Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

  • Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako literaturarekin. Sarritan mundu apokaliptikoen irudikapenarekin lotu izan dira mota horretako istorioak. Apokaliptikoak izango ez diren biharko munduez hitz egin dugu, ordea, Arrate Hidalgorekin eta Ixiar Rozasekin.


2020ko abuztuaren 02an - 09:51
Gorka Olmok Iban Zalduaren Bisita bat Arma Museora ipuina ilustratu du Zirriborroak eta gero proiektuaren barruan. Goikoa egitasmo horretarako sortutako lanetako baten zatia da.

Birus bat, ezezaguna, oso kutsakorra, mundu digitalaren erritmoan zabaltzen zena. Inor ez zegoen prest: Paris, Bilbo, Teheran, larrialdi zerbitzuak itota, Madril, Riad, Istanbul, heriotza datuak etengabe pantailetan, Dubai, Buenos Aires, Dakar, alarma egoera. Eta, bat-batean, dena eten zen. Isiltasun metalikoa kaleetan. Bazter oro hutsik, zulo kosmiko batek munduko jende guztia irentsi izan balu bezala. Baina ez: tarteka ikusten zen norbait oinez ehunka pertsona bizi ziren porlanezko bloke mortuen artean, maskaratuta, eskularruak jantzita eta erosketak egiteko poltsa ondo agerian –ez da komeni jendeak pentsatzea kalera atera zarela benetako arrazoirik eduki gabe; seigarrenekoa bizilagun bati irainka hasi zen aurreko astean–. Eta mundu osoko ekonomiak hondoratzen hasi ziren, kapitalismo garaikidearen oinarrietako bat den perpetuum mobile-ak ezin zuelako sinfoniarekin jarraitu nota disonante zaparrada horren erdian. Mugitzea heriotza da. Elkar ukitzea heriotza da. Hitz egiteak kutsatzen du gehien. Ez atera kalera ezinbestekoa ez bada. Adinekoak, kontuz. Haurrak, kontuz. Denak: kontuz. Orain arte bizi izan zareten moduak hil zaitzakete. Aukeratu behar duzue: bizitzari eutsi, ala atzo goizera arte bizitza gisa ulertu duzuen praktika sorta horri. Baina ez, zuek ez duzue ezer aukeratuko, guk aukeratuko dugu eta zuei zer egin behar duzuen agindu. 2020: distopia egi bihurtu den urtea. Gure egunerokoa Black Mirror telesaileko kapitulu sorta bihurtuta –hainbeste, ezen telesail britainiarra promozionatzeko, zenbait herrialdetako autobus geltokietan zera idatzi baitute, irudi baten ordez ispilu bat daukan kartel publizitarioetan: “Black Mirror. Seigarren denboraldia. Zuzenean orain, edonon”–.

Martxotik aurrerakoa hain izan da espero genezakeenaren mugetatik haraindikoa, gutako askok oraindik ez dugula barneratu gertatu dena. Industria editorialak badaki egoera arraro hori gure buruei esplikatzeko premia daukagula; horregatik hasiko zen COVID-19aren pandemiari buruzko titulu bat bestearen atzetik jaurtitzen, kasik gauzak gertatu baino lehen kontatuz eta aztertuz. Dendetako mahaiak gainezkatu dituzten liburu horietako gehienak saiakera generokoak badira ere, justua da esatea asmamen dosi handiak behar izan direla argitaratzen ari direnak idazteko, koronabirusaren osteko mundua nolakoa izango den aurreikustea bihurtu baita intelligentsiaren kirol gogokoena azkenaldian. Baina pandemia globalak libururen baten antzik izango badu, zientzia fikziozko lanen batena izango da.

