Hutsunearen soinuak berba egin zuenekoa


2024ko uztailaren 30an - 16:35
Ilustrazioa: Shu Otero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hasi aurreko oharra: Hemen kontatzen den istorio hau errealitatean oinarritutakoa da. Sormen prozesu baten ondorioz fikzionatuta daude zati batzuk. Dena dela, memoria historikoaren alde, ageri diren izen-abizenak eta bestelako datuak egiazkoak dira.

Azala izerdiz blai du erditzear den emakumeak. Indarka ari da: minari eusten, umeari eusten, biziari eusten. Julia Amesti da. 1937ko martxoaren 31ko goiza. Ermuko Orbe Kardinala izeneko plazan dagoen etxe batean. Lehenengo solairu batean dago etxea, denetarik saltzen duten denda baten gainean. Gerora, eta orduan jakingo ez bazuten ere, hasi berri zen gerra latz hura besteko gerraoste latzean errazionamendu-liburuxkarekin joango ziren hara bertara. Txokolatea ere ematen zutela gogoan du bateron batek.

Bederatzi bat hilabeteko egotaldiaren ondoren mundua arnastu gura du Juliaren sabel barruan den Agurtzane Salaberria Amestik. Nahi baino, behar du. Nahitasuna kontzientziari lotuegia baita oraindik bere buruari aurpegirik jartzen ez dion izaki bati atxikitzeko. Izenak izana berez emango badio ere, urteen poderioz egingo du izena izanaren parte. Beste guztion antzera, esan gabe doa. Instintu hutsez jokatu du denbora batez, sabelera iristen zitzaizkion elikagaiak hartuz. Behin munduratuta, izenak izana eman artean edo, are, izana izenari atxiki baino lehen denik ere ez dakiena izango da. Harean-harean hizkuntza, pentsamendua eta borondatea garatuko ditu. Beste guztion antzera, esan gabe doa. Pentsatzen hasiz gero, bizi-zikloak hain ezberdinak ere ez dira gu guztiongan. Ziklo horietan gertatzen diren esperientzia eta moldaera guztiek egiten gaituzte garen hori. Agurtzane, beste kontu askoren artean, jaio zen egunak egin du. Jaio zen egunaren gainean gordetzen duen akorduak, kontatu diotenak, kontatzen duenak. Gorpuzten duen bizipen horrek.

Agurtzanek berak kontua kontatu zuenetik hura burutik kendu ezinik dabil Ines. Denera jarraitzen dio, beharrera, entrenamendura, parrandara. Garrantzia edo buruhauste handiegirik eman ez arren presentzia egundo galtzen ez duten kontuen antzera. Hortxe daude, uste ez ditugunean ere. Inesek jakin badaki egundo entzun duen konturik hunkigarriena dela. Munduak baditu bizipen emozionante pila bat, bihotz altxagarri diren istorioak eta desesperantzara abailtzen gaituztenak. Baina berari huraxe gelditu zaio. Irakurzalea da, Agurtzaneren beraren antzera. Zaletasun horren aitzakian ezagutuko dute elkar Inesek eta Agurtzanek. Afizio horrek elkartu izanak ahalbidetuko du historiaren transmisioa. Afektua garatuko da, beste ezeren gainetik. Elkarrenganako miresmen eta hunkidura. Horrexek jarraituko dio Inesi, testu hau idaztera eraman duen historia txikiak bezala.

Igerilekuan murgildu da Ines. Hamaika kezka ditu buruan. Haien artean, baina, presentziarik galdu ezin duen kontu hori du nonbait atxikia, gorputzean oihartzuna eragiten dio. Kokots pareraino hondoratuta dago. Begiak itxi eta burua igerilekuan murgilduko du, eta artean mundurik arnastu gabea zen sasoia etorriko zaio gogora. Sumatu egingo du, oso ondo zer den jakingo ez duen zera bat. Uretan burua sartu, begiak itxi eta hutsaren soinua entzuten du. Bai, hutsak badu soinua, eta ez da isiltasuna. Hutsaren soinua hegazkinetako komunetan egoten da, kobazuloetan eta igogailuko hutsuneetan. Hutsaren soinua urpean ere igartzen da.

