argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Migratzailea gehiago gabetzen
Diana Franco Eguren 2024ko urriaren 23a

Bidaiatzea eta migratzea ondo bereizten ditugu zoritxarrez. Migrazioen kasuan, prozesua ez da amaitzen helburu duten herrira heltzean, ezta beste herri batean bizitzeko baimena lortzean ere, euren bizitzetako urte anitz, hamarkadak, eman ditzakete leku baten benetako hasiera berri bat bizi dezaketela errealitate bilakatu arte. Horrelako erabakiak etsipenetik hartzen dira. Eta etsipen hori zelatatzen, beti dago negozio aukera ikusten duenik.

Sare barik, baliabide barik, arrotzak egiten zaizkizun kultura eta jokabide batzuk ulertu nahian, erabakiak hartzeko premiarekin bizitza jasanezin bat aldatzeko beharrari lotua, oso zaurgarria izan daiteke edozein pertsona. Eta zoritzarrez, bihozgabe asko dago munduan, zaurgarrienak euren espresio minimora gabetzeko prest beti.

Arazo handienak datoz jasotzen den informazioa egiaztatzeko denbora ez hartzetik. Gure arreta jaitsi egiten dugu informazioa eman diguna sare gertukoa izaten denean. Konfiantzazko sareetan sartzea izaten da desinformazioa, iruzurra eta manipulazioa zabaltzeko estrategia eraginkorrena. Gainera, gaur egun, harremana baliatzen duten patxadazko elkarrizketak komunikazio azkarragatik ordezkatu dira, eta digitalizazioarekin dinamika areagotu egin da: informazioa partekatzen dugu, baina ez dugu tarte askorik hartzen horren inguruan hitz egiteko eta elkarrekin pentsatzeko. Migrazio prozesuan, iruzurrak zabaltzen laguntzen duten dinamikak sortzen dira gertukoek egiaztatu gabeko informazioa zabaltzen dutenean. Adibide batzuk: bot bidez migrazio zita guztiak erreserbatuta zita bat lortzeko ordainketa handia eskatzen duen “adituaren” zerbitzua, Uber plataforman bidaia zelan bukatuko den bermatzen ez duten Coyoteen zerbitzuen eskaintza (migratzaileak legez kanpo herri batera sartzen dituzten garraiolariak), dirua aurreratzea eskatzen duten alokairu iruzurtsuen publikazioak etxeak salerostera bideraturiko plataformetan, lan eskaintza faltsuak... Migratzaileentzako meategiz beteta dagoen espazioa da Internet.