Dena aurreikusi omen zuen liburua

Birusa Europara eta AEBetara iritsi zenean, hedabideetan asko aipatu zen 1981eko eleberri bat, Dean Koontzen The Eyes of Darkness, zeinak kontatzen zuen 2020 inguruan Wuhango laborategi batean garatutako birus batek nola jartzen zuen mundua hankaz gora. “Koronabirusa hitzez hitz aurreikusi zuen liburu” gisa erreskatatu zuten, brotxa lodi samarra erabiliz dena esan behar bada, xehetasunei begiratuz gero liburuaren eta bizitzen ari ginen errealitatearen arteko lotura erraz asko sailka baitzitekeen kointzidentzia gisa, harrigarria, baina ez gehiago. Nondik zetorren, ordea, hainbeste kazetari eta sare sozialetako erabiltzaileren grina liburu profetikoa aurkitzeko? Arrate Hidalgoren ustez, gure inguruan patroiak eta ereduak ikusteko beharra dugu, “errealitateak zentzua izan dezan, minak eta zorigaitzek barne. ‘Norbaitek hauxe idatzi zuen ez dakit noiz eta Wuhanen da!’. Agian lasaigarriagoa da pentsatzea zerbait egiteko gai izan ginela baina ez genuela ezer egin ‘gizakiok birusa garelako’, dena gure kontroletik kanpo dagoela sinistea baino”. Zientzia fikzio queer eta feministan aditua da itzultzaile eta editore hau, eta Bilboko AnsibleFest-en antolatzaileetako bat da –irailean egitekoa zen zientzia fikzio feministari buruzko jaialdiaren hirugarren edizioa, baina egoerak atzerapena behartu du–. Honelako egoeretan fikziozko lanetan zer bilatzen dugun galdetu diogunean, azaldu digu errealitatea istorioen bidez ulertzen dugula. “Batzuek ihes egiteko irakurri dute pandemia honetan; beste batzuek erantzunak aurkitzeko, agian. Baina istorioak, fikzioa, gure izatearen parte dira, eta pandemia batek ez du hori gelditzen”.

Arrate Hidalgo: "Apokalipsia etorkizunean kokatzen duen fikzioak alde batera uzten du maiz apokalipsia mundu honetan bizi dutenen esperientzia"

Hori bai, lehen gutako askok zientzia fikzioa etorkizun urrunetako istorioekin erlazionatzen genuen eta orain, aldiz, bihar goizeko eszenetan irudika dezakegu. “Nire ustez gertatu da orainak eta etorkizunak bat egin dutela askoren gogoan, eta orain etorkizunean bizi garelakoan gaude. Pandemiak etorkizunarekiko ezjakite eta ezegonkortasun handia sortu du norbanakoen artean”, azaldu du Hidalgok. Beraren ustez, ordea, arriskurik larriena birusa heldu aurretik errotuta zegoen sistema kapitalistaren bortizkeria are indartsuago bihurtzea da.

Hemen eta orain, bestelako munduak

Eta kezka horren hariari tiraka, berehala dator galdera: datorren mundua ezagutzen dugun hau baino hobea ez dela izango adierazten duten narratibak zer dira, boterearen diskurtsoa ala bizi dugun garai honen konstatazioa? Biek elkar elikatzen dutela uste du Hidalgok, baina ñabartu du ez dela garaiaren espiritua bakarrik, nagusi den ideologiarena baizik. “Apokalipsia etorkizunean edo beste errealitateetan kokatzen duen fikzioak alde batera uzten du maiz apokalipsia gure mundu honetan bizi dutenen –edo bizitzen ari direnen– esperientzia: herri indigenak, esklabo bihurtutako afrikarrak, berotze globalaren ondorioz haien bizimodu osoa galdu dutenak… Badago ‘apokalipsi’ kontzeptu inperialistari eta eurozentristari aurre egiten dion zientzia fikzioa, zorionez”.

 

Josune Urrutiak jarri dizkio irudiak Zirriborroak eta gero proiektuaren barruan Katixa Agirrek idatzitako fabulari.

Ixiar Rozas idazlearen ustez, “badakigu garai oso zailetan gaudela, aurrekaririk ez duen krisi orokor batean, larrialdi klimatikoa erabat barneratu gabe genuenean osasun larrialdia iritsi zaigula, ekozidioak eragiten ari garela, biztanle gehiegi garela munduan… Kontua da ikuspegi horrek ekintza bera blokeatu dezakeela. Paralisia sor dezake. Fikzioak paralisi hori gainditu eta etorkizunak irudikatzeko aukerak ematen dizkigu. Beste etorkizun batzuk eta haietara iristeko bidea irudikatu ahal izateko aukera”. Xede horrekin ekin zioten 2018an “Zirriborroak eta gero” proiektuari Rozasek berak, Arantxa Mendiharatek eta Idoia Zabaletak, Arabako Lasierra herrian dagoen Azala espazioan. Herrialdean martxan dauden alternatiben inbentario bat egin zuten lehenbizi eta, ondoren, hainbat idazleri eskatu diete esperientzia horietako bat aukeratu eta etorkizunean irudika zezala ipuin baten bitartez. Lau ipuin edo fabula ekarri ditu proiektuak oraingoz: Katixa Agirreren Loratze perimetroa –Errekaleor auzo autogestionatua ardatz hartuta–, Iban Zalduaren Bisita bat Arma Museora –Gerrarako Eusko Label Armak plataforma–, Danele Sarriugarteren Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan? –Lumínica Ambiental, argi-kutsaduran espezializatutako bulegoa– eta Karmele Jaioren Eskailerapeko –konfinamendu garaian antolatu diren zaintzarako auzo-sareetatik abiatuta–. Istorio guztiek dute amankomunean galdera bat, Rozasek esplikatu duenez: “Zer gertatuko litzateke egun gure lurraldean lanean dauden alternatiba horiek etorkizunean proiektatu eta zabalduko balira? Nolakoa izango litzateke etorkizuna?”. Idazlearen ustez, “zerbaiten hasiera” dira istoriook: “Etorkizunak imajinatzeko ohar sorta modura ere uler daitezke. Norabideak markatu ditzakete. Alternatibak, berriz, espazio sozial eta kolektibo gisa ulertzen ditugu. Behar batetik sortzen dira, aldaketaren beharra. Ekintzaren bitartez gizarte hobea bilatzen dute, denontzat, hobeto bizi eta hil ahal izateko”.

