argia.eus
INPRIMATU
Nire ama-hizkuntza feminismoa da
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2025eko otsailaren 14a

Ultra
La Furia
Baga Biga, 2024

---------------------------------------------------------

Cascanteko La Furia-k bosgarren diskoa plazara atera du. Mimoz eta erraietatik, berarentzat funtsezkoak diren osagai horiekin, prestatu du honako pozima, pozoitsua eta aldi berean errukiorra, euskara erdigunean gero eta gehiago jartzen duena. Denbora luzea eman dio prozesuari, pieza bakoitza ekoizle eta estudio desberdinekin landu nahi izan duelako, bakoitzari bere jantzia, bere esentzia, ondo gehitzeko.

Lana zabaltzen duen Ziertzoa-k Zintzoa izena ere izan zezakeen bere jatorri eta sustraien gaineko argudiaketa garden bezain gordina egiteagatik; techno oinarriaren gainean biluztu eta ezbaian jartzen du ustezko benetazko euskalduntasun idilikoa (“Zergatik ez dut nire amalurraren antza?”). Jarraian dator Me sobran dedos oldarkorra –“No fuiste tú fueron ellos. Salga la culpa en su cuello” (Ez zinen zu izan haiek izan ziren. Irten dadila errua haien lepoetan)–, reggaetoia eta rap-raggamuffia tartekatuta.

Promenade da kulpa alderdi askotatik eta sakon behatuta, minimalista jaio eta dantzagarriagoa bilakatzen den techno doinuetan onduta. Pobre cancioncita mía da Oñatiko musikari Aiert Alberdi aldartetsuari merezitako errekonozimendua, folkaren tenpo goxoa raparekin uztartuta. Han matado el arte mainstream, pose eta kulturaren bidegabeko jabetzeari eskainitako okada garratza. Erro kantuan La Furiak bat egiten du dagoeneko ezinbestez anaitzat duen Odeirekin: deserriak, periferiak, erribindikazioak eta mezu zuzenak bat datoz haien biografia eta egunerokoan. Odei-ren produkzioek duten sonoritatea bete-betean harrapatu du lurraldez haragoko pieza eder honek (“Zugan bizi ez den hori, gugan ez baitago hilik”).

Animales-ek gizateriaren kupidagabekeria eta sarraskia amorrazioz deitoratzen du Bad F-Line zenaren antzeko garapen elektroniko bihurrituarekin. Bukatzeko. La Furia-ren ibilbidean oso presente dagoen Rebeca Lanek eta biek, tropikoetako sena aldarri, Gasolina reggaetoi pieza borobil eta dantzagarria erditu dute, dantzagarri bezain sukoia, ederra.