Mikel Unzurrunzaga “Makala” disko jartzaileak Berrian: "DJ batentzat, biniloa da txirrindulari batentzat bizikleta izan litekeena. Egia da, egun badaude beste formatu batzuk, eta denek balio dute. Nik ez daukat inolako arazorik nire saioetan musika digitala jartzeko. Hori bai, erositakoa, ez dut pirateatutako musikarik erabiltzen. Digitalean erosten baduzu, momentuan bertan daukazu zuk nahi duzuna, euro bat kantu baten truke, gutxi gorabehera. Horrek denbora asko kentzen dit hautaketa egiteko orduan, baina hor dago DJaren lana, bere errepertorioarentzat zein kantu den egokia jakitea".
Javier Echeverria filosofoak Deian: "Liburu elektronikoa ez da garatuko estandar europarrik ez dagoen bitartean; erosten dugun aparatua edozein izanik ere, argitaletxe guztien liburuak eskuragarri izan arte. Espainiako Estatutan gauza absurdua gertatzen da: argitaletxe bakoitzak bere estandarra aukeratzen du, guztiak dira desberdinak eta, ondorioz, egindako inbertsioa galdu egingo dute, bezerorik ez baitute izango. Instituzioen webguneetatik jaisten diren liburu elektronikoen sektorean guztiak ongi funtzionatzen du, estandarra ordenagailu guztietan dagoen PDFa den heinean".