argia.eus
INPRIMATU
Paraliturgia
Xabier Mendiguren Elizegi @xme64 2011ko urtarrilaren 18a
Zertaz ari naizen ulertzeko, hitza esplikatu beharko zioagu jendeari, ezta, Joxan?

(Joxan Ormazabal zenak sarritan aipatzen zuen “paraliturgia”, adierazteko era guztietako ospakizun, ekitaldi eta zeremonietan izaten zen protokoloa, bateko hitzaldi, besteko bertso edo dantzari, txalaparta eta txistulari. Hitzak agerian du adar-soinu ironikoa, eta balio du, besteak beste, Ormazabalen nortasun aberatsa sumatzen laguntzeko: onkote, alai, bihotz handiko, umezale... horrela marraztu dugu eta egia da halakoxea zela; baina bazituen beste zenbait alderdi ere: tristura lanbrotsu melankoliko bat, baserritarraren eszeptizismo disimulatua, mikatz punttu bat inoiz; inor ez baita pieza bakarreko izakia).

Ez diat galdetuko zer moduz habilen alde-aldi horretan, egoskor segitzen diat neure sinesgabezian. Alde-aldi honetakook, berriz, asko akordatzen gaituk hirekin. Bakarka gehienetan, hire hitz, jarrera, barreak gogora ekarrita; lagunartean ere bai sarri, hire txiste, esaera eta pasadizoak elkarri komentatuta; eta talde handiagoetan ere bai tarteka, bateko eta besteko omenaldiak direla eta.

Hainbeste paraliturgia sortu behar huela jakin bahu, igual ez huen ezegiteko hura egingo, hi beti isilka eta inori trabarik sortu gabe ibiltzeko zalea izaki. Joan den udazkenean mendira egin genian txangoa, hire senide, lankide eta beste lagun batzuek, hire amaren eta heure errautsak dautzan bazter zoragarri horretara; hantxe egin genian antzerki txiki bat, bildutako bakoitzak hire testu-txatal bat irakurtzen zuela, eta gero denak bazkaltzera; hiri ere gustatuko zitzaian, ikusterik izan bahu.

Abenduan, berriz, badakik nola estimatzen hauten Seguran, bada, aurtengo beren liburu azokatxoaren inaugurazioan ere hitz batzuk egin behar, hire oroigarri. Ez hadi izutu, laburra eta umoretsua izan zuan eta.

Orain, aldiz, menditik hartutako harri-potor bat jarri nahi ditek Zegamako kultur etxearen ondoan, hire omenezko plaka koxkor batekin, eta harri hori aukeratzen ibili gintuan Urteberri bigarrenean, Aizkorpeko hire gogoko paraje horietan. Gustura ibiliko hintzen hi ere, orbel artean gora eta behera.
 
Beldur nauk, hurrengo hilabeteetan paraliturgia gehiago ez ote dugun izango. Alferrik egingo duk protesta. Ez zaiguk ailegatuko. Eta gu oraindik asko akordatzen gaituk hirekin, Joxan. Asko.