Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante Yucatanen, Mexikon, feminizidioa eta indigenen kontrako politikak eguneroko ogi diren tokian.
Antropologoa da, maia komunitateko kide bere herrian, militante eta aktibista, U Yich Lu’um eta Pékbal Waye’ erakundeetako kide, besteak beste. Garabide Elkartearen hizkuntza biziberritzeko Aditu formazio programan parte hartu zuen joan den udazkenean, eta orduantxe hitz egin genuen berarekin. Hizkuntzaz hizketan hasi, eta, elkarrizketaren harian, Yamilik erakutsi zigun hizkuntza minorizatuko hiztunak daraman karga pisuaz. Are zama astunagoa emakume indigenaren kasuan.
Garabideren Aditu formazio programan izan zinen udazkenean, hizkuntza biziberritzeko lanean. Zertan da maia hizkuntza zeure bidean?
Haur garaian, nire inguruan maiaz hitz egiten zuten. Pertsona larriak maia elebakarrak ziren. Nik amamarekin ikasi nuen maiaz hitz egiten, eta hura elebakarra zen! Inguruan ere maia hizkuntza zen nagusi. Zuk inori ezer gaztelaniaz eskatu, eta ez zen harritzekoa erantzuna maiaz jasotzea, beste gabe. Gurean, gurasoek maiaz hitz egiten zuten, kasik besterik ez zekiten, eta halaxe hazi zituzten bi seme zaharrenak. Hirugarren seme-alabaz gero, berriz, gaztelania sartzen hasi zitzaizkigun. Hor bada datu jakingarri bat, hala ere. Gauza ez zen besterik gabe aldatu.
Zer izan zen tartean, jakin baliteke?
1960ko hamarkadako kontuak dira. Herrian lantegi bat itxi zuten, komunitatearentzako diru-iturri zena, eta, orduan, gizonak hirira jotzen hasi ziren, emakumeak etxean utzirik. Eta hirian, gizon haiek gaztelaniaz hitz egin beste erremediorik ez zuten. Garai hartantxe erabaki zuen gure aitak etxeko txikienei gaztelaniaz hitz egitea. Hortaz, gurasoek seme-alaba nagusiak maiaz hazi zituzten, eta ni eta nire atzetik jaio zirenak, aldiz, gaztelaniaz. Hala ere, gaztelaniaz hitz egiten nuen arren, nire egitura mentala maia zen. Unibertsitatera hasi nintzenean ohartu nintzen horretaz.
Zer esan nahi duzu? Zertaz ohartu zinen unibertsitatean?
Hasteko, asko kostatzen zitzaidan gaztelaniaz ezer idaztea. Nire tutoreak esaten zidan: “Tartzanezkoa idazten duzu!” [Tartzan fikziozko pertsonaiak bezala]. Eta nik, neure artean: “Zer esan nahi du, ordea?!”. Eta, nonbait, ez nuen gaztelaniaren hitz ordena errespetatzen; neure erara baliatzen nituen subjektua, aditza eta objektua. Gogoan atxiki dut zera hori, “Tartzanezkoa” idazten nuela, alegia, baina salbaia nintzela eta beste gauza asko ere esaten zizkidan. Ohartu nintzen maiaz hitz egiten nuela, edo amamaren altzoan ikasitako maiaz hitz egiten banekiela.
“Aitta, amatxo… hemendik atzera niri maiaz hitz egin”. Sekulako aurkikuntza egin nuela iruditu zitzaidan, ohartu bainintzen maiaz hitz egiteko gauza nintzela! Ez nekien maiaz banekiela!"
Unibertsitatera sartzean ohartu zinen.
