Alkohola, oharkabean pasatzen den droga

  • Zer da droga eta zer ez? Zer-nolako eragina dauka drogak inguruan? Horren bueltan mintzatu dira Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001), Maialen Alvarez (Ermua, Bizkaia, 1994) eta Ander Sagardoi (Iruñea, 1994). Drogarik kontsumitu ez arren, drogak inguratzen ditu; batez ere alkoholak. Salatu dute alkoholaren erabilera “oso zabalduta” eta “normalizatuta” dagoela; hala nola familian, herri mugimenduan eta aisialdian. Beste alternatibak sortzeko beharra adierazi dute.

Ilustrazioa: Paula Estévez

2023ko abuztuaren 01an - 11:05
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Drogaz hitz egiten duzuenean zeri egiten diozue erreferentzia? Zer da droga eta zer ez?

Oihana Arana: Gorputzean edo jokatzeko moduan alterazio bat eragiten duen edozein substantzia. Askotan drogaz hitz egiten dugunean ematen du alkohola ez dugula sartzen, baina nik sartzen dut. Inkluso azukrea ere sar daiteke. Ez dut hartzen azukrea ez den drogarik, eta nabaritzen dut azukre asko jaten dudanean alterazio hori.

Maialen Alvarez: Jendeak ere kafea sartzen du definizio horretan. Nire kasuan, ez dut kaferik hartzen, baina sartu daiteke definizioan gorputzean eragiten duelako. Hala ere, nik sartzen ditut legezkoak eta legez kanpokoak direnak.

Ander Sagardiy: Ados nago esan duzuenarekin, baina niri gertatu zait esaten dudanean ez ditudala drogak kontsumitzen hor hasten garela droga definitzen, eta sumatzen dut askotan azukrea edo bestelako gauzak aipatzen direla drogaren kontzeptua lausotzeko. Horregatik, azken urteetan esaten dudana da sistema nerbiosoan inpaktu zuzena izateaz gain, inpaktu soziala eta emozionala duela eta munduarekiko dugun harremanean eragina duela. Beti ere, gure gizartean; hau da, garaikidea eta kapitalista.

O. Arana: Nahiz eta drogak adabakia izan, kapitalismoak funtzionatzea lortzen du.

M. Alvarez: Hor sartzen dira errezetarekin doazen drogak. Azkenean sisteman jartzen den adabakia da funtzionatzen jarraitzeko edo produktiboak izaten jarraitzeko.

Oihana Arana. Bertsolaria, idazlea eta mugimendu feministako eta kulturgintzako militantea da. Ez du inoiz drogarik hartu: “Beti izan naiz edaten ez duena, eta ez naizenez inoiz drogatu, ez naiz inoiz hasi eta ez dut inoiz utzi. Hasieran ez zen erabaki kontzientea izan eta urteekin egin dudan irakurketa aldatuz joan da”.  Argazkia: Ekaitz Zilarmendi / ARGIA
Ander Sagardoi. Gazte mugimenduan hasi zen militatzen, ostean gune autogestionatuetan eta mugimendu autonomoetan ibili zen; hala nola lurraren defentsaren alde eta drogen aurka militatzen. Gaur egun, batez ere antiespezismoan hartzen du parte eta filosofia irakaslea da: “Drogak hartzen nituen, baina hautu politiko batengatik utzi nituen; nire bizitza aldatzen joan da, eta horren arabera toki batean edo bestean kokatu naiz: Straight edge, drogen aurkakoa, drogarik gabe…”. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi / ARGIA
Maialen Alvarez. Gizarte hezitzailea, mugimendu feministako eta antiespezistako militantea da, eta hautu politiko batengatik utzi zituen drogak. Nonbait kokatzeko beharra sentitu arren, kosta egiten zaio etiketa batekin edo bestearekin eroso sentitzea: “Ez naiz inoiz Straight edge mugimenduan kokatu, baina hortik hasi nintzen. Pentsatu nuen abstemioa nintzela, baina urtean bitan edaten dudanez ezin dut etiketa hori hartu, oso karratua delako. Orduan, esaten hasi nintzen ‘abstemioa, baina gaizki’ nintzela; hala ere, ez dauka zentzurik”. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi / ARGIA

Zer suposatzen du drogarik ez kontsumitzea erabakitzeak?

