“Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian”

  • Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu gara. Mugaren bi aldeetako euskaldunoi, gure hizkuntzaren aldeko urrats txikienarekin euskara inposatzen ari garela esaten digutenoi, erantzun argia ematen digu lan honek: hemen inposatu direnak, sufrimendu izugarriarekin eta oinarrizko giza eskubideak urratuz gainera, frantsesa eta gaztelania izan dira. Historia ezagutu besterik ez dago, hori hala dela jabetzeko.


2023ko abuztuaren 02an - 07:00
Azken eguneraketa: 2023-08-09 03:29

Azken 230 urteotan zenbat lege onartu dituzte Frantziako eta Espainiako estatuetan euskararen eta euskaldunen aurka?

Milaka arau dira. Guk Boletin Oficial del Estado eta lehengo Gazeta arakatu ditugu, interneten erraz kontsulta baitaitezke. Vascuence edo euskera jarrita hitz hori daukaten arau guztiak agertzen dira. Bibliografiatik ere asko jaso ditugu. Frantziako Estatukoak, bestalde, Aldizkari Ofizialetatik eta hizkuntza gutxituen historiari eta frantsesaren historia juridikoari buruz aurretik egindako lanetatik atera ditugu.

Zer dira, euskararen aurkako legeak ala euskaldunen aurkakoak?

Galdera oso ona da, zaila erantzuten. Euskara beti egon da botere politikoaren jomugan, baina horren atzean euskaldun izaeraren aurkako jarrera historikoa dago. Aldi konstituzional, diktadura eta abarretan, beti, konstante bat izan da gure hizkuntzaren aurka egitea.

Zein zen lanaren helburua?

Nevadako unibertsitatean egonaldi txiki bat egin nuen eta Xabier [Irujo] ezagutu nuen han. Kezkatuta zegoen euskararen jazarpenarekin. Baziren lan ugari, izan Torrealdairen Libro negro del euskera eta Euskaltzaindiaren Libro blanco del euskera bezalakoak, baina arauen azterketa egitea falta zela pentsatzen genuen. Ikuspegi historikoa eta juridikoa uztartu genituen, beraz. 2007a zen eta lehen bertsio hura Standfordeko unibertsitatean aurkeztu genuen. Iaz pentsatu genuen liburua eguneratzea, batez ere, argitzeko zer dagoen azken aldiko oldarraldi judizialaren atzean.

Argazkia: Ibai Arrieta

Zer nabarmenduko zenuke liburutik?

Asimilazio prozesu bat izan dela gure aurka, baina deigarria dela herri honek izan duen irauteko grina, gogoa eta indarra. Euskararen aurkako lege, dekretu, zigor eta abarren gainetik, gure herriak iraun egin du eta horrek herri izaera indartsua ematen digu. Frogatzen du bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herria garela.

Liburua genozidio hitzaz Raphael Lemkinek The Axis Rule lanean egin zuen definizioarekin hasten duzue, eta amaiera aldera diozue genozidio kultural bat eragin nahi izan digutela euskaldunoi. Hitz potoloa da hori.

Bai, hitz handia da genozidioa baina liburuak argi uzten du euskararen aurkako politikak mendeetan iraun duela eta ideologia politiko guztiek gauzatu dutela. Gure hizkuntzaren aurkako jokabidea ez da mugatzen garai jakin batera: azken 200 urteetan, aldi konstituzionaletan, diktaduretan, trantsizioetan, guda garaietan... beti sakondu dute euskararen aurkako zapalkuntza sistematiko eta juridikoa. Lemkinek egiten duen genozidioaren definizioa betetzen da. Xabier liburua aurkezten ari da AEBetako unibertsitatetan eta genozidioaz hitz egiten du argi eta garbi.

“Euskararen aurkako zapalkuntza sistematiko eta juridikoa izan da. Lemkinek egiten duen genozidioaren definizioa betetzen da”

Liburua irakurrita deigarria horixe egin zait: Frantzian 1789tik ia gaur arte eta Espainiako Estatuan 1812az geroztik, salbuespen oso gutxi kenduta, etengabe, badirudiela bando guztiak ados egon direla asimilazioan sakontzeko.

Erregimen politiko guztietan, Frantzian eta Espainian, euskararen aurkako erasoak konstanteak izan dira. Euskara beti ulertu da gure nortasunaren elementu garrantzitsu gisa. Hala ere, gauza bat utzi behar da argi: behin eta berriro ari ziren gauza bera debekatzen, hezkuntzan, kulturan, komunikabideetan. Horrek erakusten du arau horiek aplikatzeko mugak zituztela, helburua ez zutela betetzen, ondoren beste bat behar zutelako gauza bera debekatzeko. Estatu botereei egokitu ez zaien herri baten kasuan gaude. Estatuen politika euskararen aurkakoa izan da, homogeneizazioa bilatu dute etengabe zigor eta neurri juridikoak baliatuz, bete ez duten helburua lortzeko: gure hizkuntza desagerraraztea.

