Uigurrak berez txinatarrak omen dira, hots, txinatar hanekin dituzten konponezinak senitarteko liskarrak dira, Euskadi Irratian entzundakoaren arabera. Uigurrak berez txinatarrak? Hegoaldeko euskaldunak berez espainiarrak? Eta Iparraldekoak frantziarrak?
Kasu honetan gehiago fio naiz Wikipediako informazioaz Txinako Gobernuak ematen duenaz baino. XVIII. mendearen erdialdean Txinako Quing dinastiak bere gain hartu bide zuen Xinjiango eremua. Ekialdeko Turkestango Errepublika izena hartu zuenak 1933an lortu omen zuen independentzia Txinatik, baina 1949an Txina komunistaren mendean erori ziren. Orduan askok erbestera jo zuten, eta beren aberrian gelditu zirenek asko sufritu bide zuten, bereziki Kultur Iraultza Handiaren garaian (1966-1976), agintari txinatarrek jazarri baitzituzten euren fedea eta ohiturak, eta ekonomia aldetik bertan behera utzi baitzuten eremu hori. Aurrerago, Pekingo Gobernuak diru asko gastatu bide zuen independentismo uigurra suntsitzeko eta garapen ekonomikoaren aldetik mendebaleko eremu horren eta Txinako ekialdeko kostaren artean zegoen aldea gutxitzeko eta, halaber, bitarteko militar eta politikoak baliatu zituen Ekialdeko Turkestango Mugimendu Islamiko independentistaren (ETIM) aurkako borrokan, NBEk eta AEBek talde terroristatzat jotzea lortuz. Ezaguna egiten zaigu euskaldunoi uigur herriaren historia. Beraz, uigurrak txinatarrak?
Turkieraren familiako hizkuntzan mintzo dira eta musulmanak dira. Jakina, gurean bezala, ziur uigur asko edo gehienak elebidunak direla eta hanak elebakarrak. Xinjiang Txinako probintzia handiena da lurrez, 1.600.000 km2, baina gutxi populatua: 20 bat milioi. Egun uigurrak %45 inguru omen dira; hanak jada %40tik gora, eta beren ohiturak nagusitzen ari administrazio txinatarraren laguntzarekin. 15.000 mezkitatik gora omen dira bertan, eta erlijioak eragin nabarmena omen du uigur familien hezkuntza, ekonomia eta sistema judizialetan.
Uigurretatik hainbatek sentimendu separatistak ditu eta Txinako Alderdi Komunistak ezarritako kultur nagusikeriari aurre egiten dio. Lehengo urtean hedabideetatik jakin ahal izan genuenez istilu larriak izan ziren; txinatar agintarien arabera, 156 lagun hil ziren, eta milatik gora zauritu.
Informazioaren eta hedabideen aroan bizi gara; garrantzizkoa da mundua gure begiekin ikustea. Txinako Gobernuaren begiekin ikustea, Espainiako eta Frantziako gobernuen begiekin ikustea da.