O. Arana:  Inguruko jendea edaten hasi zenean ume super karratua, zorrotza eta autoexijentea nintzen. Niretzat goizegi hasi zirela pentsatzen nuen, gero, egoera luzatuz joan zen eta azkenean ez nintzen horretan sartu. Bertso munduan askotan eskaintzen didate alkohola, eta esaten didate: “Zelan izango zara bertsolaria ez baduzu edaten?”. Edo poesia errezital batean ura eskatu nuenean esan zidaten: “Nola idazten duzu ez bazara drogatzen?”. Barkatu? Oso normalizatuta dago alkoholaren kontsumoa. Nik hasieratik esaten dut ez dudala edaten, behin eta berriz ez esan behar izateko.

M. Alvarez: Gainera, arrazoi bat izan behar dugu ez edateko, beti galdetzen dutelako motiboa. Hau da, antibiotikoak hartzen ari zarela edo beste zerbait.

O. Arana: Eta hasiko bagina galdetzen, zuk zer dela-eta edaten duzun?

M. Alvarez: Batzuk oso astunak dira, baina beste batzuek onartzen didate ulertzen dutela esaten dudana, baina haiek ezin dutela egin, behar dutelako asteburua heltzea desinhibitzeko eta ondo pasatzeko, bestela ez dutelako aguantatzen bizitzaren erritmoa.

“Izorratuta gaudenean mina arindu eta produzitzen jarraitzeko sistema kapitalista bat dago. Kontua ez da batek edo bestek edatea; kontua da ez dugula gertatzen dena arazotzat hartzen”
Oihana Arana

Drogarik ez kontsumitzea identitatearen parte bihurtzen da?

O. Arana: Pixka bat bai, adibidez, liburu batean abstemioa den norbait agertzen denean lagunek pasarte horren argazkia bidaltzen didate nirekin gogoratzen direlako. Pentsa alderantziz egingo bagenu. Ikusi dut jendeak ez dakiela nola jokatu, pixka bat da amamari bollera zarela esatea bezala.

M. Alvarez: Irakurri nuen behin batek esan zuela irten behar izan zuela armairutik bollera gisa eta gero abstemio gisa.

O. Arana: Uste dut atera naizela gehiagotan abstemio moduan armairutik bollera moduan baino. Jendeak ulertzen du bollera izango zarela betiko, baina abstemioa betiko izango zarela ulertzea kosta egiten zaie.

Zein da drogekin, zeharka bada ere, daukazuen lehenengo oroitzapena?

A. Sagardoi: Kontaktu zuzena da jaiotzatik, oso normalizatuta dagoelako alkohola leku guztietan: familian, kalean… Guztiz transbertsala da.

M. Alvarez: Horren aldeko kultura existitzen da, eta uste dut jada ez dela legala, baina lehen saltzen ziren txokolatezko zigarroak goxoki dendetan. Gainera, alkoholaren kulturak dena normalizatzen du. Horrez gain, erretzea erromantizatu egiten da, super guaia, sexya eta  interesgarria den irudia du erretzeak.

O. Arana: Iruditeria horrek sinbolikoki eragina dauka; adibidez, gertatu izan zait urarekin topa egin nahi izatea eta esatea: “Ez, ez, horrek zorte txarra ematen du”.

M. Alvarez: Urtebetetze baterako Champín erosi genuen, eta atzeko aldean txikientzako mezutxo bat jartzen zuen: “Nagusiekin topa egin ahal izateko”. Horrek esan nahi du txiki-txikitatik hor dagoela.

A. Sagardoi: Badirudi droga hori kontsumitu behar duzula festan edo giroan egoteko. Poteak edo txupitoak ateratzen dituztenean pixka bat bazter geratzen zara.

Argazkia: Ekaitz Zilarmendi / ARGIA

Noiz edan zenuten lehenengo aldiz alkohola?

O. Arana: Nire lehenengo oroitzapena da parke batean litroak egiten. Uste dut inauteriak zirela, igual hamahiru edo hamalau urterekin. Erritual osoa egin behar zen: norbaitek erostea lortu behar zuen, gero ezkutatzeko, ondoren joateko ez dakit nora eta nahasteko ez dakit zerekin,  bakoitza bere botilarekin parkera jaisteko. Dena egin nuen, baina ondoan, edan gabe.