Murgil gaitezen liburuan egin duzuen zapalkuntza horren errepasoan eta has gaitezen Frantziako Iraultzatik, 1789an. Frantziako herritarren %11k mintzatzen zuen Öil hizkuntza romantzeari izena aldatu eta "frantsesa" deituta, hizkuntza ofizial izendatu zutenean hasi zen euskararen eta beste hizkuntzen aurkako jazarpena. Zein zen panorama ordura arte Euskal Herrian?

Aurretiko egoeraz datu askorik ez dugu, baina euskararen erabilera beste naturaltasun batekin egiten zela badakigu. 1610-1625 inguruan, adibidez, Gernikako Batzar Nagusietan estatuko agenteek, korregidoreak eta abar, gaztelera inposatzen zuten, baina herrietako ordezkarien hizkuntza euskara zen. Batzarretako bilerak eta erabakiak euskaraz hartzen ziren, besterik da gero nola jasotzen ziren idatziz. Maila juridikoan eta administratiboan, botere ahalmena izan zuten bitartean, euskarak ez zuen jasaten gerora pairatuko zuen presio handirik, nahiz eta 1770tik aurrera geroz eta arau gehiagok debekatu euskara Hegoaldeko eskoletan, eraztunaren praktikarekin, besteren artean. Ikusten da, Konstituzioen aroa zabaldu zenean 1789an, Frantziako Iraultzan, botere zentralek estatuak uniformizatzeko erabakiak hartu zituztela. Hortik aurrera euskararen aurkako presioa biderkatu zuten.

Zein zen beren gogoeta politikoa?

Estatuaren konfigurazioan aldaketa garaia izan zen. Ordura arte, Euskal Herriko lurraldeak konfederazio eskeman antolatzen ziren, bai beren artean, baita estatuekin ere. Nolabait, beren foru, zuzenbide eta izateko eran, parez pareko harremana zuten estatuekin. Aldiz, 1789 urtetik aurrera ikusten da estatu modernoek konfigurazio sendoagoak nahi zituztela. Gailentzen den irizpidea da: ez dago komunitate politikorik batasunik gabe. Herritar guztiak estatuko kide bilakatzeko, hizkuntza bera hitz egin behar zutela pentsatzen hasi ziren, eta estatu hizkuntza ez ziren guztiak bigarren mailara baztertu zituzten. Orduan hasi zen hizkuntza politika genozida hau.

Foruak gure babes neurriak izan ziren. Zenbateko eragina izan zuten?

Benetan garrantzitsuak izan ziren. Pentsa, 1840. urtera arte aduanak zeuden Gipuzkoan zergak jasotzeko. Zuzenbidearen ikuspegitik ere gure zuzenbidea genuen. Foruen birtualitate juridiko nagusia zen salbuespena zirela. Tresnak genituen estatuko uniformitatea saihesteko. Euskal zuzenbideko juristok gaur egun ere horretan gabiltza, estatuko legediaren aplikazioan etengabe salbuespenaren bila. Jarrera historikoa da.

1789ko abuztuaren 5ean, Louis XVI Frantziako erregeak sistema feudala abolitu zuen eta Ipar Euskal Herriko foruak indargabetu. Maila kulturalean kataklismo erraldoia eragin zuen, ordura arteko herri batzarrak eta antolaketa soziala pikutara joan zirelako. Ordura arte gehiengoa euskaldun elebakarra zen lurraldean, 150 urtean hizkuntza ia desagerraraztea lortuko zuten.

Nafarroako erreinuari loturiko antolaketa ereduak, batzarren garrantzia, herrietako ordezkaritza, herrietako batzarrak, herrien barneko kontzejuak eta abar kentzean –Nafarroan eta Araban oraindik ere badira antolaketa horren arrastoak–, homogeneizazio bultzada handi bat gertatu zen. Ikuspegi juridikotik protestak izan ziren arren, galera hori eraso handia izan zen. Inflexio puntua izan zen zalantzarik gabe. Frantziako Gobernuak jarrera erabat oldarkorra hartu zuen eta hori gero Espainiara eraman zuten.