Pentsamenduak ihesi doaz, norabait. Ezin ditu harrapatu, ezta nahi ere. Horrexetara etortzen da igerilekura: ihes egiteko bere modua da. Ihes egin lanaren estresetik, hari batetik dingilizka dagoen harremanetik, autonomo-kuotatik, lagunaren mezutik, txakurraren kaka egin beharretik, hiriko zurrunbilotik eta kortako sahats usainetik, ordaindu gabeko isunetik, institutuko kide ohiekin egin beharreko bazkaritik, joan nahi ez arren joan behar duen despedida txatxu horietako batetik, etxe-jabeari komuna hondatu dela esan beharretik, osteguneko pintxopotetik eta igandeko derrigorrezko biharamunetik, gasolinaren garestitzetik eta soldataren jaitsieratik. Ihes egin nahi kontu guztietatik ezer galdu nahi barik. Zerbaitekiko konpromisoa hartzeko ezintasuna eta joaten uztearen beldurra. Zurekin ez, zu gabe are gutxiago. Ihes egin norbere buruarengandik. Ihes egin norbere gorputzarengandik. STOP!

Ilustrazioa: Shu Otero

Birikak hasi dira aire eskean, eta azken oxigeno hondarrak kanporatzearekin batera gorputza hondoratu da hanka puntarekin igerilekuko baldosa prosaikoa ukitzeraino. Nahita ere ezin ihes egin gorputzetik. Tupustean atera du burua, eta bizitza berriro arnasteak edozein izakiri dakarkion lasaitasuna ekarri dio. Bizidunak bizi egin behar baitu, beste ezeren gainetik. Igerilekuko ertzean bermatu ditu ukondoak. Hantxe dago, ezerezari begira, lelo-bueltak ematen dituen lau orratzeko erlojuari begira. Ulertzen ez duen ziklo bat, adierazten duena batere erabilgarri ez zaiona. Erloju klasiko erraldoi bat du ondoan, uretan egon arren, beste dimentsio batera pasa arren, igerilariek ez dezaten ahaztu hor kanpoan mundu baten denbora ezarriek estutuko dietela lepoa, emango diotela zentzua beraien bizierei. Erlojuak erloju, uraren lasaitasuna behar du berak. Itsasokoa udan, kloro usainez betetakoa neguan. Sekula pentsatuko ez bazuen ere beharrezko behar bat bihurtu zaio etortzen hasi zenetik. Zenbat eta gehiago etorri, orduan eta gogo handiagoa. “Batzuk terapiara joaten dira, ba nik urari bere bidea egiten uzten diot” pentsatzen du halako nagusitasun moral kutsu bat gainetik kendu ezinda. Uretan hondoratuta dagoela, 1937ko martxoaren 31ko kontakizunera joan zaio burua berriro. Joan zaio edo pentsamendua etorri da, azaleratu da, itsaspean egon eta inork ikusten ez dituen arren, mareak behea jotzen duenean agerian geratzen diren alga horien antzera. Bizidun guztien bizitzak alga horiengandik hainbesteko distantzia ontologikorik ere ez du, azken batean. Agurtzanek kontatu zionak hartu berri dio gorputza Inesi, eta egun hartantxe bertan, Ermuko plaza hartako lehenengo solairuan, amaren sabeletik bultzaka ari zela Agurtzanek sentitu bide zuen hutsaren pareko zerbait usnatu duela sinistu gura du.