A. Sagardoi: Antzeko gogoratzen dut, DBHko lehenengo edo bigarren mailan; Txantreako [Iruñea] jaiak edo beste auzo bateko jaiak izanen ziren. Alkohola zegoen bereziki, eta gogoan dut joan ginela supermerkatuetako ateetara jendeari eskatzera alkohola guri erosteko. Orain aztertuta, jende pila batek erosten zigun, eta hamahiru edo hamalau urteko umeak ginen. Bestetik ere, tabakoa erretzen hasten zirenak guaiak ziren. Errepikatzaileen irudia adibidez, oso lotuta zegoen tabakoari.

M. Alvarez: DBHn ohikoa zen asteburuan edatea eta guaiek aste tartez erretzea. Gainera, boterea ematen du. Uste dut nire lehenengo litroak Ibilaldi batean izan zirela, eta errituala errepikatzen zen. Askotan Elgoibarrera [Gipuzkoa] joaten ginen, eta gauez egiten zen parranda arratsaldean erreproduzitzen genuen. Oso fuertea da, mozkor geunden eta umeak ginen.

Oihana, edaten ez zenuelako parranda espazioetatik kanpo geratzen zinen?

O. Arana: Joaten nintzen, baina uste dut espazio horietatik urrundu naizela egokitu zaidanagatik; batez ere txungazoekin. Oso gaizki zeudenean niregana etortzen ziren. Zelan ez naiz traumatizatuko horrela. Azkenean, norengan jarriko duzu zaintzeko ardura? Mozkor ez dagoenarengan. Normala da.

A. Sagardoi: Normalizatuta dago, baina ez da bidezkoa.

STRAIGHT EDGE

Straight Edge (iskina zuzena euskaraz) terminoa 1980. urtean egin zen ezagun Washingtonen Minor Threat punk taldearen bidez. Talde estatubatuarraren xedea zen drogek eragiten zuten kaltea ikusaraztea. Gutxika drogek gogor kolpatzen zituzten langile auzoetan zabaltzen hasi zen mezua eta drogaren menpekotasunaren eta dekadentziaren aurkako mugimendu bat sortu zen. Mugimenduak XXX ikurra erabiltzen hasi zen: ez alkoholik, ez tabakorik, ez droga ilegalik.

Mozkortu aurretik eskatzen al dizuete gehiegi edanez gero zaintzeko?

M. Alvarez: Ez da aurreikusten txungazo bat izango duzula. Batzuetan sari moduko bat izaten da parranda ederra egitea, oso aste gogorra izan duzulako edo azterketak amaitu direlako. Igual ez duzu aurreikusten kristoren aizturra hartuko duzula, baina bide horretatik zoaz.

Uste duzue sozializatzen laguntzeko tresna gisa erabiltzen dela?

A. Sagardoi: Emozioak kudeatzeko erabiltzen da, edan eta ahazteko. Horren ondorioz, normalizatzen dugu arazo bat dugunean edo zerbait ospatu nahi dugunean emozioak bideratzeko droga kontsumitu behar dela. Gainera, jai giroa ulertzen dugunez ligatzeko leku bat dela, tamalez alkohola ezinbesteko bihurtzen da, lotsa galtzen duzulako eta ausartagoa zarelako. Tragoetara gonbidatzea ere ligatzeko erritualaren parte da.

M. Alvarez: Kostatzen zait horrelako espazioetan egotea, heltzen delako momentu bat zeinetan denak oso mozkor dauden eta ni ez. Espazio horietatik aldentzen bagara, galtzen ditugu sozializatzeko eta ligatzeko momentu pila bat. Gainera, orokorrean ligatzeko aukerak parranda edo Tinder dira.

Argazkia: Ekaitz Zilarmendi / ARGIA

Esan duzu oso tarteka edaten duzula, presio sozialak eraginik dauka horretan?

M. Alvarez: Bai, batzuetan presio soziala oso agerikoa ez izan arren, edaten dut ez sentitzeko hain ezberdina edo badakidalako sozializatzen “lagunduko” didala. Baina xedea ez da mozkortzea, xedea bizirautea da. Gainera, zerbait behar dut eskuetan, adibidez ur botila bat.