Saiatu ziren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako agintariak aurre egiten horri, baina handik gutxira hasi zen Konbentzio Gerraren testuinguruak –Frantzia Espainiaren aurka, batez ere Euskal Herrian eta Katalunian borrokatu zena–, hiru urtean traidore jotzen zuten jende asko gillotinatzea erraztu zion Napoleonen armadari. Esan dezakegu, beraz, biolentzia handiz sartu zutela frantsesa Ipar Euskal Herrian, euskararen gainbeheraren fase hau abiaraziz?

Bai, zalantzarik gabe. Iparraldeko euskal gizarteak horrela ulertu zuen. Instituzioen defentsa egin zuten, baina Napoleon guztiz aurka jarri zen eta erregimen militar batean sartuta, oso denbora tarte txikian instituzioak galdu, uniformitatea ezarri eta euskararen erabilera erabat mugatu zuten. Ipar Euskal Herriko gizartea euskararen eta gure instituzioen defentsan atera zen, baina parean zuen gillotina eta Europako armadarik potenteena. Oso egoera latza izan zen eta galera hori ikuspegi kolektiboan oraindik ere mantentzen da.

Josu Martinezen Anti filmaren fotograma bat. 1921eko neguan kokatua. Parisetik heldu da maistra Ipar Euskal Herrira. Herriko umeek euskaraz besterik ez dute egiten. Maistrak frantsesez baino ez.

Garai hartan hasi ziren gutxiespenez “patois” deitu zituzten hizkuntza horiek suntsitzeko estrategiak finkatzen, besteren artean, hezkuntzaren bidez. Zer paper jokatu du eskolak haur euskaldunak erdalduntzeko orduan?

Uniformizazioa zabaltzeko eskola oinarrizko zutabe izan zen. Euskara debekatuta, eskolaren bidez euskal gazteriaren aurka eraso ikaragarria egin zuten, erabat orokortua. Hezkuntza Elizaren menpeko instituzio izatetik estatuaren menpeko izatera pasa zen, eta estatuaren menpeko zenez, estatuaren helburuak eskola bitartez lortu nahi izan zituzten. Giza eskubideen ikuspegitik ez zen hezkuntza eskubidea bermatzen. Gazte jendeak frantsesa jakin gabe ez zeukan gaitasunik hezkuntzaren bidez eduki dozenteak jasotzeko –oinarrizko eskubidea dena–. Beraz, hezkuntza eskubidea bera ere kolokan jarri zuten ez baitzen bitartekorik jartzen hizkuntza ulertzen ez zutenei edukiak transmititzeko. Horrez gain, estatuaren ildo ideologikoak zabaldu nahi izan zituzten eskolan.

Izugarri sufrituko zuten frantsesik ez zekiten haur euskaldun haiek –Hegoaldean gaztelaniarik ez zekitenekin gertatu zen bezala–. Askok, beren seme-alabei euskara ez transmititzea erabakitzeraino.

Deskulturalizazio ikaragarria pairatu genuen herri modura. Baina maila pertsonalean, askatasun eta eskubideen ikuspegitik, egoera latza izango zen. Leku batera joan, zuretzat erabat arrotza, lagunekin ezin hitz egin, hizkuntza ofiziala gaizki egiteagatik zigorrak, debekuak pairatu, iraultzaren aurkako traidore izendapena jaso... “Guk zer egiten dugu hemen?”, zioen euskaldun askok. Giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak erabat debekatzen du asimilazio behartua, eta hori hala izan zen. Giza eskubideen bortxa gure historian asko luzatu zen, Hegoaldean Errepublika garaira bitarte, eta frankismoan berriro ere. Beraz, Frantziako Iraultzan sortutako euskararen aurkako politika genozida horrek gaur egun arte iraun du, ia 250 urtez.

Hainbat izan dira euskal herritarren erantzun armatuak, estatuen asmo politiko uniformizatzaileen aurka. Olio-pinturaz egindako koadro honetan  Mendizorrotzeko bataila, Bigarren Gerra Karlistan, 1876ko urtarrilaren 29an.

Espainiako Estatura pasako gara. Frantziako Iraultzatik 20 urtera, 1812ko Cádizko konstituzioa onartu zuten, eta euskal ordezkariek salatu zuten lau estatu foralen legalitatea ez zutela errespetatzen. 1833an garbi zuten alderdi liberalak foruak abolituko zituela, eta erantzun armatua izan zen Lehen Guda Karlista. Guda garaian euskararen aurkako jazarpena zorroztu zen, euskara bando karlistarekin lotu zuten... 100 urteko epean, euskara hizkuntza gutxitu bilakatuko zen Hego Euskal Herrian ere.