Bai, 20ren bat urte nituela. Hamaika urte nituen, esaterako, zapatisten altxamendua gertatu zenean, eta nire anaietako bat mugimenduko militante izan zen. 17 urtetan, berriz, neure buruari galdezka hasi nintzen: “Zer da, ordea, indigena kontu hau? Zer dela-eta erabiltzen du huipil-a [brusa brodatu luzea] gure amamak? Zer dela-eta du gure aitak larruazal kolore hori? Zer dela-eta ez daki gure amak gaztelaniaz behar bezala hitz egiten? Zer dela-eta erabiltzen zuen aitaitak mandil-a? [mantala]”… Galderak bata bestearen ondotik zetozkidan! Hamazazpi urte nituela neure buruari egindako galderek indar handia hartu zuten hogei urte nituenerako.
Antropologia ikasketak egin zenituen, dakigunez.
Bai, eta inoiz baino nahasiago nengoen, nire galderen erantzunik den gutxiena ere ez bainuen! Eta, bidean, emakumeekin topo egin, eta feminismoa ezagutu nuen, eta emakume indigenak. Esaterako, mugimendu zapatistak horixe erakusten zuen, emakumeen adorea. Andre haiek hitza zuten, eta, bestalde, ni bezalakoak ziren, eite berekoak! Perfil bera genuen, kolore bera, garaiera bera… Zer edo zertaz ohartu nintzen, duda gabe, zeren eta, halako batean, gurasoei esan bainien: “Aitta, amatxo… hemendik atzera niri maiaz hitz egin”. Sekulako aurkikuntza egin nuela iruditu zitzaidan, ohartu bainintzen maiaz hitz egiteko gauza nintzela! Ez nekien maiaz banekiela!
Ez zenekien bazenekiela… Badirudi korapilo bihurria askatu zenuela.
Oso inportantea izan zen, eta liberatzailea, hiriburura itzuli nintzenean, eta fakultatera sartu, ez bainuen dudatu: “Herri jakin batekoa naiz; are, herri jakin batena naiz, nire aitaita-amamena naiz… Badakit zergatik erabiltzen duen amak hupil-a, baita zergatik diskriminatzen gaituzten neska eta emakume indigenok!”. Eta horretaz jabetzeak bihotza urratu zidan behin eta berriz.
"Bidean, emakumeekin topo egin, eta feminismoa ezagutu nuen, eta emakume indigenak. Esaterako, mugimendu zapatistak horixe erakusten zuen, emakumeen adorea. Andre haiek hitza zuten, eta, bestalde, ni bezalakoak ziren, eite berekoak!"
Zertan zen diskriminazio hori?
Eskolan, adibidez, ez ziguten uzten janzten guk nahi bezala: pil-a, alegia, oraintxe jantzia dudan brusa hauxe. Bestalde, nire komunitatean ez zegoen erdi- edo goi-mailako eskolarik, eta goragokorik ikasi nahi izanez gero, hiriburura migratu beste erremediorik ez genuen. Hara orduko, ikaskideen eta irakasleen txantxa, iseka eta burla mingarriak jaso behar! Batean, gure maia deituren kontura —eta Chan Dzul dira nireak!—, eta, bestean, berriz, gure sorterriaren aldera, gu herri txikikoak baikinen. Seinalatu egiten gintuzten, seinalatuak ginen, eta seinalatuak sentitzen ginen. Eta, arestian esan dizut, maiaz hitz egiten banekiela ohartu nintzen eta, era berean, ez nuela espainolez zuzen hitz egiten.
Gaztelania Tartzanezkoa, irakasle hark esan zizunez. Eta badakigu nola hitz eginarazten zieten Tartzan eta Janeri.
Horixe! Gaztelania Tartzanezkoa! Kar-kar! “Ez dakit maiaz hitz egiten, ezta gaztelaniaz ere! Nor naiz? Nola idatzi behar dut tesia?”. Baiki, neke handiz idatzi nuen, leherrenak eginda ere ezin erredakzioa mendean hartu! Nire historia pertsonala ez ezik, askorena ere bada kontatzen ari naizena. Nire anaiaren belaunaldiak, esaterako, historia mingarri horixe bera bizi izan zuen, baina, haren kasuan, arrazakeria eta diskriminazioa askoz pisuagoak izan ziren. Nik esango nuke orduko pertsekuzioak apaltzera egin duela, arrazakeria eta diskriminazioa ez direla garai bateko heinera heltzen, eta ikasle indigenak maila goragokoetara heltzen ohi direla.
