Musikari buruz hitz egitea gustuko zuten bi lagunek sortu zuten Uhin aldizkaria, berba guzti horiek paperea eramateko. Bada, aldizkariak bere bosgarren alea kaleratu berri du eta non eta Bilboko Espora Espazioan aurkeztu. Horrela izan behar zuen, espazio berezi batean, bazterreko proposamenei leku ematen diena. Sortzaileek, Antton Iturbe eta Yeray Portillok, euren burua lurretik aldentzen den espaziontzia bezala ikusten baitute, industria musikaletik gero eta urrunago dagoen espaziontziaren modura.
Bosgarren ale honetarako uzta ederra bildu eta edukien artean gauza interesgarri asko aurkituko ditugu, hala nola, elkarrizketa mamitsuak, hausnarketa sakonak eta gai jakin bati buruzko sintesi entziklopedikoak. Mikel Vegak Alex Reviriego inprobisatzaile musikaria elkarrizketatu du, eta Antton Iturbek, bestalde, Discret Music zigiluaren sortzeileak. Testuak soilik ez, Eider Iturriaga eta Sandra Cuestaren irudietaz gozatzeko aukera ere izango baitute aldizkaria eskuratzen dutenek. Bi argazkilariek testu ederrekin lagundu dituzte beraien begiek klikatutakoa. Enrike Hurtadok musikaren munduak eta haren barruko adierazpenek bizi duten paralisi egoera du aztergai bere testuan, revival-en eta nostalgiaren garaian musikak harritzeko duen gaitasuna galdu duen edo ez hausnartuz. Carlos G. de Marcosek literaturako cut-up eta musikako sanpling teknikak aurrez aurre jarri ditu idatzi duen testuan.
Aldizkarian argitaratu den beste testuetako bat Mark Leckey artistari buruzkoa da. Hori aitzakia bezala hartuta, eta ikusleei mokau goxo bat eskaintzeko helburuarekin, antolatzaileek Leckeyren ibilbidean mugarri izan zen Fiorucci made me hardcore (Mark Leckey, 1999) bideo artelana eskaini zuten. Hamabost minutuko pieza honetan artista ingelesak bere ibilbidean berezkoak izango dituen oinarriak ezarri zituen. Horrela, artxiboko irudiak erabiliz, bere biografia pertsonala kontatzea bilatzen du, baita Ingalaterrako langile klasearen historia kontatzea ere, pertsonoala eta kolektiboa, mikroa eta makroa uztartuta. Lanean dantzarako musikak bere eta gazteen bizitzan izandako garrantzia aldarrikatu nahi du, langile klaseak dantzaren bitartez bere burua nola aldarrikatu duen eta bere gaitzak nola exorzizatu dituen erakutsita, 1970eko hamarkadako Northern Soul-etik, 1990eko hamarkadako rave musikaraino.
Bideoak eta azalpenek eztabaidarako bidea hauspotu zuten Espora Espazioan. Jendeak ikusitakoarekin gozatu eta hausnartu zuen, baita gogotsu ideiak elkar trukatu ere. Musikaren eta irudien indarrak errelatoak sortzeko duten ideia gailendu zen. Zentzu horretan, Uhin bezalako argitalpenek, eta gurean dauden beste guztiek duten garrantzia aldarrikatu zen, kulturaren bidezidorretan mugitzen direnen esanen bozgorailu baitira.