argia.eus
INPRIMATU
Geometria aldakorra
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2022ko otsailaren 22a

Geometria aldakorra. Politikaren itsasoan arrantza etengabean nabigatzeko modu bat. Gaur halakorekin, bihar horrelakorekin eta etzi honelakorekin. Fideltasun guti eta izaera promiskuoa. Ligatzaile trebeak bezala, begi ona behar du eta maila apaleko printzipioak, etekinaren fabore. Lanbide horretan, EAJ izan dugu maisu. Bere opilari su egiteko baldintzan, edonoiz, edonola, edonorekin beti konpontxo egiteko prest. Tasun ala keria? Nork, noiz, nola.

Jelkideen sigi-sagak hain ongi ezaguturik, zertaz espanta orain Sanchezen PSOErekin? Ez zuen lan erreforma aterako bere azken urteetako ohiko bidaideekin; ez, bederen, berak eta Bruselak nahi zuten horretan. Prestidigitadoreak lagun berriak aurkitu ditu bere txisteran. Ciudadanosekin lortutako akordioak ez du soka luzerik ekarri. Hartaraino jotzen da hiloztzat Arrimadasen alderdia. UPNrekin egindakoak lurrikara eragin du.

"Nafarroan bati baino gehiagori izerdi hotza eragin dio UPN-ko burua Madrilgo PSOE-rekin mahai berean jarri dela jakite hutsak"

Zirko itxura izan du erreformaren onespen txiripazkoak. Tarteko, alderdi nabarristak Madrilen dituen bi diputatuen traizioa, eta horrek UPNren baitan piztu duen krisia. Iji eta aja egin dugu Sayasen eta Adaneroren kontura. Irri eta orro, Javier Esparzaren bizkar. Algarek goitiago jo dute sozialistek UPN zein merke erosi duten zabaltzean. Madrilgo Gorteetako bozketak Sanchezendako zuen garrantziaren aldean, ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko dirudi adostutako prezioak.

Kasu, ordea. Edukietatik harata, Nafarroan bati baino gehiagori izerdi hotza eragin dio UPNko burua Madrilgo PSOErekin mahai berean jarri dela jakite hutsak.

Nabarristen eta sozialisten arteko akordio etengabeak moldatu du Foru Komunitatearen azken 40 urteko historia politikoa. Euskaltzaletasuna nafar erakundeetatik kanpo uztea zen elkar ulertze horren abiaburua eta helmuga. Ildo baztertzaile hori bi gobernuk baizik ez dute eten: Otano sozialistarenak, 1995-96an, CDNrekin eta EArekin, IU babesle zela, eta Maria Chiviterenak, 2019az geroztik, Geroa Bairekin eta Podemosekin, Bilduk sostengatuta. Azken hori baino lehenago, 2015eko hauteskundeetako emaitzek PSN indar erabakigarririk gabe uztean bilakatu zen Uxue Barkos lehendakari.

Ezin erran sozialisten agintaldi hau bidelagun abertzaleak pozez zoratzen uzten ari denik, hizkuntza kontuetan bereziki. Dudarik ez da, ordea: hagitzez okerragoa litzateke UPNren eta PSNren arteko akordioen itzulera, baita hizkuntza kontuetan ere. Agian eskertu beharko diegu Esparzari eta enparauei. Posibilitate hori ez dela inoiz desagertu oroitarazi digute egun hauetan. Pilak jartzeko balio badigu, gaitz erdi. Ea geometria politikoaren bertze lema-ukaldi batek ez gaituen berriz ere linbora bidaltzen.