Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik uzteko momentua, erantzunak emateko edo jasotzeko urgentziarik gabe.
Kontua da, egun, jolasteko edo galdetzeko eta ulertzeko denbora murrizten ari zaigula. Erabakiak hartu behar dira, arin! Berehalako emaitzen presioak harrapatu gaitu. Ez ote da helduona urgentzia hori? Ez ote gara ari helduon lehiakortasun eredu bera promozionatzen? Zer dira bestela MasterChef edo Eurovision Junior moduko programak? Haurtzaroa ezabatzea suposatzen dute? Errendimenduaren gizartea, agian, haurtzaroaren kontrako gizartea ere bada.
Jolastea kontu serioa da umetan, ez da entretenimendu soila: mina, heriotza, sexualitatea eta bakardadea irudikatzeko modua izan daiteke
Telebistaren inguruan, dena den, bestelako irakurketa bat egin zuen 1982an Neil Postmannek, Haurtzaroaren desagerpena deituriko saiakeran. Haren ustez, gurasoak etxetik kanpo lan egiten hasi zirenean, umeak pantailaren aurrean utzi zituzten. Horrekin batera, haurrek helduon kontuak zuzenean ikusi zituzten eta, beraz, telebistaren etorrerak, “haurtzaroaren amaiera” delakoa ekarri zuen. Pantailak agerian utzi zituen, gordin-gordin, sexualitatearen eta heriotzaren moduko gaiak. Aurreko garaian, irakurtzen jakitea ezinbestekoa zen helduon “sekretuetara” iristeko. Oso bestelakoa da liburuen logika! Ikus-entzunezko komunikabideen nagusitasunak, aldiz, berdindu egin ditu haurtzaroa eta helduaroa; bien arteko bereizketa hautsi du. Eta pentsa joera hori zenbateraino garatu den mundu digitalaren garaipenarekin. NBEren txostenaren arabera, online pornografia 12-17 urteko haurrek kontsumitzen dute batez ere… Postmannen ustez, xalotasuna eta sekretua dira haurtzaroaren ezaugarri; orain, garden erakusten dira norbere kabuz esperimentatu eta apurka-apurka deskubritu beharrekoak.
Kontuak kontu, errendimenduaren logikatik kanpo, haurtzaroan galdetzeko, ikertzeko eta jolasteko denbora “galdu” hori berreskuratu beharko genuke? Galdutako denborari esker egiten gara heldu! Jolastea, gainera, kontu serioa da umetan, ez da entretenimendu soila: mina, heriotza, sexualitatea eta bakardadea irudikatzeko modua izan daiteke. Superheroietara jolastea mugak irudikatzeko modu bat da; ezkutaketan aritzea, helduari “Gal nazakezu? Ni bilatzeko adina maite nauzu?” galdetzeko bidea. Desira ez baita sekula anonimoa izaten, eta horren aztarnaren bila aritzen dira umeak buru-belarri, jakintza propio bat eskuratu nahian… Beraz, ondo legoke haurtzaroaren denbora bizirik mantentzea: etorkizuna urgentziarik gabe eraikitzeko denbora izatea.