Arrazakeria eta diskriminazioa garai batekoak ez badira ere, halakorik bada oraindik?
Bai, baina geu ere indartzen ari gara, Pékbal waye’-z [“Mugimendua hemen”] ari naiz, esaterako: sare sozialetan gaude, lotsarik gabe erakusten ditugu geure aurpegiak, eta, hiriburuan ere, Meridan, garen bezala erakusten ditugu geure buruak, edo lehengo lotsarik gabe, bederen. Kantuak egiten eta zabaltzen ditugu. Ahalduntzen ari gara, taldearen babesera bildurik, nor bere gisara jardunda ezinezkoa baita. Esanak esanagatik ere, alferrik dabiltza, hiriburua zuria da oraindik, arrazista. “Merida zuria” esaten diogu guk.
“Merida zuria”. Ba ote?
Bai, elite indartsu batek agintzen du han oraindik, eta halakoxe erabakiak hartzen ditu. Baina esperantzatik ere hitz egin nahi izaten dut nik, hizkuntza biziberritzeko mugimendutik, eta beste hamaika mugimendutatik. Eskubideak geureganatzen ari gara, eta hainbat espazio irabazten. Eta guk espazioa irabazi, eta eliteak galdu, baina, jakina, eliteak elite izan nahi du beti, ez du ezer galdu nahi izaten. Aitzitik, gero baino gero indartsuagoa izan nahi du. Eta egoera zaila da guretzat, botere politikoak ez baitu maia herria gogoan hartzen, baina ezta ezertarako ere! Pentsatu ere ez maia herriarekin ez maia herriarentzat ezer egitea.
Ordezkari politikorik baduzue nazioan, eskualdean, herrian?
Beti bada baten bat, edo baten batzuk, kargu politiko inportantea duenik. Baina horiek ere nekez eutsi ahal diote gure komunitateen aldeko politikak sustatzeari. Edo proiekturen bati ekinda ere, ez dute lortzen hari segida ematerik. Mikro-, makro- eta erdi-mailan gertatzen zaigu, herrian, nazioan nahiz eskualdean: gure ordezkariak –formazio politikoa jasotakoak–, bateko eta besteko erakundera heldu, eta delako haren funtzionamendura egokitzen dira. Halaxe gertatu zaigu, adibidez, Herri Indigenen Institutu Nazionalean ari diren zenbait kiderekin –eta militante zapatista izan ziren–, edo Nazio Biltzar Indigenakoekin. Egokitu egiten dira, eta, azkenean, komunitateak galdu egiten du haiengan jarritako konfiantza, eta galtzen ditu esperantza guztiak. Nazio Biltzar hori jaiotzen lan egindakorik, adibidez, gaur egun… Tira, hobe dut isildu.
"Hiriburura migratu beste erremediorik ez genuen. Hara orduko, ikaskideen eta irakasleen txantxa, iseka eta burla mingarriak jaso behar!"
Zeure komunitatean, genero arduraduna ere bazarela salatu digute. Zertan da zure lana?
Uf!
Kar-kar! “Uf!”.
Bai, “uf!”. Ezin niezaioke galdera horri erantzun, ni neu naizena edo egiten dudana bazterrera utzirik. Gure organizazioan, U Yich Lu’um-en, nesken eta emakumeen kontrako bortxakeria ikusirik, hitz egin nahi izaten dugu. Neska eta emakume horietako askok guregana jotzen dute, honetaz edo hartaz galdezka, edo zenbait gauza eskatzera. Besteak beste, horrexek ekarri nau Garabideko egonaldira, komunitatean ikasi dudan gauza batek, generoaz hitz egiteak, jendea aztoratu egiten duela. Deseroso zaio.