Egitasmo honek uztartzen dituen alderdi ugarien artean, Rozasi aipatu diogu arreta deitu digunetako bat: istorioak ez daudela atzerriko megalopolietan girotuta; ea bestelako munduak, mundu hobeak irudikatzeko tokikora itzultzea ezinbestekoa den. “Zirriborroak eta gero”-ri dagokionez, azaldu digu Azala espazioarentzat aukera polita dela Arabako lurraldean lan gehiago egiteko, “erroak botatzeko”. Eta laster, proiektuaren hurrengo fasean, Gipuzkoan ere zabaltzeko asmoa dute. Birtokiratzeaz gain, praktikan jartzen ari diren egiteko moduak ere nabarmendu ditu Rozasek: “Futuribleak deitzen ditugu. Futuriblea topaketa bat da, laborategi moduko bat, non alternatibako kideak, idazlea bera, eta aukeratutako gaian interesa duten pertsonak lanean jartzen ditugun. Dinamika bat aktibatzen da, Idoiak gidatzen du lan hori, joko moduko bat da zeinean etorkizunean proiektatzen dugun alternatiba bera. Joko horretan irudimena eta iruditeria eztandarazten dira, nolabait, denon artean. Komunean jartzen dira imajinarioak. Gero, idazleak saioan parte hartu ondoren, nahi duena egiten du material horrekin, erabil dezake ala ez, inspiratuko dio ala ez. Esperientzia interesgarria da Futuriblea, Azala espazioaren egiteko moduekin zerikusi handia dauka. Azalan idazketarekin esperimentatzeko esperientzia dezente izan ditugu, taldean”. Normalean idazleak bakarrik egiten baitu lan eta, Rozasen ustez, ohitura horretan ere agian badago “hutsune moduko bat”.

 

Maite Caballerok ilustratu du Danele Sarriugarteren Zirriborroak eta gero proiektuko ipuina.

Leku aldaketak

COVID-19a iritsi aurretik zientzia fikziozko literaturaren “une oso onean geunden” Hidalgoren arabera, “mundu osotik idazten ari denari begira, ikuspuntu queer eta ez mendebaldekoetatik gainera”. Horregatik, momentu honek badu bere arrisku puntua ere: “Espero dut pandemia honek ez ekartzea bakarrik birusei buruzko olatu bat. Badaukagu nahikotxo arazo eta erronka, birus honen eragina gauzatu duen sistema globalaren ondorioz”.

Ixiar Rozas: "Etorkizunean pentsatuz istorio bat eraikitzen duzunean, irudikatuz zein diren horra iristeko urratsak, leku aldatze bat gertatzen da"

Perspektiba feminista batetik begiratuta fikzio espekulatiboak klabe errealistagoan egindakoaren aldean zer aukera eskaintzen dituen galdetu diogunean, Hidalgok azaldu digu “gure sisteman normaltzat hartzen ditugun generoaren inguruko osagaiak hankaz gora jarri, tokiz aldatu edo guztiz ezabatzen” dituela fikzio espekulatibo feministak. “Fikzio errealistak ezin du hori egin. Beraz, uste dut fikzio espekulatiboak abantaila handia daukala beste gizarte batzuk irudikatzeko gaitasuna lantzeko orduan. Baita ere irudikatutako mundu horietan itxaropena edo gozamena aurkitzeko”, erantsi du. “Hori ere bada aktibismo feminista”.