A. Sagardoi: Niri gertatu izan zait desberdin sentitzen naizela eskuan baso bat ur dudalako.

Alkoholaren kontsumoaren eta maskulinitatearen artean harreman handia dago?

M. Alvarez: Parrandan ateratzean behin baino gehiagotan gertatu izan zait ez edatea eta gizonek behin eta berriz esatea edateko pixka bat, batengatik ez delako deus gertatzen, edo saiatzea gonbidatzen. Baina ez da ez; utzi bakean.

A. Sagardoi: Nire inguruko gizonen artean ez dagoenez tresnarik, emozioak kudeatzeko bidea mozkortzea da. Tontakeria dirudi, baina gure kulturan saldu digute tabernaria terapeuta modukoa dela, eta horrek harreman zuzena dauka maskulinitatearekin.

Segun eta nork kontsumitzen duen zamak eta ardurak aldatzen dira?

M. Alvarez: Zis-gizonekin aitzakia moduan erabiltzen da erasoei garrantzia kentzeko, esaten dutelako mozkor zeudela. Gizon ez direnekin aldiz, kontrakoa egiten da, gure kasuan erruduntasuna eta lotsa eragiten ditu, eta erasoa guk bilatu dugula leporatzen zaigu.

O. Arana: Gainera ez da berdin hartzen gizon edo emakume alkoholikoa bazara. Lehena normalizatzen da eta bigarrena zigortzen da.

Argazkia: Ekaitz Zilarmendi / ARGIA
“Irakaspen politikoa drogetara bideratuta zegoen, eta asanbladak nola kudeatzen diren ikasi edo zaintza landu beharrean, ikasi nuen nola zerbitzatu ongi garagardo bat”
Ander Sagardoi

Aipatu dituzuen dinamikak, hala nola erritualak, emozioen kudeaketa eta sozializatzeko duen eragina, fikzioaren bidez ere erreproduzitzen dira?

A. Sagardoi: Gazteen artean ranking moduko bat sortzen da ikusteko nork edaten duen eta nork ez. Azken urteetan, Élite eta Narcos bezalako telesailekin pila bat banalizatu dute biolentzia eta zabaldu dute drogak tontakeria bat direla eta kontsumitu eta saldu ditzakezula arazorik gabe. Trapa eta horrelako musikarekin ere drogaren salmenta normalizatu da oso modu kezkagarrian. Entzun izan ditut ikasleak esaten droga salduko dutela. Ez dakit oinak lurrean dituzten, baina hori jaso dute.

O. Arana: Fikzioetan orokorrean oso idealizatuta agertzen dira drogak. Literaturan adibidez oso orokortuta dago idazle zaharren kasuan irudietan erretzen agertzea. Gaur egun lausotu da, eta beste iruditegi batzuk sortzen ari dira. Baina zenbaten buruan dago pentsalari baten irudia sofan erretzen?

A. Sagardoi: Bizitzaren irudi bat saltzen dute fikzioan, eta aisialdia da protagonisten bizitzaren zati txiki bat. Agertzen dira denak gustura, ongi pasatzen, plazera sentitzen, baina ez da agertzen hurrengo egunean gertatzen dena: arazo emozionalak izatea drogen kontsumoarengatik, eraso matxistak gertatu izana edo nola egon diren aste osoa antsietatearekin asteburuaren esperoan. Irudi gordina izateko, osotasuna ikusi beharko genuke.

BTN Señorak edition podckastean salatu zenuen bertsotan ere baduela garrantzia gai bakoitzari eskaintzen zaion tarteak.

O. Arana: Txapelketetan oso erabakita dago zein neurri dagoen gauza bakoitzerako. Zortziko handiak espazioa ematen dizunez, gehiago izaten da gai serioez argumentatzeko. Zortziko txikiak aldiz, umorerako. Alkoholaren inguruko gauzak txikian jarriko direnez, soilik umorerako espazioa egonen da. Baina emandako gaia baldin bada hausnartzea alkohola ez edatearen inguruan, agian jendeak ez dauka argudiorik. Señora Sariketaren bigarren saioan alkoholaz hitz egiteko tartea egon zen, eta nik eskertu nuen.