Gorputza airez bete eta berriz murgildu da Ines. Eta orduantxe sumatu du. Egundo esaten asmatuko ez lukeen zera hori. Bere egoerarik primitiboenera itzuli da, bere errorik errokoenera. Antzeman ahal izan dio, agian eta soilik agian, horrelako zerbait izango dela jaio aurretik sabel baten barruan egotea. Hutsa entzuten, uraren antzeko masa mugikor batean egonean egoten. Bihozkada bat izan da. Ez du beharrik burua uretatik atera eta hura hitzetan jartzeko. Goxo dago, eroso, benetan ihes egin balu bezala. Ihes gauza guztietatik eta ihes norbere buruaren kontzientziatik. Ihes norbere gorputzean egotetik, beste baten gorputzean egoteko. Batean bi izan. Batean bi izan erdibitu arte.

*   *   *

Izerditutako azala trapu umelez igurzten dio ondoan duen emakumeak. Viviana da, Juliaren ama, Agurtzaneren amama. Vivianak laguntzen dio Juliari Agurtzane munduratzen. Hiru belaunaldi, etxe xume batean, historian odol gorriz markatuko den egun batean. Goizeko lehen izpiek zidartzen diote azala Juliari; beroa eta argia eman gura dizkio jaiotzear den egun berriak munduratzear den umeari. Bat-batean, ordea, itzalpean geratu da etxea eta zarata ikaragarri bat gero eta hurrago entzuten da. Oztopo bat, objektu opako bat, eguzkiaren eta jaiotzaren arteko hartu-emana eten gura duena, maitale jeloskor batek maitatuaren askatasunaz egin ohi duen bezala. Bonba-hegazkinak bistaratzen dira zeruan, bata bestearen atzetik. Agurtzanek, urte batzuk geroago kontatuko zien Ines eta besteei, uste zuela hirunaka etorri zirela hegazkinak, bederatzi izango zirela. Ez dakiela ziur dio, agian ez dela horrela izango. Beste batzuek idatziko dute zehaztasunez betetako historia, baina Agurtzanek kontatzen du sekula oroitu ezingo duen momentu hura. Oroitu ez, baina bizi izan zuen. Bere ama Juliak kontatu zion berari, eta berak kontatu zion Inesi, eta Inesek kontatzen dizu zuri.

Sirena-hotsak, jendea herio batean korrika, oihuak, negarrak, noraeza. Umea sabeletik bultzaka, azala blai, lasaitzea ia ezinezko den bihotz baten gainean esku bi. Besterik gabe pasa daitezke metalezko txori erraldoiak. Besterik gabe suntsitu dezakete parean harrapatzen duten guztia ere. Umea jaiotzear, emakumea erditzear, hegazkinak pasatzear.

Dena gertatzear baina gertatzeke.

*   *   *

Patxadan atera du burua Inesek igerileku txikiko ur-epeletatik. Bihozkada oraindik barruan joka. Ez daki zerk, baina zerbaitek hunkitu du. Akordatzea ezinezkoa den akordu batek. Gorputzak memoria du. Gorputzean kodifikatu zaio bederatzi hilabetez sumatu izan zuena: hementxe, urte mordo bat geroago, harreman frakasatu bat baino gehiago bizkarrean, zorrak bankuan, poz txiki-handiak sarritan eta hamaika kontratu prekarioren zama gainean duela, pribilegioen zerrenda beste batzuen aurrean luzatzen zaiola, hementxe sentitu du zenik ere ez zekien aro baten bihozkada. Mistikoegiak dira terapiara doazen lagunak; erromantikoegiak eguneroko borroketan militatzen ez dutenak. Bera ez da, inolaz ere, jende klase hori. Baina lagunei egindako kritikak eztanda egin dio aurpegian, eta inoizko mistizismorik handienarekin sentitu du konexio espirituala. Inoizko erromantizismo handienaz zuzendu ditu pentsamenduak bere jaio aurreko hutsune hartara. Eta berriz oroitu da Agurtzaneren historiaz. Nola esaten zuen batzuk jaiotzen ari zirela hil zituztela beste batzuk.

*   *   *

1937ko martxoaren 31. Herri oso baten zauriak badu data zehatza, Agurtzaneren jaiotzak ere bai. Dena gertatzeke zen une hartantxe, Julia izerditan zegoenean, Viviana ondoan trapu batekin. Agurtzaneren aita izango zen Modesto Salaberria behean, medikuaren zain. Modestok berak desagertu egin beharko zuen gero urte batzuetarako. Izana ematen zion izenak pisu handiegia hartu izan balu bezala. Donostian egon ei zen hasieran, Frantzia aldean gero. Ba omen daude Juliaren eta Modestoren arteko harreman epistolarraren testigu material batzuk. Maitasunak, batzuetan, badaki isilpean bidea egiten ere.

Ermuko plazan zain zegoen aita izango zen Modesto. Agurtzane alaba munduratzen lagunduko zuen medikuaren zain. Medikua iritsi orduko jaio zen umea, baina. Juliak, hegazkinak sumatu orduko, bere ama Vivianari sekula entzun litekeen agindurik zorrotz, hunkigarri eta indartsuena eman zion:

– “Agudo! Ireki etxeko txorrota guztiak, umeak entzuten duen lehenengo soinua ezin da bonben hotsa izan!”.

Laurogeita zazpi urtean zentzurik galdu ez eta are indartsuagoa bilakatu den mezu bat.

Hegazkinen gortzeko moduko zarata, bonben txistu sarkorra, bolbora usaina eta asfaltoa odoletan. Erditu du emakumeak, arnastu du mundu miserablea umeak. Salbu dira denak. Kilometro gutxi batzuetara salbatzetik urrun geratu dira hainbat. Bonba-hegazkinek txikitu dute Elorrio lehenengo eta Durango gero. Agurtzanek ezin dio errepikatzeari utzi, “batzuk jaiotzen eta beste batzuk hiltzen”. Badira oroitu ezin ditugun arren sekula ahazten ez diren oroitzapen batzuk. Gorputzean iltzatzen direlako, betikotzen direlako.

Juliak jarri zizkion berbak Agurtzaneren jaiotzari. Jakiteko eskubidea zuen, zer gutxiago. Halako maitasun ekintza iraultzailerik. Agurtzanek Ines eta lagunei kontatzen die bere bizipena, eta Inesek zuri, irakurle, geure baitagokigu entzungor  ez egitea. Existitu dadin, iraun dezan, hunkitu gaitezen.

*   *   *

Bakean atera da Ines gaur ere igerilekutik. Gorputzeko tentsioak arinduta, burua zolituta, birikak arnasberrituta. Bakean, atzera ere abaila batean etorritako bizitza hiperestimulatu, hiperproduktibo eta hiperzoriontsu batek irentsi dezan utzi arte. Barruek gainezka egitean berriz etorriko da kiroldegira, eta berriz kontu berdina. Norberak zorabiatzeraino gurpil zoroa bera ere.

Ez daki nori eman beharko lizkiokeen eskerrak halako bizipenik gorpuztu ez duelako. Bonben hotsak tapatzea maitasun ekintza izugarria da, baina ezin dugu ahaztu bonba-hegazkinak gainetik pasa izana suposatzen duela horrek, bazterrak txikiziora kondenatu zirela eta jendea hil egin zela. Umeak, mojak, gurasoak, kortako behia, agureak, neska gazteak, identifikatu ezinak.

Beste garai batean jaio da Ines, eta memoria historikoaren lanari esker daki gertatutakoaren berri. Agurtzaneren kontakizunari esker daki letra larriz idatzitako historiaren baitan badaudela kontu txiki asko, bizipen berezi eta hunkigarri mordo galanta.

Ilustrazioa: Shu Otero

Agian, bonba-hotsik sekula entzun behar izan ez duelako gai da igerilekuan murgildu eta hutsaren soinua entzuteko.

