Busturialdeko herritarrak mobilizatzen ari dira, hamarnaka alderdi politiko, sindikatu eta gizarte elkarte biltzen dituen plataforma soziopolitikoari eskerrak, Bizkaian dagoen Urdaibaiko eskualde eder horretan lan egin eta bizi ahal izateko irtenbideen alde. Bizkaiko Foru Aldundiak eta EAJk defendatzen duten Sukarrietako Gughenheim museoaren frankizia eraikitzeko erabakia gertuago dago, 200 milioi euro kosta daiteke, eta mobilizazioak ugaldu egin dira horren aurrean. Joan den astean beste pauso bat eman zen Bizkaiko Batzar Nagusietan, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez duen ekimen hori babesten eta beste proiektu batzuk proposatzen dituen. Ez Bizkaiko Foru Aldundiak, ez EAJk, ezta Eusko Jaurlaritzak ere, ez dituzte kontsultatu euren proiektuak inguruko herritarrekin. Inposizio horiek salatzen dituzte mobilizazioek, herritarren erabakia errespetatzeko eskatuz. Azkeneko mobilizazioa joan den astean egin zen Gernikan, Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean.
Busturialdean lan eta bizi herri plataformak gogorarazi du jada badagoela hainbat eragileren artean adostutako eta 1998an dekretuz onartutako plan estrategikoa. Horren helburua da, garapen jasangarriarekin bat eginik, jarduera sozioekonomiko guztiei bultzada ematea. Urdaibaiko museo berrirako aurreikusi diren 200 milioi euro horiek inbertsio produktibo eta sozialetara bideratzea eskatu dute. Busturialdeak 10.000 enplegu galdu ditu azken urtetan, lan postuak behar ditu sektore guztietan, eta ez Urdaibai turismo masiborako eskualde bihurtzea. Beren eskualdean lan egin eta bizi nahi dute. Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari gutxienez exigitu dakieke, behin betiko erabakia hartu aurretik, herritarrei galdetzea eta horien hitza errespetatzea. Aski da inposizioekin!