“Ematen du estatuak daukala diskurtso argi bat drogen kontra duen borrokaz, baina gero oso baliagarri zaio erreproduzitzen ditugulako dinamika berdinak
aisialdi esparruetan”
Maialen Alvarez

Behin baino gehiagotan aipatu duzue alkohola bereziki oso normalizatuta dagoela aisialdian; ba al dago drogarik gabeko parrandarik?

M. Alvarez: Egon daiteke, baina ez dakit sortzen ditugun.

O. Arana: Posible da, beharrezkoa da, baina ez ditugu sortzen.

A. Sagardoi: Esaten da errazagoa dela munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoarena baino. Nire gertuko jendeak bere burua irudikatzen du parranda egin gabe, baina ez drogarik kontsumitu gabe. Esaten dute parranda egiteari utziko diotela haientzat parranda egitea eta drogatzea iguala delako. Egon beharko litzateke aukera hori, baina gaur egun ez dago bermatuta.

M. Alvarez: Zaila da irudikatzea espazio batzuk kontsumo hori kenduta. Esaten dudanean ez dudala edaten askotan esaten didate ea parranda gustuko dudan eta parrandan ateratzen naizen. Euskal Herrian poteoaren kultura edo edateko kultura handia dago egunaren edozein ordutan: eguerdiko poteoa, arratsaldeko poteoa…

“Jendeak ulertzen du bollera izango zarela betirako, baina betiko abstemioa izango zarela ulertzea kosta egiten zaie”
Oihana Arana

O. Arana: Dena sortzen da barra bat inguruan dela, eta dirua lortzeko bidea barra izaten da. Ez da hainbeste jende mugitzen beste ezeren bueltan. Egiten baduzu deialdi bat txosnetan txandak betetzeko edo kartelak jartzeko, lan handiagoa izan arren jende gehiago batuko da barrako txandara.

A. Sagardoi: Kontzertuak amaitzen badira parrandak jarraituko du, baina barra ixten baduzu jendeak alde egingo du. Tamalez oinarria da, baina egon beharko lirateke saiakera minimo batzuk hori aldatzeko. Nire inguru politikoetan ez da zalantzan jartzen eta ez da eztabaidagarria den zerbait.

“Kontzertuak amaitzen badira parrandak jarraituko du, baina barra ixten baduzu jendeak alde egingo du”
Ander Sagardoi

M. Alvarez: Hasieran jarrera edo ideia debekatzaileak izateko joera dugu, hautu politiko bat egin dugunez besteak demonizatzen ditugulako. Normala da alternatibak proposatzea, baina ezin ditugu diskurtso moralista eta kritikatzaileak izan. Ulertzen dut nondik datorren jendearen beharra, eta zalantzak ditut, baina amorrua ematen dit ez planteatzeak kontzertu bat barra barik.

O. Arana: Kapitalismoak behar batzuk sortzen ditu, eta izorratuta gaudenean, mina arindu eta produzitzen jarraitzeko sistema bat dago. Kontua ez da batek edo bestek edatea; kontua da ez dugula gertatzen dena arazotzat hartzen.

Argazkia: Ekaitz Zilarmendi / ARGIA
“Ulertzen dut nondik datorren jendearen beharra, eta zalantzak ditut, baina amorrua ematen dit ez planteatzeak kontzertu bat barra barik”
Maialen Alvarez

Hortaz, kolektiboan landu beharreko auzia da?

M. Alvarez: Arazo soziala denez, kolektiboki egin behar da hausnarketa. Baina ez dugu bakarrik alkoholaren eta tabakoaren inguruan hausnartu behar; jakin behar dugu nondik datozen gutxiago ikusten diren drogak edo ikusten ez ditugunak. Horien atzean pertsona pila bat dago beraien bizitza eta askatasuna jokoan jartzen dituztenak, betikoak aberasteko.

O. Arana: Droga mugitzen bada ez da agintariak tontoak direlako, atzean interes batzuk daudelako mugitzen da. Hirurok drogarik ez hartzeak ez dauka eraginik, baina kolektiboan antolatuko bagina, bai.

A. Sagardoi: Indibidualki lantzen badugu moralista hutsak izateko arriskua dago, eta nire ustez diskurtso hori ez da onuragarria.

M. Alvarez: Ematen du estatuak daukala diskurtso argi bat drogen kontra duen borrokaz, baina gero oso baliagarri zaio erreproduzitzen ditugulako dinamika berdinak aisialdi esparruetan. Gainera, erabiltzen dute pobrezia kriminalizatzeko, eta hor klase kontua dago.