Rozasen ustez berriz, fikzioaren bidez “aldez aurretik existitzen ez den zerbait irudikatzen duzu. Izan fikzio errealista edo espekulatiboa. Ez dakit aukera gehiago eskaintzen dituen azken honek. Fikzio espekulatiboa erabiltzea alternatiba horiek ikustarazteko modu bat izan daiteke. Eta dikotomiak gainditzekoa”. Izan ere, etorkizuna irudikatzeko modu “ezkor” eta “baikor” hutsetatik harago joateko premia nabarmendu du Rozasek. “Fikzio espekulatiboan beharbada irudimenak gehiago jolasten du iragana, oraina eta etorkizunaren arteko tentsioekin. Posiblearen eta ezinezkoaren arteko tentsioekin. Eta beste modu batzuk posible izango balira? Antolatuko bagina? Eta benetan zabalduko balira? Irudikatu horrelako zabaltze prozesu bat… Galdera asko mugitzen dira hor”.

Gauden honetan, errealitateak –edo honi buruz dugun pertzepzioak behintzat– ez du aukera handirik uzten diferentea den zerbait imajinatzeko; beharbada horregatik dira lehen baino are beharrezkoagoak aukera berriei leihoak irekitzen dizkieten istorioak. “Bizi duguna arrazoiarekin pentsatzen badugu, ezkorrak izatea beste erremediorik ez dugu. Paralisia gainditzeko, ordea, ekintzaren, borondatearen baikortasuna behar dugu”, azaldu du Rozasek. “Eta istorio bat eraikitzen duzunean etorkizunean pentsatuz, pentsatuz zeintzuk diren etorkizun horretara iristeko eman beharreko urratsak, orduan leku aldatze bat gertatzen da”. Bestelako etorkizunak irudikatzen dituzten istorioak leitu bitartean, irakurleek ere desplazamendu hori egiten hasteko aukera izan dezakete eta, beharbada, baita inguratzen dituen errealitate horretan aldatu dezaketenaz pentsatzen hasteko ere.

Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. Paperean irakurri nahi baduzu, Azokan eros dezakezu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | Z. Oleaga
Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


Antonio Aretxabala, geologoa
“Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean”

Joan Josep Boch ekonomialariari maiatzean egin genion elkarrizketan berak zioen lagun baten esanetan planetak ez zuela negoziatzen, eta ekonomiaren uzkurtzea bai ala bai etorrriko zela. Geroxeago jakin genuen lagun hori Aretxabala zela. Uztail hasieran aurkeztu zen Sustrai... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Familiak alarma-egoeraren ostean
Pandemiari biziraun eta gero, lanetan itotzear

Koronabirusak bistan utzi ditu sistema kapitalistaren josturak, eta edonork esango luke horiek errematatzeko xedea izan duela agintariek egindako osasun krisiaren kudeaketak. Bizitza eta kapitalaren arteko norgehiagokak goia jo duen osasun larrialdi egoeran ere, gobernuetatik... [+]


2020-08-02 | Estitxu Eizagirre
Nolako eskola behar du gaurko munduak?

COVID-19ak agerian jarri ditu hutsuneak eta ondorio nagusietakoa izan da ikasketetan ere klase sozialen arteko desberdintasuna handitu dela, etxeetako maila sozio-ekonomiko eta kulturalaren arabera ikasleek gehiago edo gutxiago eutsi ahal izan baitiote eskolako ikasketei... [+]


Emakume langileak osasun krisian
Lehen lerroan bai, aitortza errealik ez

Martxoan etxean gelditu ginen eta ikusi genuen nola batzuk bizirauteko oinarrizkoa den guztiari eusten ari ziren: zaharrak zaintzen egoitzatan eta etxe partikularretan, ospitaletan eriak artatzen, garbiketa lan sakonak egiten, farmazian herritar aztoratuak artatzen... Eta ikasi... [+]


Elikadura burujabetza Euskal Herrian
Nekazariez gain, erronka instituzio eta herritarren esku ere badago

Azken urteetan geroz eta gehiago hitz egiten da elikadura burujabetzaz, gero duin eta osasuntsu bat segurtatzeko bidean ezinbesteko osagai gisa kokatuz. Koronabirusak eragin krisi globalak are gehiago begi-bistan jarri digu zein baitezpadakoa zaigun gure elikadura beharrak... [+]


Paperak denontzat, sistematik kanpo utzi dituztenen aldarria

Pandemiak ikusgarriago egin du migratzaile askoren errealitatea: bazterkeria sozialera, lan baldintza ankerretara eta arrazakeria polizial eta instituzionalera kondenatzen ditu legeak berak, pertsona ilegaltzat dituelako. Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik... [+]


Oroimenerako ibilbideak
Iraganera bost bidaia, Euskal Herritik atera gabe

Ez pentsa dena oker jarri duenik pandemia honek. Adibidez, zorte apur batekin, Euskal Herria berrezagutzeko abagunea izango duzu uda honetan, herri memoriaren bidezidorretan aspaldi galdu ziren txokoak. Disidenteen lurraldeak, lurralde ahaztuak, ahaztuen lur komunalak... hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude