PORTUGALETE
Portu kasu bitxia da; batetik, sei kilometro karratutan
50.000 pertsonatik gora bizitzeak, imajina dezakezuenez, herrian
sekulako giro eta animazioa sortzen duelako, eta bestetik, nahiz
eta ezkerraldean kokatua egon, langile baino burges kutsu handiagoa
izan duelako betidanik.
Gaur egun, Portugaletek pozik eskaintzen ditu bere alde zahar gogoragarria,
Nerbioi ondoko pasealeku polita, eta batez ere, honen gaineko Bizkaia
edota Zintzilikako Zubia, Bizkaia osoko siluetarik ezagunenetarikoa
eta portugaletetarrak harrotzeko arrazoi nagusia.
LABURPEN HISTORIKOA
Nahiz eta herri gisa lehenagotik egon, hiri gisa 1322an fundatu
zen, Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak luzatutako foruari esker.
Hortik aurrera, erdi aroaren amaiera aldera (XIV.-XV. mendeak) Euskal
Herriko beste leku askotan bezala, sendien arteko borroken gorabeherek
eragin nabarmena izan zuten bertan. Portugaleteko kasuan Salazar
sendia aipatu behar dugu, 1379an izen hori daraman dorretxea eraiki
zutenen sendia, hain zuzen ere.
Bitartean, itsasadarraren ondoko gotorleku gisa sortutako hiria
merkataritza eta industrian murgiltzen hasiko da, eta XVI. mendean,
gaur arte iraun duen garapen ekonomiko eta demografikoa hasi zen.
Hirugarren Karlistadan (1871-75) hiriaren setioa eta zapalkuntza
jasan ondoren, bizkortu egin zen bere modernizazioa, trenbidea,
zubi ospetsua eta beste hainbat eraikin inauguratuz.
Urte horietan Portugalete modan jarri zen burgesiaren artean, hondartza
eta bainuetxearengatik batik bat, eta gaur berau edertzen duten
eraikinetako asko egin ziren. Mende honen bigarren erdian berriz,
ondoko guneetako industrializazioak eraginda, hiriak sekulako hazkunde
demografikoa ezagutuko du, Euskal Herriko Hong-Kong txikia
dei genezakeena bihurtzeraino.
IKUSTEKOAK
Santurtzi eta Portugalete lotzen dituen Nautika Eskolatik hasita,
820 metro neurtzen dituen burdinazko kaia dugu, Abraren uretan barneratzen
dena. Itsas haizeaz gozatzeko leku egoki honetan kainaberadun arrantzale
bat baino gehiago ikusiko duzue.
Erdigunerantz aldiz, Txurruka Kaia hasten da, portuko lanak zuzendu
zituen ingeniariaren omenez. Bere gainean XIX.-XX.eko etxe burges
ederrak altxatzen dira. Halere, bertatik paseatzen hasi aurretik
eskuinean dugun Areilza Doktorearen Parkean sar gaitezke.
Txurruka Kaiaren erdian hiri honetako sinboloa hasten da, itsasadarra
zeharkatzen duen Bizkaia Zubia ospetsua. 1893an eraikia, munduan
bere moduko lehenengoa izan zen, hots, era honetako lehenengo zintzilikako
zubia (gaur egun bederatzi daude soilik), itsasontzi handiak pasatu
beharrak ez baitzuen zubi arrunta egiteko aukerarik uzten. Burdinazko
eraikin harrigarri honek ibaiaren 160 metroak lotzeko sistemarik
erabiliena izaten jarraitzen du, eta bere interesagatik, Gizateriaren
Ondare izendatu dute.
Zubia igaro eta laster Orubearen Plaza (Plaza del Solar) ederrera
iritsiko gara, herriaren erdigunea markatzen duen zabalgunea.
Plazan bertan, estilo-nahasketa nabaria erakusten duen mende hasierako
Musika Kiosko ikusgarria ageri zaigu. Plazaren erdi-erdian, berriz,
Victor Txabarriri eskainitako monumentua altxatzen da, XIX. mende
amaierako euskal ekonomia eta politikagintzan eragin handia izan
zuen portugaletetarraren oroimenean.
Enparantza edertzen laguntzen duten beste bi eraikinak 1884ko Udaletxe
barroko-neoklasikoa (arkupeduna eta tonu urdinetan margotua dagoenez
oso ikusgarria geratzen dena), eta estilo kolonialean (beste batzuentzat
neoklasikoan) egindako Hotela dira. Azken hau mende hasierako Bizkaiko
aristokraziaren topagune zen. Azkenik, Udaletxearen alboan, Santa
Maria eta Salcedo kaleen kantoian, Portugaleteko urrezko garaiko
beste eraikin ikusgarri pare bat ikusiko dugu, plaza ederrari amaiera
ezin hobea emanez.