*   *   *

Udaberriko goizak iratzarri du Durango. Martxoko azken eguna da eta neguko eguzki zuria ahaztu du honezkero. Leihoko gortina artetik eguzkiak lekua egin nahi du, bizidunei, gauzei eta haietan pilatutako hautsari argia eman guran. Poza ere eman ohi du eguzkiak, eta alegrantziaz begiratzen die Agurtzanek leihoko geranioei. Kurutziagatik Andra Marira bidean ziren ehiza-hegazkinekin oroitu da, ia nahigabe, ahaztu nahi ez baino ahaztu behar ez den sasoira joan zaio burua. Batetik besterako marran konturatu orduko hasiko ziren bonbak beheranzko erorketa suntsitzailean. Bera orduan Ermuan zegoen, amaren alutik ateratzear. Batzuk jaio eta beste batzuk erail. Durangon bizi da orain Agurtzane, bera jaio zen egunean hainbat eta hainbat lagun hil zituzten herrian. Patuaren jolasa dirudi. Izan, baina, errealitatearen zilipurdi bat da. Familiak Iurretara ekarri zuen zeukan tailerra, eta horregatik bizi da Agurtzane egun Durangon.

Zoli du burua, eta ez du ez ahazteko bere jaiotzaren egunean amak amamari eginarazi ziona, gero amak berak berari kontatua. Ez du ahazteko eta ez du isiltzeko. Ez dezagun ba guk ere isiltzen utzi. Mareak behea jotzen duenean algak azaltzen dira. Hala ere, batzuetan, alga horietako batzuk deserrotu egiten dira. Egoten dira hondarrari helduta, erroak hareatzan sartuta, kanpoan geratzen zaien zatia urak noraezean bezala darabilen bitartean. Batzuetan baina, jakin gabe oso ondo zergatik, deserrotzen dira, askatzen zaizkie zuztarrak eta itsasoan galtzen dira. Jakin gabe oso ondo non eta noiz arte irauten duten.

Guk ere, belarriak zorrozten ditugunean, esperientzia hunkigarrien konplize izan gaitezke, entzuteko gertu bagaude behintzat. Itsaspeko algen antzera azaleratzen dira. Baina, alga horien beraien antzera galdu ere egiten dira, halaxe baita bizitzaren legea. Eta, bat-batean, esperientzia hunkigarriren bat edo beste bizi duenak jaiotze data eta heriotza data bat dauzka, bizitza hasi bezala amaitzen delako. Bi daten arteko marratxo bat nahikoa al da bizitza oso bat kontatzeko? Marratxo hori zenbateraino sakondu, luzatu eta mimatu, horixe da kontua. Konplize izatera gonbidatu gaituztenez gero, marratxoari amaiera ipini aurretik izan gaitezen konplize baino apur bat gehiago. Izan gaitezen ekintzaile, algak itsasoan galdu orduko ekarri ditzagun urertzera, eta begiratu diezaiegun, entzun ditzagun, konta ditzagun.

Hutsunearen soinuak berba eginarazten digu batzuetan. Halakoetan, hobe izaten da bulkadari kasu egitea eta, adibidez, igerilekuko urpean sentitutako hutsunea entzutea. Orduan presente zegoen kontakizun hura hitzetan jartzea.

 

Post Data: Agurtzane Salaberria Amestiri behar den bezala eskertu ezinik egongo naiz. Beti gertu kontatzeko beste entzuteko. Haren ama zenari ere eskerrik asko, halako bizipen hunkigarri bat ahalbidetzearren.

 

[Ipuin hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
Indusen ibaibideak

Muturreko lehorteak eta euriteak dira beroketa globalak Pakistanen duen inpaktuaren alde agerikoena. Ez dira hain ezagunak, ordea, hondamendiek piztu eta bizkortzen dituzten gaitz sozialak, eta zenbat eta nola oztopatzen duten azken horiek Asiako herrialdearen garapen oso eta... [+]


2024-07-30 | Xabier Iaben
Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz
Pardina eta makien arrastoan

Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]


2024-07-30 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


2024-07-30 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


2024-07-30 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-07-30 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-07-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


2024-07-30 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Eguneraketa berriak daude