Ozeano Atlantikoaren kalea. Ozeano Barearen kalea. Mediterraneoaren hiribidea. Kantabrikoaren hiribidea (sic). Istora ibaiaren kalea. Osegarpe ibaiaren kalea. Erraz aurkitzen da ura Gasteizko kale izendegian bilaketa eginez gero; hor-hemenkako putzu gezak eta gaziak agerian.
Ankara ibilbidea. Estrasburgo ibilbidea. Vilnius kalea. Eneida kalea. Europar Batasunaren plaza. Berpizkundearen plaza. Mito fundazionalak ikus ditzakegu, batez ere XXI. mendean eraikitako auzo berrietan; hiria Arabako Lautadan barrena zabaltzen lagundu dutenak.
Valladolid kalea. Madril kalea. Latinoamerika plaza. Karlos I. Enperadorearen plaza. Sofia Erreginaren hiribidea. Gurutze Santuaren hiribidea. Odolezko ahaidetasunaren berri eman nahi du zenbait testigantzak; iragana eta oraina mataza berean ehunduak daudela oroitarazteko-edo.
Unescoren ibilbidea. Unicefen ibilbidea. Aalborgeko Kartaren kalea. Atenasko Kartaren kalea. Tokioko Itunaren kalea. Montrealeko Itunaren kalea. Ez bide dago galtzerik babazorroen hiriburu multikulturalean; iparra non den adierazten dute beti nazioarteko hitzarmenek.