Salcedotik jarraitu eta Iturrizar kalean ezkerretara joz Santa
Klara Komentura iritsiko gara. Bertan Berpizkunde-plateresko estiloetako
kanpandorrea azpimarra dezakegu. Hiriko beste tenplu erlijioso nagusira
joateko, aldiz, bide beretik itzultzea eta Santa Maria kale aldapatsua
igotzea gomendatzen dizuegu, horrela Portuko kalerik
girotsuenetarikoa ezagutuko duzue-eta. Kale honetan bertan, lehenbizi
topatuko duzuena Salazar Dorretxea izango da, 1379. urtean egina
eta 1934an berreraikia.
Itsasadarra behatzeko begiratoki aparta den inguru honetan antzinako
harresien zatitxo bat ere ikusiko duzue, erdi puntuko arku bat eta
guzti. Ondoan dagoen Santa Maria Basilika hiriko eraikin historikorik
garrantzitsuena da. Gotiko-Berpizkunde arteko estiloan egina, gurutze
latindarreko hiru nabe ditu. Barruan zutabeak, triforioa, gurutzeriako
sabaia eta erretaula nagusia nabarmentzen dira. Azkenik, bisitaldia
La Canilla Pasealekuan buka dezakegu, lau urtaroak irudikatzen dituzten
estatuen inguruan.
Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Bizkaia
14 km.
35 m.
53.699
%11
6 km2
8.951 bizt./km2
San Antonio (ekainak 13)
San Roque (abuztuak 16)
San Nikolas (urriak 9) |
GETXO
Getxok Nerbioi itsasadarraren hasierako eskuinaldea betetzen du,
eta Bilbotik kilometro gutxira dagoenez, iazko mendetik bertako
egoitza-auzorik ezagunena bihurtu da. Izan ere, XIXtik
aurrera eta batik bat XX.aren hasieran Getxo jauregiz eta etxe ederrez
betetzen hasi zen, batez ere Neguri aldea, hiri hau Bizkaiko dotoreenetakoa
bihurtuz.
FISONOMIA ETA HISTORIA
Getxo nortasun propioa eta berezia duten auzotan banatuta dagoela
esan behar da: Areeta (Bilbotik hurbilena), alboan Erromo, Neguri
aberatsa, Algorta (hiriko erdigunea) eta Andre Maria (sorburua).
Harantzago Galea lurmuturra dugu.
Hiria Andre Mariaren Monasterioaren inguruan (XII.az geroztik parrokia)
sortu zen, eta nekazariz eta arrantzalez populatua egon da. Bilboko
portuaren jarduerak ugaritzearekin batera, Algortako auzunea ere
garatzen eta indartzen joango da, Andre Maria 1779an berreraikitzen
zuten bitartean. XIX.etik aurrera turismoa agertuko da, eta horrekin
batera, uda pasatzeko bigarren etxeak eraikitzen hasiko da burgesia.
Horrela, askok Getxo aukeratuko dute.
Areetako auzunea sortzeak horretan lagundu zuen, bertan txaletak
eta udako etxeak altxatu zirelako. Era berean, komunikazioak ere
hobetu egin ziren (Bizkaia Zubia 1893an inauguratu zen). Portua
handitzean, Areetako hondartza desagertu eta bainu-zonaldea ere
lekuz aldatuko da, oraingo honetan Neguriko auzo dotorea jaioz.
IKUSTEKOAK
Bizkaia Zubiak Nerbioi itsasadarraren bi aldeak lotzen ditu, Portugalete
eta Areeta hain zuzen. 1893an egina, munduko lehen zintzilikako
zubia izan zen, eta itsasontziei oztoporik jarriko ez zien lotura
bat eraikitzeko arazoa konpondu zuen. Zubiko Enparantza atseginetik
ezkerrerantz, Areetako Etorbidearen erdian Andre Mari Mesedeetakoaren
eliza dugu, bertan Euskal Autonomia Elkarteko organorik handiena
dugula.
Nerbioirantz itzuliz, berau amaitzen den ertzean, Txurrukaren omenez
egindako Oroigarri handi eta ikusgarria agertzen zaigu; kanpoaldeko
portua birmoldatu zuen gizonari eskainia, lurraren eta itsasoaren
arteko borroka irudikatu nahi du. Bertatik hasten den hondartza
gaineko pasealekuan zehar, edota atzeko Zugazarte kalean zehar,
estilo ezberdinetako etxe eta jauregi ederren artean ibiltzen hasiko
gara: Itxas-Begi, Bake Eder...
