argia.eus
INPRIMATU
Corellako adiskidea
Kike Diez de Ultzurrun 2013ko maiatzaren 02a
Kike Diez de Ultzurrun
Josu Santesteban
Antonio Catalan enpresaburu corellarra da, Miguel Sanzen adiskide mina, Zapateroren laguna eta Nafarroako eskuin ekonomikoaren ordezkari adierazgarrienetakoa. Iazko martxoaren hasieran, Diario de Navarra egunkarira telefonoz deitu eta agindu hau eman zien: “Egidazue elkarrizketa, heldu den igandean ateratzeko”. Catalanen hitz mamitsuak 2007ko martxoaren 4an, igandearekin, plazaratu ziren. “Izugarri gustatuko litzaidake UPNk PSNrekin hitzarmena egitea eta PPrekin erabat haustea. Oso kezkatua nago Nafarroarekin eta denok inplikatu behar dugu; ez soilik politikariek. Hau da, ez dut inola ere nire burua abertzaleen mendean ikusi nahi. Nafarren %51k euskalduna izan nahi badu, ni Pozuelo de Alarconera joanen naiz, nik nafar eta espainiarra izan nahi baitut; ez euskalduna”.

Hiru hilabete doi falta ziren Parlamentuko hauteskundeak egiteko eta Nafarroa Bai kezka-iturri zen nabarrista ororentzat; horrexegatik erran zuen hura guztia Catalanek. Bozketen ondotik, aukera izanik ere, nafar Gobernuan ez zen aldaketarik izan, PSOEk aginduta PSN Sanzen alde atera zelako. Egia erran, aldaketa hura gauzatzea ez zen kontu erraza, luza gabe ETAk tregoa hautsi baitzuen aldaketa berariaz eragozteko; Zarzuelak ere ez omen zuen aldaketa begi onez ikusten, beti oso “sentibera” izan delako nafarrei gerta dakiekeen kontu orotan; UGTko eta CCOOko nafar zuzendaritzak ere erabat kontra, pribilejioak eta diru-laguntzak galduko ote zituzten beldurrez, eta enpresaburuak zer erranik ez. Sanzek, orain, Nafarroako urrezko dominarekin saritu berri ditu enpresaburuak eta bi sindikatu leial, otzan eta zintzoak.

Iazko hauteskundeen ondotik, eskuin ekonomikoak eta Sanzek sozialistekin tratu iraunkorra egitearen ideia abiarazi zuten, NaBai guztiz bazterrean uzteko eta botereari eusteko, ohartu baitziren eskuina bera bakarrik ez zela gauza izanen gobernatzen jarraitzeko. Orain, Sanzek berak enkargatutako inkestaren ondotik, ikusi dute NaBai ez doala behera, aitzitik baizik; hortaz, ezinbestekoa iritzi diote sozialistekin tratua egiteari, eta hori jakina, ezinezkoa da Partidu Popularra UPN barrenean egonik. Horrexegatik hautsi du Sanzek PPrekin egina zuen hitzarmena, haien artean ez baitago inolako desberdintasun ideologikorik. Bi hilabetez aritu zaizkigu erraten Estatuko aurrekontu orokorren inguruko gorabeherek sorrarazi dutela haustura; hori aitzakia izan da eta, hein batean, antzerkia ere bai.

Eta bertzelako kontu batek azkartu omen du haustura. Sanz Nafarroako Aurrezki Kutxako presidentea da; hau da, Nafarroako diru-entitate nagusiko burua, eta haren begiko pertsona ari da Kutxa zuzentzen. Bada, krisia bazterrak gogor astintzen ari den honetan, Kutxa forala sos beharrean omen dabil eta halako toki pribilegiatua lortu nahi izan omen du, Zapateroren gobernutik dirua aise lortzeko. Kutxa, dagoenekoz, Espainiako Gobernuak egindako bi diru-banaketetan egon da, eta aunitzez ere handiagoak diren bertze entitate batzuei baino diru gehiago eman diote.

Oraingoz, beraz, Sanz sozialistekin elkar hartuta joanen da eta, aurrera begira, PSOEk erreka jotzen duenerako –eta lehenago edo geroago, joko du– eta PPk Moncloan sartzeko aukera duenerako, Barcina izanen da eskuina berriro elkartzeko bidea. Ez dirudi, beraz, Corellako adiskideak Pozuelo de Alarconera bizitzera joan beharko duenik; ez, behintzat, denbora puska batean.