Zer zaio deseroso, zehazki?
Nork bere pribilegioen gainean pentsatzea. Nire intentzioa, aldiz, horretaz gogoetatzea da. Genero hitza ez bazaigu gustatzen, asma dezagun beste izenen bat, baina negoziaezina da gizon-emakumeen arteko harremanaz gogoetatu beharra. Identitateen gainean hitz egin behar dugu, gazteen artean diren dibertsitate sexo-generikoei buruz… Gai hauez hitz egiten hasten garenean, beti jasotzen dugu halako erantzunen bat. “Nik batzarretan hitz egin nahiko nuke, baina inork ez dit kasurik egiten”. Eta, guk: “Eta, adiskidea, norekin partekatzen duzu zeure kezka hori?”. “Inorekin ez, inork ez baitit kasurik egiten, ezta familiak ere!”. Eta gure gogoetaren puntu bat gehiago: ez dugu etsairik egin nahi. Gizonak ez dira gure etsai, burkide eta gogaide ditugu, eta, beraz, jar gaitezen, hitz egin dezagun, senti gaitezen deseroso, egin dezagun negar elkarrekin… Egin dezagun behar dena.
Hizkuntza biziberritzeaz jardutea da gauza bat, planteatzen ari zarena, beste bat. Elkarbanatu duzu gogoeta hori Garabiden kide gertatu zaizkizunekin?
Uf!
“Uf!”, berriz.
Bai… Zaila da gai hauei buruz hitz egitea, deseroso da. Hizkuntza kontzientziaz hitz egitea, bai, erraza da, baina gizon-emakumeen arteko harremanak zertan diren arakatzea, aldiz, guztiz nekeza, nork bere burua aztertzea ariketa deserosoa delako. Hala ere, badut esperantza, beste zenbait kidek ere –izan emakume, izan gizon– horixe bera esan dutelako: “Hitz egin dezagun horretaz ere! Hizkuntza biziberritu nahi badugu, gure harremanak zertan diren ulertu beharra dugu!”. Garabideko egonaldian, zenbait irakaslek –emakumezkoak, oro har–, ariketak ere proposatu dizkigute, erakutsiz hizkuntza minorizatuen egoera eta emakumeena eskutik doazela, bietan ere menderatzaileak eta menderatuak baitaude; batzuetan pertsonak dira, beste batzuetan organizazioak.
Mexikotik zatozkigu, eta nahitaezkoa da gaia: Ciudad Juarez, emakumeen hilketak.
Emakumeen kontra jotzeko guztizko intentzioa dago, emakumeen eta neska txikien gorputzen kontra jotzeko… Ez alferretan eman diote feminizidio izena, ezta? Gure herri mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak eta haien gorputzak erabiltzea, laidoztatzea, hiltzea. Boterea beti da botere, eta laguntzaile ditu esfera politikoa, narkotrafikoa, delikuentzia, estatu militarizatua… Botereak agintzen du, eta botereak osotasun bat du, bera da dena. Emakumeak akabatzea, beraz, organizatzen ari diren komunitateen kontrako estrategia da, errealitate jakin batzuk eraldatu nahi dituzten komunitateen kontrakoa, eta emakumeen gorputza ez da estrategia horren parte bat baizik. Berdin egiten dute enpresek ere.
Multinazionalek, esan nahi duzu?
Boterearekin bat eginak bizi diren enpresez ari naiz. Komunitate zaurgarriak bizi diren tokietara etortzen dira, eta komunitateok are zaurgarriago egiten dituzte, hango langileen bitartez, emakumeak gutiz gehienak. Biolentzia gogor hori Ciudad Juarezen hasi zen, Mexiko iparraldean, eta, ezari-ezarian, hegoalderantz egin zuen, eta hego-ekialdera heldu zen, Yucataneraino. Biolentzia nazio osora hedatzen ari da, emakumeen eta neska txikien kontra jotzen du. Magno botere hori, bestalde, komunitateen baitan erreproduzitzen ari da, pentsamendu patriarkal eta matxistaren bitartez, alegia.
