain kanta berriak plazaratu dituzte. Bada iraganeko indie gitarrero eta melodikoaren trazarik, baina kanta gehienetan bestelako eremuak esploratu dituzte: teklatu, txelo eta giro bereziekin elikatutako pieza esperimentalagoak, ildo ia-industriala eta arrisku txikiagoa duen pop-rocka; eta Monster Kaos izeneko hit-a, new wave irudimentsua eta post-hardcorearen erritmoak bere baitan hartzen dituena. Mimatua dago, baina ez ditu nire aurreikuspenak bete. Pena!

www.myspace.com/amasay
«Politikariek nahiago dute gizarte lokartua, eta jendeak nahiago du sofan geratu buruari eragin gabe»

Diskoko burdinak eta herdoilak zuen adina eta jatorria, biak, irudikatzen al ditu?

Agian bai, Meatzaldekoak gara gu eta hori nabaritzen da gure abestietan. Baina kantatzen duguna ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen, beste leku askotan ere bai. Politikariek nahiago dute gizarte lokartua, eta jendeak nahiago du etxeko sofan geratu buruari eragin gabe; hori ez da asko aldatzen eta salatzen dugu.

Hainbat kantatako hitzak obsesibo eta itogarriak dira. Petronorren errua al da?

Ez, Petrohorror negozio hutsa da nagusiek diru asko irabaztea besterik ez dutelako nahi. Petrohorror, Ibertrola, bankuak eta horrelako enpresak politikoen eskuetan daude eta hori jasanezina da. Guztiok batu eta haien kontra borrokatu behar dugu. Haiek dira manipulazioa, ustelkeria, boterea, kutsadura; gizarteari dekadentzia bakarrik ekarriko diote.

“I burst forth zatitan”. Ezkerraldean euskararen alde egin eta ez erretzeko irudimena lau bider biderkatu behar?

Beno, bakoitzak berea. Ezkerraldean batez ere gaztelaniaz hitz egiten da, baina poliki-poliki euskara gehiago entzuten ari da kalean.

Ama Sayk giroekin gehiago jolastuko luke eta desberdina litzateke Maite Mursego aurretik ezagutu bazenute?

Agian bai, batek daki. Agerian dago, Maite eta Lisaböko Txap, sekulako musikariak direla. Gauza asko irekita daude. Oso pozik gaude beraien kolaborazioarekin.

“Ahate artian beltxarga bat” sentitu izan zarete beti?

Ni behintzat ez. Agian kanpotik ematen du arraroak garela, baina guretzat gure musika nahiz eta pertsonala izan, beti ikusi dugu normaltasun baten barruan.

Bonberenea Ekintzak da gaur egun zuengandik hurbilen ikusten duzuen aukera?

Bonberenean sekulako baloreak lantzen ari dira, jende gaztea mugitzen da altruismo hutsez, eta hori hunkigarria da. Musika zabaltzeko modu berezia da, guk gustuko duguna.