Hori da abiapuntua. Euskara gaur egun hizkuntza gutxitua da, baina duela 200 urte hizkuntza nagusia zen lurraldearen zati handi batean, beraz, imajinatu zer nolako eraldaketa prozesua eragin duen estatuak. Cádizko konstituzioa onartu zenean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek deklarazioa argitaratu zuten esanez konstituzioa ez zetorrela bat foruekin. Hala ere, esan behar da Espainiako estatu-egituraketa oso motela izan dela, Frantziakoa askoz sendoagoa eta bortitzagoa izan da. Prozesu hori moteltzeko eta mugatzen saiatzeko, indarkeria horri aurre egiteko, foruak tresna garrantzitsua izan dira. Baina Lehen Karlistadaren ondoren, estatuak onartu zuen lehenengoetariko araua izan zen apaizei debekatzea euskaraz predikatzea. Egia da erlijio katolikoaren eta euskararen arteko lotura historikoa izan dela, eskolak eta mezak euskaraz egiten zituztela, modu naturalean. Estatua botere eklesiastikoaren gainetik jarri zen garai hartako estatuko hizkuntza inposatuta. Foruen galeraren ondoren hasten dira arau horiek, testuinguru militar eta inposaketa garai betean. Ziur nago liberal batzuek euskararen defendatzaile izango zirela, baina ikusten da modu orokorrean foru erregimenak euskara erabiltzearen aldeko jarrera izan zuela eskoletan, eta gerora, erregimen liberalak ez.

Horren ostean hasten dira gerrarako errekrutamenduak Hego Euskal Herrian. Gazte asko soldadu, beste asko Amerikara migratzen hasi ziren. Ipar Euskal Herrian berdin.

Militarizazio izugarri haren erdian, errepresioa areagotu zen, izan eskolan, elizan edo kalean. Jende askok ihes egin zuen. Foruen galeraren osteko aldiak oso gogorrak izan ziren. Gainera, Espainian mende amaieran diktadurak izan ziren.

Euskararen aurkako erabakiak etengabeak izan ziren Lehen Guda Karlista amaitu eta ondorengo hamarkadetan, Bigarren Guda Karlista lehertu zen arte. Guda hasi zenean karlisten esku zeuden lurraldeetan foruak berrezarri eta eskoletan euskara sustatzeko neurriak hartu zituzten berehala. Nolakoa izan zen karlisten esku zegoen lurraldeko 1872ko estatu forala?

Mugimendu interesgarria izan zen. Gerra piztean estatu karlista ez zen soilik ikuspegi militarretik antolatu, kontrolpean zituen lurraldeetan artikulazio politiko bat ezartzen saiatu zen. Bai ikuspegi juridikotik –foruen erabateko aplikazioa eginda– edo zerbitzu publikoak eskainita. Hezkuntza euskaraz egin behar zela arautu zuten. Sistema hura urte eta erdiz luzatu zen, testuinguru beliko betean, baina interesgarria da dokumentu gisa, frogatzen duelako agintari karlistek kultura gaiei eta euskarari, herriak hitz egiten zuen hizkuntzari, erabateko lehentasuna ematen ziotela. Behin gerra galduta, jazarpena eta euskararen aurkako oldarraldi berriak hasi ziren.

Guda 1876an amaitu arren, de facto salbuespen egoera mantendu zuten 1881 arte Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian esan dugun bezala, esan genezake Hegoaldean ere armen bidez sartu zutela gaztelania eta euskararen galera eragin?

Bai. Estatus juridiko politiko berezia jarri zuten gerra amaitutakoan. Kontrol soziala, kontrol politikoa eta kontrol militarraren harira, euskarari debekuak jarri eta gaztelaniaren penetrazioaren alde egin zuten argi. Euskal gizartearentzat beste garai ilun bat hasi zen eta exodo handia hasi zen berriro Ameriketara.

Foruak behin betiko ezabatu ostean, euskal kulturaren eta hizkuntzaren aurkako giro betean, Euskal Pizkundea mugimendua sortu zen, karlismoa albo batera utzi eta abertzaletasunean islatu zena. Euskararen galera prozesua gerarazi eta goranzko joeran jarri zuten zenbait pertsonak fusilatuta amaitu zuten frankismoan.

Euskal Herriko elite kulturaletik gertu zegoen zenbait jendek ulertu zuen galera horri aurre egiteko beste bultzada bat behar zela eta ikuspegi kulturaletik giro berri bat sortu zen. Eta hitzez baino ekintzaz egin zuten. Liburugintzan, euskarari buruzko azterketak, hedabideak... bultzatuta, karlismoa albo batera utzita beren burua abertzaletasunean kokatu zuten. Foruen galerak eragindako kontzientziak mugimendu politiko berria eragin zuen. Abertzaletasunaren sorrera hor kokatzen da. Mugimendu sinbiotiko bat izan zen, elkar elikatzen zuten testuinguru kulturalak eta mugimendu politiko horrek, egiturek ez zutelako asetzen euskarak eta euskal gizarteak zituen beharrak. Estatutik zetozen erasoei aurre egiteko bide bat zabaldu zen.

