argia.eus
INPRIMATU
Xake Mate
Juan Ramon Makuso 2010ko azaroaren 03a
Azken egun hauetan etxean ikusi dut semea Xake Mate –Alberto Ladron Aranaren– liburua irakurtzen. Institutuko lanak. Bat-batean pentsatu dut: badirudi zirrikitu guztietatik xake kirolaren azken mugimendua bertaratzen ari zaigula. Izan ere, aspaldi honetan euskal geografian xake partida bat jokatzen ari da; noski ez da kirola bezain atsegingarria, baina metaforak, bere gordinean, bi jokalarien argazkia islatzen du mahaiaren bueltan. Urtaroak, urteak, badoaz, eta batzuei ileak joan eta beste batzuei urdindu egin zaizkigu, eta oraindik ere, xake partida jolasten ari gara. Esan beharra dago, partida, askotan, eten egiten dela, jokalari biek horrela erabakita.

Baina, nekearen nekez, edo bata besteari begiratzerakoan, begiradak, nekearen zantzuak nabarmenak direlako, partidaren amaiera prestatzen ari dira. Ikuslegoa ere, partidaren joate hain luzearengatik, ahituta dago. Hala ere, nekeagatik edo eroso daudelako, partida ikusten jarraitu nahi dute ikusleek. Arnaldo Otegik amaierara iritsi nahi du ordea, eta batzuek galdetzen dute: zergatik orain? Erraza. Honek amaitu behar duelako.