Emazte batek zendua den euskal idazle eta poeta bat akusatzen du, abusuak egin zizkiolakoan, eskolan zebilen nerabe garaietan. Erbia kitzikatzea, arrazoi du Gorka Bereziartuak. Beste edonor izan balitz, afera ez zen isilik geldituko, feministak eta ni barne, salaketategi bilakatuko ginatekeelako: aski dela, kontzentrazioa seietan udaletxe plazan, eta abar... Ohikoa, baina ez, horrelakorik ez da gertatu, errautsa tapiza pean gorde da eta kito!
Badirudi euskal literaturak heterodoxia de facto onartutako atea zabalik daukala: iragan egun batez, gure eguneroko izparringian, Mirande & Enbata astekariaren arteko harremanez idatzi artikulu baten karietara irakurri ditugu, gusturik hoberenean, Miranderen Hitlerri eta bere lagun naziei buruzko solas plaxentak, kontestualizatzerik gabe, ideologia hori, gure artean, naturala, banalizatua balitz bezala. Mirande idazle gisa bat da, baina hiritar gisa, ezin dira bere jaidura naziak komentatu?
Beleak eta eleak zuritzen gabiltzan bitartean, beltz-kaki koloreko Europa batean bizitzeko prestatzen ari gara: baietz istorio hau gaizki bukatu!