argia.eus
INPRIMATU
Urri
Ane Labaka Mayoz 2022ko urriaren 05

Erleak urri, eztia urri abarasketan. Koralezko arrezifeak urri itsaspean, eta mendietako glaziarrak, eta pagadiak, eta hariztiak. Baso sarriak urri, birika-oihan berdeak gero eta urriago. Idortu gabeko lurrak urri; idortzear. Goroldioa urri. Urmaelak, lakuak eta ibaiak urri. Izotza, ur edangarria urri. Haziak urri, mineralak urri. Garia, kakaoa urri. Koltana, kobrea, ikatza, litioa, nikela, petrolioa, gas naturala urri. Balea urdinak, hartz polarrak, koalak, dordokak, pinguinoak, otsoak urri. Tximeletak urri –ume garaiko oroitzapenetan orain baino askoz gehiago agertu ohi zaizkit beti–.

Herriko denda txikiak urri. Sasoian sasoikoa urri, bertakoa urri. Baratzeak gero eta urriago. Bizi-itxaropena betiereko, baina jaiotza-tasa urri. Lan kontratu duinak urri, laguntza sozialak urri, zaintzarako sareak urri, pentsioak urri. Alokairu zentzuzkoak urri. Gazteen emantzipaziorako bideak urri. Kontziliaziorako egiazko aukerak urri. Emakumeak urri erabakiguneetan. Kulturgileentzat heldulekuak urri. Ikerlarientzat etorkizunerako promesak urri. Kanpotik datozenentzat aterpeak, paperak eta errespetua urri –azal eta begi eta ile kolorearen arabera, beti ere–. Zahar egoitzetan lekua urri; ospitaleetan ohe libreak urri. Medikuak urri; herriko osasun-etxean goiz osoan zehar jo eta jo ari den telefonoaren erantzungailu automatikoa sutan. Pazientzia urri; itxaron-zerrendak luze, amaigabe. Izenez behintzat publikoa izaten jarraitzen duen guztia urri.

Giza eskubideak urri. Adierazpen askatasuna urri. Justizia urri. Enpatia, elkartasuna, kolektibotasuna urri. Autokritika, kontzientzia, ardura hartzea urri. Teoriatik praktikarako jauziak urri. Alternatiba errealak urri –eta izan badirenak ikusezin–. Irudimena, sormena, ilusioa urri. Ausardia, indarra, ekiteko gogoa urri. Barrea urri.

Lo-orduak urri. Sofan luze etzanda ezer egin gabe egoteko tarteak urri. Aisialdia, denbora librea urri. Sukalderako denbora urri. Sexurako denbora urri. Irakurtzeko denbora urri. Denbora urri. Gorputza urri. Arnasa urri.

“Gutxiren ongizateak elikatzen du aunitzen ondoeza”.

Jose Luis Otamendiren Landura liburuan arkatzez azpimarratu nuen duela gutxi, eta esaldia nirekin daramat orduz geroztik. Akabo oparotasun garaiak. Orain oinarrizkoa urri, eta premiazkoa urre.