argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren bizitza
Ula Iruretagoiena 2025eko apirilaren 16a

Hainbatetan esan izan didate arkitektoen lanaren gauzarik indartsuena dela ekoizten duguna betikotu egiten dela. Eraikinaren betikotasunak gizakiaren presentzia tenporala gainditzen duela eta geroko etorkizunean iraunkor egingo gaituela. Eta liburu batekin gertatzen ez den bezala, materialtasunak beste sendotasun bat gaineratzen dio hilkortasun ezari. Hilezkor bilakatzen gara egin dugun eraikinaren bizitzaren bidez. Espiritualitate kuriosoa, arkitekturak zenbaitzuei eskaintzen diena.

Hilezkortasunean pentsatzen dutenekiko urruti, Europak ezarri du eraikinen gutxieneko bizi-iraupena 50 urtetakoa dela, kasik giza bizitza zikloaren erdia. Baina Japoniako kulturan 25 urtetan ezarria dago, belaunaldi aldaketa bat gertatzen deneko denbora-tartea, ulertzen baita eraikina beste materia bizien kategoria berean dagoela: iraunkortasunik ez duen entitate bat. Mendebaldeko bizi ikusmoldean 50 urtetako bizi zikloa laburra egiten zaigun arren, zehaztapen-denboraren arrazoia da irudikagarria den eraikinaren heriotza diseinatu behar dela eraikinaren bizi-zikloaren parte bezala. Hau da, pentsatu beharko da eraikitzen denaren desagerpen bide posible bat (desmantelatu, piezetan banatu eta birziklatu...). Eta ariketa horren helburua oso pragmatikoa da: eraikinaren bizitzako luzapenak jaurti ditzakeen CO2 isurien kalkulua egitea.

Eraikin askoren patuan bizi-ziklo asko ematen dira, gizakion bizitzen arabera erabilera-, itxura-, eskakizun-teknikoen aldaketak. 50 urteko epean irudikaezinak diren bukaera eta hasiera zikloak emango dira, hainbeste faktorek eragiten dute eta! Eraikinean biziko direnen bizitza partikularren gertakizunak, klimaren ekintzak, mantentze ezarenak, gizartearen espazio ulermenak, lehentasun kulturalak, politika berriak... Aurreikuspen bat egin nahi izatea eraikinaren bizitzaren autofikzio ahalegin bat iruditzen zait, literaturako ariketa bat, arkitekturakoa baino gehiago. Transzendentalitate eta pragmatikotasunaren erdibidean.