Amatiño
L’enfant terriblearenak: 1982ko urritik abendura bitartean prestatu genuen telebista-programazioa elebiduna izan zen. Urteberriko aurreneko saioak euskaraz zein gaztelaniaz izan ziren horregatik.
Urtarril hartan erabaki zen, ordea, ordurarteko esperientzia guztiek arras frogatzen zutela komunikabide elebidun denetan beti amaitzen zela gaztelania gailentzen euskararen kaltetan. Alegia, erdaldunek onartu lezaketen euskara-kopurua hutsaren hurrengoa dela euskaldunentzat, eta euskaldunek gutxienekotzat jotako euskara, aldiz, lar dela erdaldunentzat. Arrazoi soil bezain sakon honi esker sortu zen ETB1 elebakarra eta horregatik, hain zuzen, gaur arte iraun.
Orain, ostera, badira hainbat euskaltzale argi, aditu, jakitun, maisu eta ez dakit zer gehiago, euskararen gizarte-normaltzearen onetan komunikabide publiko elebidunen apustua egin nahi dutenak. Segurutik oso bizkorrak izango dira baina ez dute batere erantzukizunik, l'enfant terrible hutsak dira. Eman bai ideiak eta gero, errua, adituen proposamen onak kudeatzen ez omen dakiten politikoena izango da.