Zuzendariek ez dutela birziklatzen?
Hernanin jendea gero eta harrituago dabil bertaratzen diren kazetarien galderekin eta emaitza plazaratzerakoan darabilten hizkerarekin, hondakin sistema berria dela eta alegia. Harrigarriak galderak. Sukaldean badaukazu aski leku? Nola antolatzen dituzu hainbeste frakzio ezberdin? Organikoaren usaina nola kudeatzen duzu? Ordutegi jakinak edukitzearekin nola moldatzen zara? Nola? Harritzeko adinako ezjakintasunez beztiturik datoz periodistok, berak jabetu ez arren. Ez dago Usurbilen jaioa izan beharrik jakiteko sukaldean organikoak bere ontzian bereizita bizpahiru egunetan usainik ez duela, bostgarren edukiontzi famatua usatzen dutenen artean badute horren berri, zer esanik ez baratzean edo jardinean konposta egiten dutenek. Hainbeste ontziren konplikazioarena… Bilboko herriak ere ez al dauzka kaleetan aparkatuta gutxienez errefusarena, ontzi arinena, paperarena eta bidrioarena, lau? Seguru batzuek usatzen dituztela. Ordutegiei dagokienez, gure Donostia maitian ilunabarretan mundu osoko turisten liluragarri poltsaz eta kartoiz ingurututako kontainer ponpoxoek garbi asko dauzkate idatzirik zakarrak uzteko ordu baimenduak. Hala ere, kazetarion aldetik, edukiaz gain gero hondakinez jarduteko modua dago, hizkera carpetovetonico hori, basura, porquería, desechos eta abar. Non daukate burua periodista horien arduradunek? Oinezko kazetariek erredaktore bana eduki behar dute gainetik, eta honek erredaktoreburua, eta guztien gainetik zuzendaria. Telecinco bezala telezaborra egiten duenarekin ulertzen da, baina nola esplikatu Diario Vasco, Teledonosti, EITB, El Pais edo Noticias de Gipuzkoan publikatu diren kronika askoren desastrea? Hernaniko kalean zabaldu da horien zuzendariek ez dutela beren etxeetan hondakinik bereizten.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks