Traducido automaticamente do vasco, a tradución pode conter erros. Máis información aquí. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

Mundua kanta batean sartzen delako

  • Ray-k eta Nick-ek kantutik dantzara, pasadizotik abenturara zeharkatu dute mundua. Berriki bueltatu dira Euskal Herrira, “xentimorik gabe” baina haien ibileren berri modu umoretsuan emateko prest.
Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ray eta Nick, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa; haien ikuskizunari Xentimorik gabe deitu badiote ere aurpegi bakarreko bi txanponak dira, eta txanpon bereko lau aurpegiak. Pertsonaiek beste istorio izan ditzakete kontatzeko ibilbide luzeko aktore biek: pertsonaiek bezala maite dute afalosteko anabasan kantuz murgiltzea, maite dute jendearekin umorea eta jolasa konpartitzea. Aurpegion azpiko laukoteak izan du, hala ere, bestelako bidaiderik ikuskizunaren sortze prozesuan: Asier Sotak zuzendu du antzezlana, Pako Aristik lotu ditu hitzak.

Agirrek aipatu duenez proiektu hau sortzea ia-ia saihestezina izan da. “Aspalditik genuen biok elkarren harrikadaren berri. Hitz eginda ere bagenuen, behin edo behin zerbait egitera kondenatuak geundela, estilo honetako zoramenen bat”. Lehenago, Antzerti-tik atera eta gutxira, Gabriel Celayaren El relevo antzezlanean egin zuten bat oholtzan, orduan ere bikote berezia osatuz. “Bera deabrua zen, eta ni berriz aingerua” oroitu du barrezka Agirrek.

Gerora formatu anitzeko lanetan ibili izan dira biak, haien musika zaletasuna gertu izanik sarri. Musika bera da, hain zuzen ere, Xentimorik gabe honen hari garrantzitsuetako bat. Tolosak dioenez lan prozesuan nolabaiteko norabidea markatu die musikak, “kanta batetik bestera nola iritsi pentsatuz abiatzen ginen, baina oso era kaotikoan, ate guztiak zabalik edukita”. Entseguetan gauzak probatu ahala joan dira pertsonaiak aurkitzen, testuak idazten eta lotzen, antzezlanak dituen zati eta istorio txiki ugarien artean erritmoa bilatzen. Agirrek dioenez kaos horrek antzezlanari oinarrizko izaera eman dio. “Gu gatozen proiektu motekin konparatuta produkziorik eza izan da gurea, konpainietan dena oso lotua dagoelako. Ez dugu metodo zientifiko esturik, taldean egin dugu lan, denok jarri dugu prozesuan zer edo zer. Emaitzan ere nabaritzen da, seguru aski, kaotikoa dela, zentzu onean eta txarrean; baina ez zaigu inporta”.

Anabasa erabiliz emango dute Rayk eta Nickek haien ibileren berri. Bidean ezagututako pertsonaiak ekarriko dituzte gogora; zeharkatutako herrialdeetan ikasitako kanta zatiekin, musika estilo ezberdinekin eta hizkuntzen zertzeladekin jantziko dute kontakizuna. Tolosaren esanetan titiriteroen izpiritu askearen xarma eta bizitza kaotikoa ekartzen dute gogora protagonistek. “Hasieratik argi genuen titiriteroen mundua zela oinarria, jolas ildo nagusia hortik zihoala. Bi tipo hauek musikaren inguruan bizi behar zuten, eta oso gezurtiak izan, sasi-musikariak, sasi-edozer-gauza…”. Titiritero funtsa horretatik gertu sentitzen dira aktoreak: “Normalean musika antzerkiarekin era honetan nahasten duzunean titiritero puntua hartzen du ia beti”. Agirrek ere aise osatzen du irudia: “Hemendik edo handik hartzen dituzte gustuko gauzak biek, plagioaren beldurrik gabe. Bagenekien abesti osorik ez genuela egingo, eta guretik sortu ere gutxi egingo genuela. Afaloste batean hasiko bagina zer ateratzen den aztertzen, gustuko ditugun gauzak ikusiko genituzke bata bestearen atzetik, ordenarik gabe eta askotan abesti osoa jakin gabe; puska bat kantatzen duzu eta gero beste batera pasatzen zara… beti ere jolasean”.

