Bai, bai, holaxe. Ez naiz harago joatera menturatzen. Pleonasmo bat dela? Tautologia bat agian? Baliteke, baina egia-oste deitzen dioten garai honetan, oinarri-oinarrizko egitateak beharrezkoak dira. Begira, bestela, “Ez da ez!” lelo indartsuari. Bagenekien hori horrela zela lehenagotik ere, baina egia bat mila aldiz esateak ez du gezur bilakatzen.
Harago joatera menturatzen da Leire Zalakain Trianni, zeinak artikulu jakingarri bat argitaratu berri baitu Euskal Herriko eta Eskoziako izendapen-patroien gainean. Honela hasten da haren lana, ingelesetik euskarara nola edo hala ekarrita: “Denok dugu izena. Denok ditugu geure izenarekiko iritziak, baita besteenekikoak ere. (…) Maiz, iritzi hori lotuta egoten da pertsona baten izenak haren identitateaz agertzen duenarekiko guk dugun hautematearekin. Izen batek adieraz dezake pertsona baten generoa, adina, klasea, arraza, nazionalitatea (…). Ezin hobeto jabetzen gara denok, beraz, izenen ahalmen identitarioaz”. Konbentzitu nau Zalakainek; izena duenak badu izena, dudarik gabe, baina zerbait gehiago ere bai.
Guraso progre-jator asko azkenaldian 'norguayagoka' moduko batek bizi ditu, gaitu, nork jarri izen bereziagoa bere seme-alabei, ezohikoagoa, bakanagoa
Izan ere, oraindik tripa barruan den umearen sexuari buruz galdetzea delikatu bihurtu denetik, saihesbidea hartu eta zuzenean izenagatik galdetu ohi diet maiz gurasoei. Gainera, Zalakainek arrazoi izatekotan, pentsa zenbat informazio atera dezakedan erantzunetik. Eta egia-oste deitzen dioten garaia halakoa baita, guraso progre-jator asko azkenaldian norguayagoka moduko batek bizi ditu, gaitu, nork jarri izen bereziagoa bere seme-alabei, ezohikoagoa, bakanagoa.
Frantsesa praktikatzen laguntzen didan solaskide suitzarrarekin horixe etorri zen hizpidera aurreko batean: zer adierazten du seme-alaben izen bakoitzaren hautuak gaur egun? Gaia bere luze eta zabalean zirraragarria bazait ere, guraso progre-jatorron hautuetara mugatu nintzen batez ere. Bada, solasaldiaren ondoren, parkera atera, eta izandako berriketa aipatu nion gurasotasun progre-jatorrean kide dudan gizon bati, eta irri egin zidan: “Ze, ez duzue gai askorik aurkitzen hitz egiteko, ez?”. Josep Pla-ren amics, coneguts eta saludats [lagunak, ezagunak eta agurtuak] eskalan, ordura arte lehen bien artean zalantzarik baldin banuen, bigarren kategorian finkatu zen.
Nolanahi ere, izenena kontu korapilatsua da. Badut beste conegut adinkide euskaldun bat Zigor izena duena, eta Irungo haur-eskola batek Kuttuna du izena… baina baita hiri bereko joko-areto batek ere.