A. Sagardoi: Azkenean kalteak beste herrialde batzuek jasotzen dituzte, Hegoaldeko lurraldeek.

Hortaz, militantziarako espazioak barraren bueltan sortzen direla iruditzen zaizue?

A. Sagardoi: Hainbat borrokatan aipatzen den bezala, arkitektura oso garrantzitsua da, eta askotan barra ezinbestekoa da. Zentzu honetan, espazio horietan ez dago argirik, ez dago lekurik, ez da entzuten eta ez da leku atsegina lagunekin elkarrizketa interesgarriak izateko. Adibidez, gazte asanbladan hasi nintzenean ikasi nuen lehengo gauza izan zen barra bat nola muntatu, kudeatu, nola prestatu kubatak, nola zerbitzatu garagardo bat. Irakaspen politikoa drogetara bideratuta zegoen, eta asanbladak nola kudeatzen diren ikasi edo zaintza landu beharrean, ikasi nuen nola zerbitzatu ongi garagardo bat.

Ander, Madrilgo Straight edge mugimendu ezagutu duzu; bertako jendea drogarik gabeko espazioak sortzeko antolatuta zegoen. Nolako dinamikak sortzen zituzten?

A. Sagardoi: Madrilgo zentro sozialetan eta leku okupatuetan egon nintzen, eta drogarik gabeko kontzertuak eta drogen aurkako jardunaldiak egiten ziren. Euskal Herrian Drogas, capitalismo y movimientos radicales liburua dago eta Topatu hedabidean, bere garaian, idazten ziren gaiaren inguruko testuak. Gaia presente egon da, baina ez da oso zentrala izan. Herri mugimenduan ere kolektiboan landu beharko litzateke.

 

Artikulu hau ARGIAren 2023ko Aktualitatearen Gakoak 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2023
Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -‘Nerium Oleander’-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


2023-08-03 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioko kideok podcast, film, serie eta dokumental hauek gomendatzen dizkizuegu.


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


2023-08-03 | Mikel Aramendi
Txina 2023
Txikiok handia uler dezakegu, asmoz eta jakitez

Zehazten gaitza den 2023ko egunen batean gogora ekarri beharrekoa izango litzateke; baina, itxura guztien arabera, oharkabean geratuko da. Baina gogoan izanda edo izan gabe, aurtengo urriaren 1ean 74 urte beteko ditu Txinako Alderdi Komunistak Herri Errepublikaren erabateko... [+]


2023-08-02 | ARGIA
2023an entzuteko hiru disko

ARGIAko lantaldearen eskutik, hiru disko proposatzen ditugu uda honetarako.


Iñigo Urrutia
“Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian”

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Feminismoa
Maitasun-harremanen piramidea hankaz gora jartzeko beharra

Norberaren barne-barnetik agerturiko sentimendu sakon eta sanoa omen da maitasunarena. Esfera pribatuan eta intimoan zokoratu ohi ditugu maitasun-harremanak. Ordena hori aztertzeko, galdekatzeko, bestelakotzeko eta iraultzeko saiakeretan dabiltza aspaldian feminismotik. Sistemak... [+]


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (V)
Ozaze: Bide huts, etxe huts

Ekainaren 3an Euskal Liburu eta Disko Azoka egin zen Ziburun. 2020ko hauteskundeetan aldaketa handia izan zen Lapurdiko kostaldeko herrian: abertzaleak nagusi dituen Ziburu Bizi zerrenda irekiak hogei urteetako gehiengoa irauli zuen. “Erakutsi behar dugu gai garela herriko... [+]


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (IV)
Beloki: Han goitik hautsa ikusten da

Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen,... [+]


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
IBILBIDEAK (III)
Erdiz: Baztango bazkaleku onenean, magnesita gose

Erdiz edo Erdizaga. Bertara eramaten dute azienda abeltzainek, Baztango bazkaleku hoberenak baitira hango larreak. 476 hektareako bazkalekua. Erregerena mendigunearen baitan kokatua, Baztan eta Esteribar haranen mugan. Herri lurrak dira, baztandar guztiek erabiltzen ahal... [+]


Eguneraketa berriak daude