Geissenkloesterle (Alemania), dela 42.000 urte. Danubio ibaiaren arroko kobazuloan bizi zirenek txirula bat egin zuten hegazti hezurrak eta mamut bolia erabiliz. Garai bertsuan, Esloveniako Divje Babe kobazuloko biztanleek ere txirula bat egin zuten hartz baten femurra baliatuz. Horiek dira orain arte aurkitu eta datatutako musika tresnarik zaharrenak. Eta, beraz, badakigu ordurako musika egiten zela. Baina hominidoek ez dute tresnarik behar musika egiteko; nahikoa dute ahotsarekin.
Duela 530.000 urte hominidoek hioide hezurra gure posizio ia berdinean zuten. Hau da, soinuak egiteko eta kantatzeko gaitasun fisikoa zuten. Zertan hasi ginen lehenago, hitz egiten ala kantatzen? Musikak eta mintzairak jatorri bera dutela dioen teoria eztabaidagai izan da azken hamarkadatan.
Berriki Keioko Unibertsitateko (Japonia) Yuto Ozaki eta Patrick Savage ikerlariek gai horren inguruko ikerlana argitaratu dute Science Advances aldizkarian. 50 hizkuntzetako abestiak, melodiak eta diskurtsoak aztertu ondoren iradoki dute musikak komunikazio modu eraginkorrago eta emozionalago moduan eboluzionatu zuela.
50 hizkuntzetako abestiak, melodiak eta diskurtsoak aztertu ondoren iradoki dute musikak komunikazio modu eraginkorrago eta emozionalago moduan eboluzionatu zuela.
Horrez gain, Savagek berak Australiako Unibertsitate Nazionaleko San Passmore buru izan duen beste ikerlan batean ere parte hartu berri du. Global Jukebox doako datu baseko 5.000 abesti ingururen estiloak eta jatorri geografikoak aniztasun genetikoa eta linguistikoa jasotzen duten datu baseekin alderatu dituzte. Emaitzen arabera, historia musikala ez dago uste bezain lotua hizkuntzari eta genetikari; beste markagailu batzuengandik gertuago dago, esaterako, antolaketa sozialarengandik.
Ikerlan horiek musika eta hizkuntzaren arteko erlazioa konplexua eta anitza dela berretsi dute. Iradokitzen dute musikak mintzairaren garapena erraztu zuela, ahozko komunikaziorako oinarri estruktural bat ezarri zuelako. Lanok ez diote izenburuko galderari erantzun zehatzik eman. Baina balio dute gure espeziearen eboluzioaren eta musikaren artean dagoen loturan pixka bat gehiago sakontzeko.