Argazkia: Ibai Arrieta.

Errepublika garaian, gauza esanguratsua gertatu zen ikuspegi politiko eta juridiko batetik: autonomia estatutua aitortu zioten EAEri eta euskara koofizial izendatu zuten. Bigarren Guda Karlistan bezala, oso epe laburra izan zen ordea.

Errepublikaren aurreko garaia, Primo de Riveraren diktadurarekin, euskararen aurkako oso giro bortitza izan zen Hegoaldean. Gero, konstituzioa onartu zuten 1931 urtean eta Kataluniari autonomia estatutu aurrerakoia eman zitzaion. Hegoaldeko proiektua zen lau lurraldeak batuta, konstituzioak baimentzen zuen “regiones autonomas” delako bat sortzea. Baina mugimendu batzuk izan ziren, bereziki Nafarroako eskuinak bultzatuta, eta azkenean Nafarroa kanpoan geratu zen. Autonomia estatutua ezartzearekin batera euskara ofizial egin zuten agintariek. Euskarak berreskuratu zuen bere naturaltasuna dokumentu ofizialetan, administrazio jardueretan eta abar. Lege eta arau guztiak bi hizkuntzatan argitaratzen hasi ziren, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zuten, herri batentzat oinarrizko egiturak sortzen hasi ziren. Hori, dena den, egoera beliko betean izan zen eta garatzeko aukera askorik gabe.

Frankismoan sartu aurretik, itzul gaitezen Iparraldera. Prusiarren aurkako 1870eko gudak, Frantziaren abentura kolonialek, Lehen Mundu gerrak... errekrutatze masiboak eragin zituen, eta honek armadari uko handia.

Frantziaren armadaren deiari intsumisio garaia izan zen. Ipar Euskal Herriko gazte askok zerbait arrotz moduan ikusten zuten armada. Asko joan egin ziren gudara baina beste askok uko egin zioten eta exilioa zen irtenbide bat, izan Hego Euskal Herrira edo Ameriketara. Izugarrizko sarraski soziala izan zen, milaka eta milaka euskaldunek egin zuten ihes. Azkenerako, kontrolak areagotu zituzten kanpora zihoazenen mugimendua mugatzeko.

Argazkia: Ibai Arrieta.

Garai horretan, XIX. mende hasieran, euskaldun, bretoi, kataluniar eta abarren aurkako jarrera xenofoboak ere pairatu izan ditugu, adibidez, Frantziako hezkuntza ministro Jules Ferryk hitzez hitz esan zuen “arraza gorenek betebeharra dute beheragoko arrazak zibilizatzeko”. Halako asko aurkitu dituzue?

Bai, botereak supremazismo hori bultzatu zuen. Ferryk gainera denboran luze iraun zuen hizkuntza lege bat onartu zuen. Frantziarrak beste maila batean zeudela uste zuen eta ideia hori hezkuntzaren bidez hedatu nahi izan zuten, sekulako erasoa komunitate askoren aurka. Horren eragin negatiboa oso handia da.

Frankismo gordinera itzulita, jazarpena maila guztietara eraman zuten. Euskal izenak erregistroan inskribatzea debekatu zuten, edo k, tx, eta b hizkiak debekatu zituzten, milaka izen, abizen eta toponimo euskal grafiatik gaztelaniara aldatzera behartuz. Mende bat geroago, arrastoa utzi duten legeak dira.

Izenen antroponimiaren aurkako erasoak oso handiak izan ziren, grafia eta abarrengatik. Adibide batzuk jartzearren, itsasontzietako euskarazkoak ere debekatu zituzten, pospolo kutxetan euskarazko esaldiak eta hitzak desagerrarazteko agindu zuten edo hilarrietan euskarazko inskripzioak kentzera iritsi ziren. Eta bada kasu bat, Gernikakoa, nola jabeek ez zituzten hilarrietako euskal inskripzioak ezabatu, agintari faxistek hormigoiarekin estali zituzten.

Alegia, paisaia linguistikoa erabat espainolizatu zuten.

Administrazio zibila administrazio militarraren menpe jarri zen. Gauza asko arauen bidez debekatu zituzten, baina beste gauza asko ahalmen militarraren menpe jarri ziren. 1943 bueltan onartu zuten Ley de Orden Público, egungo Mozal Legea bezalako zerbait, baina ikuspegi faxistatik egina. Eta noski, ordena publikoaren aurkako jarduera edozer izan zitekeen, euskaraz hitz egitea barne. Beraz, edozer egin zitekeen euskarazko hizketaldien aurka. Nolabait lege babesa zuten. Zigorrak eta isunak ere eguneroko ogi izan ziren.

