Goizeko berria. Zuberoako Herri Elkargoak kudeatzen duen Irati gaineko eski-estazioa behin betiko zerratzea erabaki du, elur eskasean izanen direlako aurten ere. Oroitzen naiz duela hogei bat urte, Pyrénées Magazine aldizkariko zenbaki berezi batean, “mantalet” zuri gabeziaren perspektiba hori 2050erako iragartzen zutela. Ordukoz jada, etorkizunaren irudikapena izugarria zen. Ikusten dugu aldaketa klimatikoak bi hamarkadaren abantzua daukala. Eta ez da hain seinale ona.
Oôko glaziarrak azken ikara eman du uda honetan, Lushoneko gainalde haietan. Anetokoa ere, egunetik egunera, urtzen ari dela kontatzen digute bertatik dabiltzan menditar adiskideek. Pirinio kate horren epikotasunaren gainbehera sentitzen dugu kazetak irekitzen ditugunean, dolore mutu bat, gure etxeko adinekorik zaharrena hilko balitz bezala. Paisaiak dira desagertzen, ekonomiak, jakintzak, kulturak, gobernu guztiek sustengatzen dituzten munduko lauzpabost miliardunen bekaizgoaren izenean. Badakit egoera sinplifikatzeko joera handiegia dudala.
Galdera bat oraino: basoilarrak kantatzen segituko du elurrik gabeko Iratiko basoan?