Hala ere, hoberena Negurira ailegatzean topatuko dugu, batez ere
Arriluze Pasealekuaren gainean dugun jauregi zoragarrien bilduma:
Eguzki Alde (Asuako kaminoarekiko kantoian, 1918koa), eta bata bestearen
ondoan, Lezama Legizamon (lorategiekin batera osotasun zoragarria,
leku ezin hobean), Aizgoyen eta Arriluze.
Pasealekua amaitzean harresiak eta Naufragos Etxe-itsasargi bitxia
(arkuen gainetik sortzen den baserri modukoa) ditugu, Ereaga hondartza
hasten den lekuan. Puntu honetan Kirol Portuaren ondotik, Abra Badiaren
erdi-erdian dagoen itsasargiraino ailegatu gaitezke.
Honen erdian dagoen Ereagako Jaispidetik igo eta Algortako Etorbidean
ezkerretara eginez, Algorta auzoan dagoen Udaletxe aldera iritsiko
gara. Urre koloreko hondar harlanduz eginiko eraikin honen ezkerrean
Loiolako San Inazioren eliza neorromantikoa eta eskuinean ingeles
estiloko Santa Klara Jauregi eder-ederra aurkituko ditugu.
San Inazioren azpian jaiotzen den Miramar kalea hartuz (oso bista
politak dituena), Maria Kristina Parkea igaro eta handik gutxira,
Algortako Portu Zaharrera jaitsi ahal izango gara. Portu Zahar honen
kaletxo estu eta aldapatsuak arrantzale-etxe zurixka eta atseginen
artean doaz beherantz, Getxo ezberdin bat erakutsiz.
Alboan dugun Usategi Parketik berriz ere San Nicolas (neoklasikoa)
eta Aita Trinitarien (erromaniko itxurakoa) elizetaraino igo gaitezke,
eta bertan ezker aldetik, Arrigunaga hondartzaraino jaitsi. Honen
eskuinean Galea muturraren labar zurixkak eta zoragarriak ditugu
ikusgai. Andre Mari eliza labarren hasieratik gertu dago. Gaur egun
ikusiko duguna batik bat XVII.eko erromanikoa da, baina XII.eko
antzinako tenpluaren hondar batzuk gordetzen ditu. Bertatik hurbil,
Aingeru Jagolearen baseliza dugu.
GALEAKO MUTURRA
Abiapuntuan, Andre Maritik hurbil eta labarren gainetik gailentzen
dela, Aixerrota dugu, XVIII. mendean altxatu eta gaur luxuzko jatetxe
dena. Labarraren gainetik doan bidezidorretako bat hartuz, Abra,
Portua eta Ezkerraldeko zein Eskuinaldeko ikustaldi paregabeez gozatzeko
aukera izango dugu, paisaia industriala eta naturalaren nahasketa
behatzeko aukera.
Bidearen azkenaldera Printzearen Gaztelua edo Gotorleku Zaharra
geratzen da. Tamalez, XVIII. mendeko eraikin-multzo interesgarri
hau (harresiak, luebakia, zubi altxagarria eta dorre biribila) egoera
negargarrian dago.
AIZKORRI HONDARTZA
Galea lur muturrean bertan dugun aparkalekutik (ikus ibilbidea),
oinezkoentzat prestaturik dagoen Galeako Bidea hasten da (harrizko
baldosaz egina dago), laua eta oso erraza. Hala ere, guk nahiago
dugu jendearen ibilian ibiliaz sortzen joan diren bidezidorrei jarraitu,
labarretatik edo erlaitzetik hurbilago goazelako, eta beraz, bistak
are zoragarriagoak izango direlako. Itsaso zabala ezkerrean dugula,
gehienez ordu erdira, Aizkorri hondartza edo kalaren goialderaino
iritsiko gara.
Euskal Herrian merezi duena baino askoz ezezagunagoa den hondartza
basati honek lehenengoz ikustean txundituta utziko zaituzte. Eta
itsasbeheran teatro natural erraldoi hau bisitatzeko aukera baduzue,
itzultzeko irrikitan egongo zarete.
Gogorik izanez gero, uretaraino bidezidor batetik jaisteko aukera
dago, eta berriz ere igo ostean, gure ibilera Sopelaraino luza dezakegu,
Gorrondatxe eta Barinatxe (Basatia) hondartzak bisitatuz.
Edo bestela, labarren gainean eseri, mugarik gabeko itsasoari begira
olatuen zurrumurrua entzun eta gure kostaldeko beste mirari horietako
bat behatuz, minutuak eta orduak pasatzen utzi ditzakegu...
Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Bizkaia
15 km.
51 m.
83.461
%19
12 km2
6.955 bizt./km2
Jazzaldia (uztaila)
San Inazio (uztailak 31)
Portu Zaharra (abuztuak 10)
Andra Mari (abuztuak 15)
Folk Jaialdia (irailean)
Areeta (irailak 24) |
|