argia.eus
INPRIMATU
Hasi da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa
  • Abenduaren 2a arte iraunen du Ahobizi-ak eta Belarriprest-ak protagonista dituen ekimenak. Antolatzaileek herritarrei gomita luzatu eta abiatzea ospatu zuten ostegun gauean Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko azaroaren 18a
Euskaraldiaren hasiera ospatzen, Bilbon (Argazkia: Aidory)

Euskaraldiaren hirugarren edizioa abiatu dute gaur milaka Ahobizi eta Belarriprest-ek eta abenduaren 2ra arte bete beharko dute ariketa soziolinguistikoa: euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz eginen du Ahobizi-ak –eta guztiekin lehen hitza euskaraz–, Belarriprest-ak galdetzen die euskara dakitenei berari euskaraz hitz egitea –berak ahal eta nahi duenean eginen die euskaraz–. Helburua: erroturik ditugun hizkuntza ohiturak aldatzea.

Entitateen barruan ere eragin nahi da, eta horretarako daude Argigune-ak: euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean.

Instituzioak, euskalgintza herritarra eta hiztunak batzea da Euskaraldiaren ezaugarrietariko bat eta aurten ere horrela antolatu dute. Horren isla, ostegunean Baionan emandako hasiera: ekimena antolatzen aritu diren hamarnaka herritar batu dira gaztetxean eta bertan izan dira Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariorde Antton Kurutxarri eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea ere. Berdin-berdin, Bilboko ekitaldian izan da Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearekin batera. Horrez gain, Donostian, Iruñean eta Gasteizen ere elkartu dira besta giroan emateko hirugarren edizioari hasiera.

Herritarren garrantzia azpimarratu dute Iruñean: "Euskaraldia elkarlanean egiten den egitasmo erraldoia da, baina zuek zarete herrietan, bailaretan, eskualdeetan eta auzoetan euskarari hauspoa ematen diozuenak", Nafarroan Euskaraldiaren koordinatzaile Iñaki Sagardoiren hitzetan.