argia.eus
INPRIMATU
Bidean bidaide, eta gogoan gogaide
IƱaki Antiguedad 2010ko uztailaren 06a
Geroa argituz doa euskal unibertsoan. Beren burua betiko demokratatzat hartzen duten batzuek ezker abertzalea euren gustuko pistan lurreratzea nahi bazuten ere ezker abertzaleak, barneko debatea argibide, Euskaldunako ontziola hartu berri du uretaratze pista. Eta ez bakardadean bustitzeko, elkarlanean baino. Euskal Estatu bidean nahi dituzte bidaideek partekatu orain arte bakoitza bere aldetik sortzen joan diren baldintza sozio-politikoak, apustu horren bidera eramanez konfrontazio emankorra, konfrontazio guztiak holakoak ez direlakoan. Kasuko, Iruñeko apirileko adierazpenean kolapso hitzaz jasotzen da blokeo egoera areagotu izanak indartu duen egoera.

Ez dakit estatua ote den utopiako munduan gizartea ganoraz uztartzeko behar den egitura, baina gerokoak geroko utzita argi daukat gaur gaurkoz, etzi etzikoz ere, euskaldunok Estatua behar dugula, izaten segitzeko. Are gehiago behar, bere oinarri guztietan merkatu ahalguztidunaren morroia den Europa horretan gure zirrikituak aurkitu, indarrez zabaldu eta hurbiltasunetik, aldaketarik aldaketa, bestelako erreferentzia soziopolitiko-ekonomikoak sortzeko apustua egin nahi badugu, barrura zein kanpora begira sortu ere; eta krisi garaian gehiago. Herrien Europa bidean urraska. Bidaideak ez dira gaur Europan faltan.

Estatua eta agintea. Aldaketarik inportanteenak, tamainaz eta hedapenaz, erabaki-guneetatik gauzatu behar dira, lekuz leku eta egunez egun gauzatzen diren hamaika aldaketon uztartzaile. Hortaz, agintea lortu behar du ezkerrak, kanpotik eta barrutik ari diren botere ekonomikoei aurre egiteko modukoa. Horren bidean eskaintza politiko osoa, sinesgarria, eskaini behar zaio euskal gizarteari gehiengo soziala gizendu eta mugiarazte aldera.

Apustuak apustu, euskal herrialdeetako aurreranzko eremu politikoa triangelu batez irudikatzen dut. Konstituzionalistak erpin batean, zezen-larruaren defentsan ezkerra-eskuina konfrontazioa bazter utzita. Abian den ezker soberanista beste erpin batean, Euskal Estatu bidean mugimendu independentista zabala esparru desberdinetan ezkerretik saretuz, bide honetan konfrontazio ideologikoa ezin baita bazter utzi, Euskal Estatua gaurko Estatuen status quoaren isla izan ez dadin. Eta nazionalistak beste erpinean, zentralitaterik ez duen erpinean, merkatu zabaleko erkidego honetako kudeaketa helburu.

Ezker soberanistaren erpineko bidaideek, direnak direla, badute burua bete lan, Estatu bidean enborrezko bide-orri politikoari sozialean, ekonomikoan eta ekologikoan ere bideak txertatu behar baitizkiote gutxienezko batzuen inguruan, eta gutxienezko gutxi batzuk baino gehiago behar dira bestelako gizarte-eredu baterako Estatu bidean. Beharbada, batzuek Euskaldunako dokumentua herren ikusi dute ezkerraren hankatik. Eta beharbada ere, horietariko batzuek ezin ezker curriculum oso argia erakutsi, orain artekoan behintzat, beste hainbaten legez honetan ere sutan jartzean probatzen baita zelakoa den norberaren eltzea. Tira, erpin horretako guztiek hartzen dute euren burua ezker, batzuek adjektiboa eta guztiz. Bada debaterako abiapuntua behinik behin! Borroka ideologikoa funtsezkoa delako, instituzionala eta herritarren aktibatzea beste. Adostasunetan elkarlana. Desadostasunetan elkar errespetua, orain artean izan direnak baino gehiago hemendik aurrera egin beharreko debate sakonetan argituko diren desadostasunetan.