"Biolentzia gogor hori Ciudad Juarezen hasi zen, Mexiko iparraldean, eta, ezari-ezarian, hegoalderantz egin zuen, eta hego-ekialdera heldu zen, Yucataneraino"
Adibidez?
Adibidez, emakumeak familiaren eremuan bortxatzen dituzte: osabak dira, edo aitak, edo aitaitak. Biolentzia patriarkal bera erreproduzitzen da komunitateetan! Hargatik zaigu baitezpadakoa harremanei buruz hitz egitea, emakumeok bortxa horretatik libra gaitezen. Tira, gure kasuan, emakume gara, indigena gara, prekarizatu gara! Horixe da gure panorama! Gure lurraldean oinarrizko eskubideak ez dira betetzen. Nazioarteko lege, itun eta tratatuen babesa dugu, Mexikok denak baititu sinatuak… baina sinatutakorik ez du betetzen!
Yamili… beldurra sentitzen duzu?
…Mmm… Ona, galdera!…
Bat bada ere, ona egin behar izaten dugu.
...Eta bai, beldurra dut. Gazteen artean hainbeste depresio eta antsietate izatea, ez da zorizkoa, ez da kasualitatea. Gazteek sentitzen dute megaproiektuak beren lurretara heltzen ari direla. Eta, arestian esan dizudana, urruneko biolentzia gero baino gero hurreago dugu, eta nazio edota estatuaren baitako megabiolentzia hori –gobernua, narkotrafiko, militarizazioa–, familien barrura sartzen ari da. Beldurra dut. Garapen olde handi hauek ez dira berriak, baina beldur naiz ez ote diren gure lurrean gero eta barrurago sartuko.
Baliteke horrelakorik gertatzea?
Beldur ematen dit. Esaterako, gure komunitateak mendi eremu bat du, non behar duguna ereiten dugun. 11 familia bizi gaituzu, bi komunitatetan banaturik. Gero eta gehiago izan nahi dugu, baina beldur ematen dit botereak gu kapsulatzea, eta gero eta kapsula txikiagoetan bizi behar izatea, eta azkenean desagertzea. Horixe gertatzen da hizkuntzaren biziberritzearekin ere, gero eta kapsulatuago gaudela.
Biltzerik ez duzue bateko eta besteko erakundeak, eta indar egin?
Zaila da biltzea, biolentzia hortxe baita beti. Gu, esaterako, ezin gintezke Mexiko Hirira joan, ezta San Cristobalera ere –gure lurraldetik hurre badago ere, 13 ordura–, han eta hemen komunitate zapatisten kontra atentatuak egiten ari baitira. Alferrikakoak dira nazioarteko tratatuak, giza eskubideen aldeko deiak… Kazetariak etortzea dugu burubide bakarra, zeren nazioartea begira dagoenean baizik ez da biolentzia-maila apaltzen. Iloba dut, esaterako, esanez bere burua antolatzeko beldurrez bizi dela, etorkizunak zer ekar lezakeen ez dakielako. Edo koinata batek esandakoa: “Yami, seme-alabak ditut, ezin naiz nazioaren martiri izan, desagerraraz nazakete”.
"...Eta bai, beldurra dut. Gazteen artean hainbeste depresio eta antsietate izatea, ez da zorizkoa, ez da kasualitatea"
Zuk beldur hori izan duzu?