Hainbeste gauza bizi izan dituzte elkarrekin Rayk eta Nickek, nortasun aldetik biak bereiztea izan zela zuzendaritzak eduki duen erronketako bat. Agirrek dioenez, momentu bat iritsi zen material guztia ordenatu behar izan zutena. “Antzerkiko legeek esaten dute pertsonaiek ezin dutela elkar-trukagarriak izan, bakoitzari bere ezaugarriak bilatu dizkiogu”. Tolosak dioenez pertsonaiak osatzeko garaian leku eta teknika askotatik edan dute, bakar batean ere zeharo murgildu gabe: “Clown-aren mundutik hartu dugu apur bat, baina gehiegi ere ez. Hanka busti eta atera, horrelaxe ibili gara putzu askotan saltoka”.

Umorearen bidetik Ray eta Nick gertukoak sentitzen ahal ditu publikoak, neurri batean kontatzen dutena benetan egia den ala ez zalantzan jarri arren. Agirrek dioenez hori ere bada irakurketa posible bat, propio bilatu dutena. “Beti dago zalantza: benetan gertatu zaie kontatzen ari direna? Gauza batzuk egia dira, besteak momentuan asmatutakoak? Burutik oso sano ez dauden irudimen handiko bi tipo ote dira?”. Mugan dagoen jokamoldea da haiena askotan. “Agian terapia bat egitearen ondorioz etengabeko beroaldian dauden bi tipo izan daitezkeela pentsatzeak guri asko laguntzen zigun”.

Gertutasuna

Ezusteko zerrenda osatzen dute publikoak emanaldian zehar entzungo dituen kantek: Simon and Garfunkel, Al Bano eta Romina Power, Pantxoa eta Peio... baita Elvis ere! Xentimorik gabe formatu txikiko lana izanik, ezinbestekoa da publikoarekin senti daitekeen gertutasuna, eta horretan musika sekulako zubia da. Lehenengo emanalditik sumatu zuten hori: “Igeldoko estreinaldian sartu ahala ekin genion lehenengo kanta jotzeari, eta jendeak lehen unetik heldu zion gurekin, ‘Amerikatik etorri nintzen, xentimorik gabe…’”.

Tolosak aipatu duenez proiektu hau funtsean haien buruari egin dioten oparia da. “Geurea zen zerbait egin nahi genuen, inongo inposiziorik gabe. Alde horretatik, oso librea da istorioa. Besteentzat lan egiten duzunean oso ondo dago, asko ikasten duzu, baina nik badaukat premia noizean behin neure kasako astakeriaren bat egiteko”. Agirrek ere ez du zalantzarik horretan, disfrutatzeko eta zerbait sortzeko gogo propiotik datorkio antzezlanari freskura. “Poz handia ematen du zuk sortutako gauza bat defenditzeak. Guk askotan egin izan dugu, eta egiten dugu eta egingo dugu, beste norbaitek pentsatu, idatzi eta egituratutako gauzaren bat, baina sormen propioak beste askatasun bat ematen dizu. Titiritero sentitzen zara zentzurik onenean, oso libre eta gustuko dituzun gauzak egiten. Egin nahi duzun eta askotan egiteko aukerarik ez duzun gauzak egiteko modu bat ere bazen hau”.

“Gertutasuna” hitz gakoa da beraz Xentimorik gabe bezalako lan batean: batetik aktoreen arteko konplizitateak transmititzen duen gertutasunagatik, bestetik publikoarekin duten gertutasun fisikoak ematen duen komunikaziorako aukeragatik. Agirreren ustez hori da, hain zuzen ere, egungo aretoko antzerkiak duen erronka handietako bat. “Ohikoan egiten dudan antzerkiak harreman hotza du publikoarekin, eszenatokia eta jendea oso urrun egongo balira bezala. Distantzia horrekin oso zaila da jendea emozionatzea, aztoratzea. Laugarren hormarekin jarraitzen dugu jokatzen askotan eta hor bada arrisku bat: ezin da zinearen edo kontzertu baten inpaktuarekin konpetitu”. Maila horretan antzerkiak egun jendearenagana iristeko behar izugarria du, eta Xentimorik gaberekin era guztietako guneetan aritzeko prest badaude ere, oholtza txiki eta ertainetan sumatu dute aldea. “Jendeari zuzenean hitz egiten diozu, eta musikak ere asko laguntzen du publikoarekin bat egiten”. Tolosak ere argi du antzezlanaren tonua gertukoa dela oso. “Lan hau modu herrikoian egiteko dago pentsatua, edozein lekutan; afaldu eta gero koparekin ikusteko antzerkia da, ikusi eta pentsatzeko baino katxondeo pixka batekin disfrutatzekoa”.

