argia.eus
INPRIMATU
Arratiako
Igor Estankona 2011ko urtarrilaren 18a
Arratia inguruko hiztegia, alegia. Mortala –Angel Larrea eta Juantxu Rekalde buru– arratieraren hiztegiaren inguruan urteokaz egin duten lana. Geure Berbategie proiektuaren baitan hainbat jendek azpieuskalkiaren bibliografia osoa hustu du, elkarrizketa mordoa egin, aditza aztertu, adibideak jarri, berrehun argazki bildu... 25.000 sarreradun hiztegi itzela izan da emaitza, gure berbakuneari, bizkaierari eta batuari egindako oparia. Sakon jarriz gero, betirako munduari egindako oparia.

Esan eta esan gabiltza bizkaieratik gure ekarpena egin behar diogula hizkuntza bizi, aberats, modernoari. Ñabardurak, esakuneak, lokuzioak, sinonimoak zein aldakiak, horiek guztiak euskararen osasunaren adierazgarri badira, hemendik aurrera baliabide bat gehiago daukagu guztiok. Galdakaotik Zeanurirainoko haranen tolesduretan gordetako altxorra da hau. Bertakook ere ez dugu baloratu izan altxor hori askotan, baina hor daude, esate baterako, pitxikoletea, txiripitonea, mitxoletea, mitxilotoia, eskabie, txilipotadea, pitxilotea, txirripitea, bitxilikotea, txilipitañea, sorgin-bitxie, zeruko katue... tximeleta esateko modu batzuk baino ez, hiztegi eder honetara ekarriak.