Falangearen eskutik Guardia Zibikoa izeneko erakundea jarri zuten abian autoritate frankistek, kalean ere euskaraz hitz egin ez zezan jendeak. Azal dezakezu zer izan zen hori?

Euskaraz hitz egiteak ez zuen inolako lege babesik eta ordena publikoaren aurkako ekintzatzat har zitekeen. Gogoratu behar da leku askotan euskalduna zela gizartea garai hartan. Donostian adibidez, ezarri zen Guardia Zibikoa, kaletik euskara desagerraraztea helburu zuen erakundea. Lauko taldeak izan ohi ziren eta kalez jantzita ibiltzen ziren agenteak. Sakabanatuta joaten ziren kaletik, eta norbaitek baten bat entzuten bazuen euskaraz, modu onean edo esaten zion gaztelaniaz hitz egiteko. Horren atzetik, ordea, bikote bat joaten zen, hauek ere kalez jantzita, eta horiek entzuten bazuten euskaraz jarraitzen zutela, isuna jartzen zioten edo jo egiten zuten, dokumentatuta dagoenez. Beldurra sartzeko estrategiak ziren, jendeak kalean euskaraz hitz egiteari utz ziezaion.

En la escuela no tengo que hablar vasco esaldia mila aldiz kopiatu behar izan zuen Lontxo Zubeldia bedaiotarrak 1966an eskola zigor moduan. Milaka euskaldunek pairatutako jazarpenaren froga eztabaidaezina bilakatu da koadernoa. (Dani Blanco)

Frantziako Estatuan, II Mundu Gudaren ostean, nazien aurka Bretainian, Euskal Herrian, Katalunian edo Okzitanian eginiko erresistentziak nolabait saritu zituzten, lehen aldiz, eskoletan irakasleak hala erabakitzen bazuen, hautazko gisa, bertako hizkuntzak astean ordubetez irakasteko baimena onartuta, Loi Deixonne delakoaren bidez. Zer ekarri zuen horrek?

Euskarari, bretoiari eta abarri errekonozimendu juridikoa eman dion araua izan zen hori. Lege horrek dialektotzat jotzen zituen hizkuntzak, baina tira, bidea zabaldu zien eskoletan ordubete bazen ere, irakasteko.

Garai horretan, Hegoaldean, modu klandestinoan antolatzen hasi ziren ikastolak. Legalki borrokatu zituzten estatuek?

“Ikastolekin araubide juridikoaren gainetik pasa zen gizartea”

Bai, euskal ikastolen aurkako neurriak onartu zituzten, isunak jarri zituzten eta ikastolarik ere itxi zuten. Euskara erabiltzen zela ezkutatzen zen. 1960ko hamarkadako ikastolen eredua ez zegoen eramaterik frankismoaren lege margenetara, baina gizarteak horren alde egingo zuen. Ikastolen sorreraren prozesua horren zabala eta orokortua izan zenez, erregimen frankistak ez zuen jakin nola kudeatu. Ikastolen sorrera mugimendu hura intsumisio kolektiboaren adierazlea izan zen. Talka hori nola islatu zen? Eskola euskaraz eginez, eta horrela, araubide juridikoaren gainetik pasa zen gizartea.

1975etik gaur egun arteko garaira etorrita. Iparraldean, geroz eta gehiago dira euskaraz ikasi nahi duten ikasleak, baina Frantziako Gobernuak jarraitzen du trabak jarriz.

Frantziako Estatuan zutabe errepublikarrak mantentzen dira frantsesaren alde. Ematen du Frantzian ez dagoela aniztasunik, baina Frantzia Europako herririk anitzena da. Hala ere, Frantziako Estatua ez da heltzen Europako giza eskubideen estandarretara, hizkuntza aniztasuna bermatze aldera. Europar Kontseiluan eta batez ere Hizkuntza Gutxituen Europako Kartan jasotzen dira bermatu beharreko gutxiengoak, eta Frantziako Estatua azpitik dago. Ez da Europako bakarra, Grezia eta Turkia ere hor daude. Izan dira mugimendu batzuk hizkuntzaren afera demokratizatzeko, baina konstituzio kontseiluak beti adierazi izan du errepublikako hizkuntza frantsesa dela, eta beste hizkuntzen estatus juridikoa ezin dela frantsesaren mailara igo. Koofizialtasunetik urruti gaude. Molac Legearen harira 2021en konstituzio kontseiluak murgiltze sistema konstituzioaren kontrakotzat jo du. Zabalkunde txiki bat ikusten da ideologia errepublikarrean, baina oraindik giza eskubideen Europako estandarretara ez da heltzen.

