Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.
Joan den astean, kanpoan geratzearen beldur horren inguruan bi elkarrizketa izan ditut, biak Adimen Artifizialari lotuta. Lehena elkarte batekin: euren ardura da Adimen Artifizialen aurrean zein rol izan behar luketen ulertu nahia: erabiltzaile? Garatzaile? Beste leku batera begiratu? Azken batean, eurekin batera pertsona asko mugitzen dituzte, eta erantzukizuna handia da. Bigarrena, pertsona nagusi talde batekin izan da: ez dakite mugikorra ondo erabiltzen, eraldaketa digitaletatik kanpo sentitzen dira jada, eta Adimen Artifizialak zelan eragingo ote dien arduratuta daude.
Behin, Margarita Padilla aktibista eta informatikariak azaldu zidan “Internet egiten” lan egiten zuela. Garai hartan, ez nuen pentsatzen Interneten eragin zitekeenik, ezta nire esku halako garapen aukerarik egon zitekeenik ere. Azken aldian, ordea, Fedibertsoaren eztandarekin, mundu osoan zehar beste Internet bat posiblea dela ikusten gabiltza.
Nik ez dut Adimen Artifizialik kontzienteki erabiltzen, nire minimunduan egiten ditudan gauzak ez dira hain konplexuak, eta nire burmuina apur bat estutuz lana aurrera atera dezaket. Argi dut, baina, konplexutasuna metatzen den esparruetan (zientzia, osasuna...) Adimen Artifiziala modu etikoan garatzea oso baliagarria izan daitekeela.
Internet egitea, gizartea egitea, harreman taldeak sortzea... gauza bera direla ulertzen hasi naiz. Gizaki bezala, bizitza onak bizitzeko bidean gure balioei eta gaitasunei loturiko erabaki kontzienteak hartzearekin du harremana.