Momentu jakin batzuetan, bai. Biolentzia hori guregana heltzen ari da, nire zenbait lagunek bizi izan du. Manifestazioetan-eta, Yucatanen, gure hurre-hurrekoak kartzelatu dituzte, justifikaziorik gabe, beti. Guk babestuta gaudela sentitzen dugu, komunitatearen barruan bizi garelako. Neure komunitatea dut nire toki segurua, eta akabatzen ari da. Ikaragarria da: toki seguru hori ere, gero baino gero txikiagoa da. Zenbaitetan, gure organizazioak ez du amparo-rik sinatzen [megaproiektuen kontrako lege proposamenak], geure buruak arriskuan ez jartzeagatik.
Hizkuntzaren biziberritzeak ekarri nau zugana, baina egia latzik kontatu didazu...
Ez da erraz kontuok inorekin hitz egitea. Garabiden egon naizen honetan ere, konfiantza handi-handiko kideekin baizik ez dut hitz egin gai hauez. Gainera, kontuok ez dira arinkeriaz esatekoak… Kontuan izan behar da oso lur kolpatuetatik gatozela. Gaiok partekatu beharko genituzkeela? Dudarik gabe, baina beti ez dago astirik, eta, bestetik, ezin dira beste gabe esan, ez publikatu, ez parean pasatzen den lehenengoari kontatu. Lankide minenen artean hitz egin, bai. Bestela, ez.
* * *
Toki segurua
“Nik neure komunitatea dut toki segurua: familia. Eta, hala ere, familia osoak ez daki maiaz, eta, beraz, bizpalau lagun ingurukoak kutsatzen saiatzen ari gara: ilobak, gainerako senideak, auzoak… Askotan, maiaz hitz egiten zekitela egundo pentsatuko ez nuen jendea da. Nire toki seguru horretatik landa, hutsaren hurrena da gure hizkuntzaren presentzia”.
Etsaiak
“Emakumeok ez dugu etsai gehiago behar, ez gara etsaiak sortzeko lanean ari. Aitzitik, gogoetatu egin behar dugu, geure buruak ulertzen saiatu. Hitz eginez helduko gara geure bizipenak behar bezala dimentsionatzera, gizon-emakumeen arteko harremanak, dibertsitateak eta gainerakoak ulertzera. Lantegi handia da, baina horrelaxe dira gauzak”.
AZKEN HITZA
Zeru eta suge
“Yamili dut izena. Maia klasikotik dator, eta zeru eta suge ditu esanahiak.
—Aukeran hobe zeru, suge baino, ala?!
—Ez uste! Sugea oso inportantea da gure tradizioan, ur-tokien zaindari baita. Garai bateko maia kulturan, sugea erreferente nahitaezkoa zenuen”.
It is no coincidence that Columbus Day, that of the Civil Guard and the Virgen del Pilar coincided on that date. The three represent oppressive structures (statue, army and church). On the other hand, there is indigenous resistance and population that the Spanish State... [+]
When in the 16th century the Spanish conqueror Francisco de Orellana sailed the Amazon River, he said that there were big cities on both sides of the river. Few believed then, let alone in the following centuries, when no trace of what the conquest itself had destroyed was... [+]
On March 23, the prestigious French publisher Seuil launched a new literary section called “Indigenous Voices”. On the web Un livre dans ma valise (A book in my beacon), the director of the section Laurence Baulande explained that then the aim of the project is to publish... [+]
Pasa den abendutik Perun gertatzen ari diren istiluak, herrialdearen egoera politiko ahularekin lotu dituzte munduko hedabide nagusiek. Pedro Castillo presidente ezkertiarraren noraeza, haren kargugabetzea, Andeetako eskualdeetako herritarren altxamendua eta haien kontrako... [+]
Ostegun honetarako manifestazio handia espero da Liman Dina Boluarte kargutik kendu, parlamentua desegin eta Perurentzako beste konstituzio bat eskatzeko. Herritar asko autobusez eta kamioiez karabanetan antolatuta iritsi da hegoaldeko eskualdeetatik herrialdeko hiribururaino.