Hego Euskal Herrian, Franco hil ostean, Konstituzioak jaso zuen –Hego Euskal Herrian gehiengoak ez zuen babestu– herritar guztiek dutela gaztelania ikasteko eskubidea eta obligazioa, baina bestelako hizkuntzak ikasteko orduan, hori eskubidea dela, baina ez obligazioa. Hor al dago gaur egungo zapalkuntza azaltzen duen gakoetako bat?

Bai, hori da gaztelaniaren nagusitasuna oinarritzen duen parametro juridiko nagusia eta gaztelaniaren aldeko asimetria agerian uzten du. Gaztelania nahitaez jakin behar da. Nahitaeztakotasun horretatik abiatuta, epaile batek uler dezake: denek dugunez gaztelania ezagutzeko beharra, gaztelania libreki erabil dezake administrazioak. Gaztelaniak mugarik ez du, baina halako betebeharrik ez zaie aplikatzen beste hizkuntzei, beraz koofizialak badira ere, ez dira gazteleraren ofizialtasunera heltzen; hots, euskararen ofizialtasunak muga juridiko gehiago du. Konstituzio auzitegiaren azken jurisprudentzian, adibidez, bi hizkuntzen arteko orekaren printzipioa jarri da, neurri asimetriko normalizatzaileak blokeatuta: Katalana Kataluniako hizkuntza propioa dela oinarri hartuta, katalanari lehentasunezko erabilera bermatu nahi izan zaionean, Espainiako Konstituzio epaitegiak adierazi du ezin zaiola hizkuntza propio bati, nahiz eta ofiziala izan, lehentasunezko posizioa bermatu. Beraz, esan daiteke, marko konstituzional espainiarrak mugak ezartzen dizkiela gaztelania ez diren hizkuntzen ofizialtasunari, euskarari barne.

Nafarroaren zonifikazioarekin min handia egin zuten duela 40 urte. Nola ikusten duzu?

Zalantza juridiko handiak sortzen dizkit zonifikazioak. Zonifikazioaren ondorioz, euskara erabat desagertu da Nafarroako hegoaldeko leku batzuetan. Espainiak Europako Hizkuntza Gutxituen Karta berretsi zuen, eta honek dio muga administratiboak ezin daitezkeela erabili hizkuntzen garapena mugatzeko. Beraz, zonifikazioa zilegi da Europako estandarren arabera? Bai, baldin eta zonifikazioak ez badu euskararen aldeko korrontea mugatzen. Baina kasu honetan, zonifikazioa erabiltzen da euskara mugatzeko. Eta beraz, Kartarekin ez da bateragarria. Momentua da Nafarroako hizkuntzaren, euskararen, estatusa errebisatzeko eta hori amejoramenduaren errebisioari lotuta etorri beharko litzateke. Euskararen lege berri batek euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabal dezake. Euskararen normalizazioa askoz errazagoa litzateke ofizialtasunetik abiatuta. Nafarroan euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzeari buruz sortu behar litzateke debatea, giza eskubideen afera baita.

Euskara ofizial den eremuetan ere, EAEz ari naiz, epaitegietan ikusten ari garen jarrerak hari historiko honetan kokatzen dituzu?

“Euskararen defentsarako araubideak zuloak ditu eta erasoak etengabeak dira”

Ikaragarria da euskararen aurka ematen ari diren epaiak. Azken epaietan irakurri dugu adibidez “euskara munduko hizkuntzarik zailenetakoa” dela eta euskara ezagutzea exijitzea gehiegizko zerbait dela. Hizkuntza eskakizunen sistema indarrean dago aspalditik, baina gaur egun magistratuek ez dute aplikatzen eta konstituzioaren berdintasun printzipioaren aurkako zerbait bezala hartzen dute. Erabat ideologikoak dira epai horiek, ez diote euskararen gaineko araubideari erreparatzen. Epai horien guztien atzean ideia politiko bat dago: uste dute euskararen normalizazioarekin urrunegi joan garela, beraz, epaileak euskararen aurrerabideak mugatzera datoz. Orain gutxi, Auzitegi Nagusiko presidente izandako Juan Luis Ibarrak publikoki adierazi zuen administrazio asko urrunegi joan direla euskararen normalizazioarekin. Epaile batek esan dezake erakunde batek legea ez duela bete edo halakorik, baina hortik harago ezin du joan.

