argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako azpikontrata Care4chronics enpresaren lan baldintza “penagarriak” salatu dituzte
  • Care4chronics arduratzen da Espainiako Estatuko patologia kronikoak eta larrialdiak dituzten pazienteak etxez etxe artatzeaz. Duela 10 urtetatik lan egiten dute Osakidetzako azpikontrata gisa. eta langile gehienak atzerritarrak dira. Medikuek salatu dute “lan baldintza kaskarrak” direla eta oinarrizko eskubideak urratzen dizkietela.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 20a

Care4chronics Osakidetzako azpikontrataren lan baldintza penagarriak eta oinarrizko eskubideen urraketa salatu dituzte bertako langileek. Langile batzuk duela hamar urtetatik daude enpresan eta beste batzuk hasi berriak dira.

Care4chronics-en langile batek –bere identitatea gordetzea nahiago du– ARGIAri emandako informazioaren arabera, langile gehienak atzerritarrak dira, Euskal Herrian jaiotako medikuek ezagutzen dituztenez enpresaren "lan baldintza kaskarrak" eta "lan eskubide urraketak" sarri ez dituztelako onartzen hainbat lan postu. Kontratatzerako unean lan baldintza onak eskaintzen dizkietela, baina lanean hastean gertatzen denaz ohartzen direla dio.

Care4chronics enpresak askotariko kontratu motak egiten baditu ere, ohikoena bat dela azaldu du langileak: 1.720 orduko lanaldia urtean gauak, asteburuak eta jai egunak barne. 40.000 euro gordin kobratzen dituztela dio, horietatik 5.000 euro mugikortasunera bideratutakoak. Gastuei aurre egiteko ezintasuna salatu du, izan ere, diru kantitate horrek guztiak etxez etxe mugitzeko gastuak barnebiltzen ditu, bertan lo egitekotan ostatuak ere bai, baita beharrezkoak diren otordu guztiak ere.

Ahalik eta modu eraginkorrenean lan egiteko jarraibide falta ere azpimarratu du: "Kanpokoak garela jakinda ere, ez digute eremu geografikoa erakusten, ezta nola bidaiatu gaitezken alde batetik bestera ere". Horretaz gain, erabiltzen dituzten baliabide eta tresnen inguruko formakuntzarik ez dietela ematen salatu du. Gainera, gertakari larririk gertatzekotan (lan istripua, esaterako) jarraibiderik ez dutela azpimarratu du.

Jazarpena ere salatu du: "Badakigu sindikatuetan parte hartzen dugunon inguruko informazioa biltzen ari direla, ondoren enpresatik kanporatuak izateko. Horregatik, oinarrizko eskubidea den sindikatzeko eskubidea urratzen ari dela uste dugu”.

Egoeraren erantzuleak

“Care4chronics eta Osakidetza dira egoeraren arduradun nagusiak; batek, neurriz kanpoko kontratuak sinatzera behartzen gaitu; besteak, ez du egiaztatzen zein lan baldintzetan lan egiten duten azpikontratatutako langileek”, argitu du.

Horren aurrean zer?

Egoerari aurre egiteko antolatzen saiatu direla dio, eta batez ere, Care4chronics enpresari eta Eusko Jaurlaritzari eskaerak egiteko. Dena dela, “garrantzia kendu” eta “jaramonik” egin ez izana salatu du.

Baldintzak hobetzeko proposamenak egin ditu: “Gure ustez, lan baldintzei begirada bat eman beharko lieke, eta legez kanpoko neurriak albo batera utzi: legeari atxikitzen ez diren ordainketak, etxe bakoitzeko bizigarritasun egoerak, oporretarako eskubidea, ordutegien desordena, erizainen laguntza...”.