argia.eus
INPRIMATU
Itsas hondoan jaioa, arrantzan iaioa
  • Aspaldi arrantzaleek gutxi estimatutakoa bazen ere, egun platerean itsasoan baino dezente hobe ezagutzen da. Haragi trinkoa du, bereziki isatsean.

Eneko Bachiller Otamendi 2024ko ekainaren 03a
Argazkia: Eneko Bachiller Otamendi.
Zapo zuria (Lophius piscatorius)

TALDEA: Ornoduna/Arraina.

NEURRIA: 20-30 cm (handienek > m1).

NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoko ekialdean eta Mediterraneoan, itsas hondoan, sakonera handitan (50-300 m).

ZER JATEN DU? Itsas-hondotako krustazeoak eta arrainak.

BABES MAILA: Ez dago babestua.

Buruak gorputzaren tamainaren erdia hartzen du luzeran, eta zabala eta zapala da –ezaguna egingo zaizu, arraina zuk erosi eta ondoren zoparako erabili izan baduzu bederen–. Gertutik begiratuta beldurtzeko moduko begirada du; gurea, ordea, bere ezpain azpitik atzematen zaion letagin zorrotzen ilarara zuzenduko da halabeharrez. Izan ere, itsas hondoetako krustazeo eta arrainak jaten ditu, eta horiek harrapatu, txikitu eta irensteko moldatutako aho handia du. Hain da handia, ezen aukera duenean bere gorputzaren tamainaren adinako harrapakinak arrantzatzen baititu. Arrantzatu, bai. Zapoak honetarako kainabera eta amua kopetan itsatsiak daramatza. “Ilizio” deitutako organo hori begi tartetik gorantz luzatzen da, eta muturrean argia igortzeko gaitasuna duten bakterioz betetako poltsatxoa du. Adartxoa gora eta behera mugituta, amu dirdiratsuak igerian dabilen mauka goxoaren itxura hartzen du, zapoaren aho parera gerturatuko diren harrapakinentzat. Arrantza-modu hori bereziki eraginkorra da ur sakonetako iluntasunean, zapoak hainbat metroko sakoneratatik (50–300 m) 2.500 metroko itsas hondo abisalera banatzen direla kontuan hartuta.

Munduan 200 zapo espezie daude. Gehienak sakonera handitako iluntasunean bizi dira eta beraz, oso ezezagunak. Arrandegietara iristen zaizkigunak, ordea, bi dira: zapo zuria (Lophius piscatorius) eta zapo beltza (L. budegassa). Bigarrena, haragi ilunagoarekin –azala ere bai, baina ez hainbeste–, askoren ustetan jateko hobea da; baina ez da hain ugaria eta beraz, garestiago ordaindu ohi da. Biek ala biek, normalean 30-50 cm inguru neurtu ohi dute. Hala ere, lehenago arrantzatzen ez baditugu, 20 urte izatera iritsi daitezke eta metrotik gorako zapo zuriak topatu izan dira: azkena 63 kilokoa, Bermeon.

Zapo zuri eme batek udaberrian erruten duenero, bere gorputzeko kilo bakoitzeko 80 mila arrautza errun ditzake. Horietatik oso gutxik biziraungo badute ere, lehen 100 egunetan itsaso zabalean (eremu pelagikoan) igerian aritu ondoren, itsas hondora hurbildu eta honen gainean igaroko dute bizi osoa. Horrela, gaztaroko igeriketa-abilezia ahaztuko balute bezala, zapo zuri eta beltz helduak nahiko baldarrak izango dira. Itsas-hondoarekin mimetizatu eta ia-ikusezin bilakatzeko, ordea, abilezia aparta garatuko dute.

Zapo emeak aipatu ditugu bereziki, izan ere, emeak soilik dira gure plateretara iristen zaizkigunak. Nola liteke? Zapo arrak emeak baino hamar bat aldiz txikiagoak izaten dira. Emea topatzen dutenean, sexuan beste ezertan pentsatzen jarri, eta burua galtzen dute. Arrak emearen sabelean koxk egin, eta itsatsita geratuko da, emearen elikagaiak xurgatzen. Une batean emearen gorputzarekin nahiz haren odol-fluxuarekin bat egingo du. Hortik aurrera, arrak begiak eta barne-organo guztiak galduko ditu; guztiak, barrabilak ez beste. Eme bakar batek sei ar itsatsi ere izan ditzake uneren batean, eta berak erabakiko du noiz errun, jada ernalduta askatuko dituen arrautzak. Beraz, ez izan zalantzarik, orain arte jan dituzun zapo denak emeak izan dira.

Egin atzera denboran, dinosauroak desagertu ziren garaira arte. Egin beste hainbeste atzera. Garai hartan ere, zapoak itsasoan zeuden. Eta badu haragiaren zaporeaz gain bestelako interesik ere; haren pankreatik erauzi zen lehen aldiz intsulina. Dinosauro bizia da. Gurean ordea, urte eta gutxira hartzen duten ano bakarreko tamainako aleak arrantzatzen dira, milaka. Zergatik? Erosten ditugulako. Platerean hobeto geratzen delako isats osoa.