Kevin Herediak estreinako nobela plazaratu du: Hor hago Kevin? Meettok argitaletxeak kaleratutako liburu horrekin eman du Herediak irakurle izatetik idazle izaterako behin betiko jauzia. Bizitza errealaren kronika bat da, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren froga garbia. Azken urteotan literaturari buruzko zutabeak idatzi ditu Kevin Herediak Berria egunkarian.
Baionako artxibo berriak orain arte Pauen zeuden Ipar Euskal Herriko hainbat eta hainbat dokumentu biltzen ditu. Zehazki, 2,5 kilometro dokumentu ekarri dituzte Biarnoko hiriburutik eta horrez gain beste herriko etxeetako eta erakundeetako funtsak ere biltzen hasiak dira.
Iban Zalduak Ipuinak. Antologia bat (Erein) liburua kaleratu du. Bertan, bere ipuinen artean “onenak edo esanguratsuenak” bildu ditu. Zalduak bere lehenengo liburua duela 20 urte kaleratu zuen eta euskaraz idatzitako lehena duela hamar. Xabier Mendiguren Elizegik, bestalde, gazteei zuzendutako 1.002. gaua (Pamiela) abentura liburua argitaratu du.