Rayren eta Nicken ibilbidean Eslovenia, Brasil, Mexiko, Tirol, Errusia, Argentina edota Mongoliari gehitu zaizkie Euskal Herrian Igeldo, Zarautz eta Bergara, besteak beste. Aurki gehituko zaizkie urtarrilaren 20an Bilbo eta 28an Errezil. Mundua kanta batean sartzen delako.

Últimas
2025-03-15 | Jabi Elorza Antia
Txapela buruan

Iazko udan ere Alacant aldera hurbildu ginen eguraldi hobea aurkitu nahian eta, urtero bezala, egun batez, Benidorm erraldoian sartu ginen hango giroan murgildu, zerbait hartu eta seme-alabekin izozki edo gofre bat dastatzeko asmoz.

Hiri bitxia da, denetarik aurki dezakezu... [+]


Judimendi auzo eskola ez da etorri berria

Ongi etorria eman digu Unai Mendizabalek A eredutik D eredura aldaketa egitea erabaki dugulako Judimendi auzo eskolan. Bidea malkartsua izango dela ere ohartarazi digu Armentia Ikastolako guraso eta Arabako Ikastoletako lehendakariak. Gure esker ona adierazi nahi diogu eman... [+]


Euskararen gurditik denok tira egin behar dugu, baita hezkuntzan ere

Ez dira gutxi azken boladan euskara bere onenean ez dagoela eta bere transmisioa bermatuta ez dagoela ohartarazten ari diren ahotsak. Bestetik, inork ez du ukatzen hezkuntzak ezinbesteko betebeharra duenik euskara eta euskal kulturaren biziraupenerako. Erronka estrategikoa... [+]


2025-03-15 | Rober Gutiérrez
Mantrak

Azken asteetan zenbait unibertsitatetako ate irekien jardunaldietara joateko aukera izan dut. Semea aztertzen ari da zer ikasiko duen datozen urteotan eta, erabakia hartu aurretik, komeni da aukera guztiak begiratzea. Unibertsitate bakoitzak badu bere misioa, bere izaera, bere... [+]


2025-03-14 | ARGIA
GALeko 18 biktimak jarriko dute Barrionuevoren aurkako kereila

GALeko biktima talde batek eman du kereilaren nondik norakoen berri Bilbon egindako prentsaurrekoan, Egiari Zor fundazioak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak lagunduta. GALen aurkako eta, zehazki, José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dute.


Ezer aldatu ez zuen pandemia

Bost urte igaro dira pandemiaren hasieratik. Pandemia horrek ekarri zuen denok zaintza eredua ezagutzea, inondik inora ere behar bezala ez zebilena. Egoitzetako kutsatzeen eta hildakoen datuak, batez ere pribatuetan, zifra hutsak baino askoz gehiago izan ziren.

2020ko... [+]


Gure istorioak berreskuratzea eskubideak defendatzeko

Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]


Zerga turistikoarena estrategia komunikatibo hutsa da

Tasa edo zerga turistikoaren eztabaida urtetan luzatzen ari da, erakunde publikoetan ordezkaritza duten indar politikoen artean zabala den arren ezarri beharraren gaineko adostasuna. Eztabaidetako bat da zerga hori zein erakundek kobratuko duen: zenbait udalek (tartean... [+]


1.500 euroko gutxieneko soldataz hitz egiteko Confebask ez da mahaian eseri ere egingo

Tamara Yague Confebaskeko presidenteak iragarri du gehiengo sindikalak deitutako martxoaren 20ko bilerara ez dela joango, eta gehitu du gutxieneko soldataz eztabaidatzeko markoa Espainiako Mahaia dela. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek EAErako gutxieneko... [+]


Putinek anbiguetate handiz eta presarik gabe erantzun dio AEBetako menia proposamenari

Vladimir Putinek interesa agertu du AEBek eta Ukrainak adostu duten 30 eguneko menia epeaz, baina zalantzak ere plazaratu ditu. Funtsean, ez du presarik erakutsi akordioa sinatzeko eta denbora gehiago eskatu du zalantzok argitu ahal izateko.


“Zuek, emazteek ez duzue deus ere balio”

Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak... [+]


Itxaro Borda
“Gure norabide sexualen, ezinegonen eta beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu”

1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]


Olor
Deserosotasunaren apologia

Olor
Noiz: martxoaren 9an.
Non: Bilboko Sarean espazioan.

---------------------------------------------------------

Esperantza. iz. Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona.

Izen horixe jarri zion Jokin Azpiazu Carballo Olor ermuarrak bere... [+]


Eguneraketa berriak daude