argia.eus
INPRIMATU
Zorte izugarria
Jon Torner Zabala @jtorner 2010ko uztailaren 06a
Maus. Art Spiegelman. Reservoir Books, 2009. 296 orrialde, zuri-beltzean.

Auschwitz. Poloniako kontzentrazio –eta anikilazio– esparru horretan milioi bat lagun baino gehiago hil zituzten naziek II. Mundu Gerran, Europa osoko juduak gehienak. Poloniar juduak ziren Art Spiegelman komikigilearen (Stockholm, Suedia, 1948) gurasoak. Eta Aushwitzen eduki zituzten. Bizirik atera ziren, ordea. Bizirik Auschwitzetik, bizirik Gerraren izugarrikeria guztietatik. Nola? Maus nobela grafikoaren aurreneko partea irakurtzen ari nintzela “zortea” hitzak mila bider kolpatu ninduen, eta, hara non, amaierako partera heldu aurretik “ZORTEA” irakurri dut liburuan, horrela, letra larriz. “adorea” eta “baliabide handiak” ere ageri dira, baina txikian. Sagu itxurako Art Spiegelmanen ahotik ateratzen dira hitzok. Maus-en bere aitaren –Vladek– historia bildu du. Hura da protagonista nagusia. Grabagailua eskuan, gurasoen –eta beraren– bizitza hunkigarria osatzen doa Art, gerra garaiko eta orainaldiko pasarteak abileziaz uztartuz.

Juduak sagu bihurtu ditu, naziak katu, poloniar ez juduak zerri, estatubatuarrak zakur... Propio marraztu ditu horrela, juduentzat Polonia okupatua sagu-zulo nola bihurtu zen irudikatzeko. Maus obra gogor eta hunkigarria da. Raw aldizkarian argitaratu zen aurrenekoz, zatika, 1980 eta 1991 artean. Urtebete geroago Pulitzer saria jaso zuen Spiegelmanek. Ez da gutxiagorako, II. Mundu Gerran juduek pairatu zuten jazarpen basatiaren testigantza argia da. Erritmo borobilez lotzen ditu lehenaldiko gertaerak eta orainaldiko bizipen eta sentimenduak, narrazioa arintzen duten baliabide grafiko ikusezinekin.

Obra gomendagarria da erabat. Horregatik zorte izugarriarena, txiripaz heldu baitiot azkenaldian gehien asebete nauen komiki edo eleberri grafikoari.