Agintariek eginiko oso adierazpen esplizituak daude dokumentatuta mugaren bi aldeetara. Bi bakarrik aipatzearren, “Euskal Herriko gure eskolek helburu dute euskara ordezkatzea frantsesarekin” (1846), edo “Foruak kentzea ez da nahikoa, orain hizkuntza kendu behar diegu” (1876). 200 urte beranduago, Kataluniako haurrak espainolizatzeari buruz hitz egin zuen Jose Ignacio Wert hezkuntza ministroak. Ez da ohikoa, dena den, hain garbi hitz egitea agintariek. Formak aldatu arren, helburuak mantentzen dituztela esango zenuke?

Ildo ideologiko bera aplikatzen da euskararen aurka, badago jarraikortasun historikoa. Nortasunaren adierazle nagusia da hizkuntza, eta estatuen ideologia zentralizatzaile eta uniformizatzaileekin ez dator bat. Espainian, gaur egun, euskararen erabilera eta hizkuntzaren garapena mugatu nahi duen korronte ideologikoa indar hartzen ari da. Euskal Herrian sumatzen dudanaren kontrako norabidea da. Hemen jendeak naturaltzat hartzen du funtzionario publikoa izateko euskaraz jakitea edo eskoletan euskarazko maila handia bermatu behar dela.

Argazkia: Ibai Arrieta.

Euskararena eta euskaldunena zapalkuntza baten historia da zalantzarik gabe, baina baita erresistentzia batena ere. Izan baitziren, etengabe, euskal administrazioen partetik eta herritarren partetik. Nola ikusten duzu gure erresistentzia?

Euskara jauzi kualitatibo baten premian dago Hegoaldean eta Iparraldean. 40 urte daramatzagu aplikagarri ditugun legeekin. Epaileak frogatzen ari dira Nafarroan eta EAEn euskararen defentsarako araubideak zuloak dituela eta erasoak etengabeak dira. Euskararen estatusarekin aurrera egin behar da eta estatus juridiko berria behar dugu. Nafarroako Vascuencearen legea Nafarroan eta EAEko Euskararen Legea aldatzeko garaia heldu da. Nik behetik gorako prozesuetan sinesten dut. Hegoaldean itun politiko berri bat, gizarte itun bat, egingarri ikusten dut, euskarari estatus juridiko berri bat emate aldera. Lehentasuna bermatu behar zaio eta trabak gainditzen lagundu, modu naturalean, euskaraz aritu ahal izateko testuinguru guztietan, izan kalean edo administrazioan. Inpresioa dut euskalgintza eta hizkuntza politika instituzionalaren arteko sinbiosi antzeko bat gertatzen ari den unean etorri dela epaileen erasoaldia. Kontua da administrazioak hizkuntza eskubideak bermatuz gero, euskararen erabilera normal bihurtzea erabat zilegi izan beharko litzatekeela. Gizarteak badu grina hori, baina horrek eskatzen du itun juridikoa.

Eta gure agintariak nola ikusten dituzu oldarraldi honen aurrean?

Euskararen aurkako erasoak hain bortitzak izanik, Jaurlaritzaren defentsa ahulegia iruditu zait, askoz gehiago egin zezakeen. Urrats kualitatiboak emateko garaia da, inolako konplexurik gabe. Euskarak lehentasunezko hizkuntza izateko aukerak zabaldu behar dira eta Jaurlaritzak hor gehiago egin behar luke. Hala ere, esan dut, gehiago sinesten dut behetik gorako prozesuetan. Hizkuntz eskakizunei buruzko dekretuarekin, adibidez, askoz urrunago joan gintezkeen parametro konstituzionaletan ere. Momentua da jauzi kualitatibo bat emateko. Euskara lehentasunezko hizkuntza bihurtu behar da administrazioan eta zenbait jardueretan. Hori da gure hizkuntzari zor zaion lekua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen historia
‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Joseba Lizeaga: “Iruña-Veleiako polemikaren oinarrian grafitoetan topatutako euskararen zantzuak daude”

Urriaren 26an Iruña-Veleia Argitu, ez suntsitu jardunaldian Zenbat esku daude Iruña-Veleian aurkitutako ostraken testuetan? ponentzia aurkeztu zuen Joseba Lizeagak


2024-10-22 | Julene Flamarique
Antzinaroko euskaraz idatzita egon litekeen inskripzioa aurkitu dute Lantzeko meategi batean

“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]


Iruña-Veleiaren 4. Biltzarra: argitu, ez suntsitu

“18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta 4 urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake: gaia argitu nahi genuenok... [+]


2024-10-02 | Cira Crespo
Euskaldunen eraztuna

Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]


Eguneraketa berriak daude