“Ea idaztean doinu negatiboa leuntzen diozun gaiari; nahikoa buruhauste dakar pandemiak”, eskatu digu Kistiñe Garcia Canterok (Bilbo, 1977). Ingurumen Zientziak ikasi zituen Garciak, hogei urte daramatza Ekologistak Martxan taldean, eta elkarte horrek Espainiako Estatuan aurrera daraman kutsatzaile hormonalen aurkako kanpainan lan egin du azken zazpi urteetan. Egia esan behar bada, saiatuta ere, ez da erraza kontua makillatzea.
Zer dira kutsatzaile hormonalak?
Gizakiak sortutako substantziak dira, organismo baten edo haren ondorengoen osasunean eragin kaltegarria dutenak, aldaketak eragiten dituztelako funtzio endokrinoan –sistema hormonalari eragiten dioten substantzia naturalak ere badaude, baina gu ez gara horietaz arduratzen–. Sistema hormonala hackeatzen dute, nolabait esatearren; barnean dugun komunikazio-sistema da, eta oso garrantzitsua da informazio egokia une egokian bidaltzea. Hori hankaz gora jarriz gero...
Zer ondorio dakartza horrek?
Azken hamarkadetan gaia ikertu duten zientzialariek askotariko eraginak antzeman dituzte. Larrienak, jaio baino lehen, oraindik amaren uteroan daudela, haurrek jasan ditzaketenak [ikus ezkerreko koadroa]: malformazioak sor daitezke, edo jaioberriengan sumatzen ez diren baina gerora euren adimen-kozienteari eragingo dioten eraginak. Hala dioten ikerketa sakonak daude: haurren adimen-kozientea beherantz doa, maila komunitarioan, kutsatzaile endokrinoen erruz. Beste ondorio bat emankortasun-galera da: Mendebaldeko gizonen espermatozoide-kopurua erdira jaitsi da 40 urtean. Eta gehiago dago. Esaterako, obesitatea, zenbait minbizi mota... Kutsatzaile hormonal asko dago, eta askotariko kalteak eragiten dituzte. Horregatik, hain zuzen, oso zaila da eragin hori zientifikoki frogatzea eta, azken batean, kutsatzaile horien definizio bat ematea. Ez da erraza mota horretako kutsatzaileak atzematea.
Asko direla diozu. Kopuru bat esan daiteke?
Ez, ez dago kopuru bat ematerik.
Dozenaka, ehunka, milaka...?
Ehunka eta milaka artean. Ezin zehaztu. Izan ere, eta legedi-kontuak aipatzen hasita, urteak behar izan ziren kutsatzaile endokrinoen definizioa emateko, eta oraindik hori ere ez dago argi, legediari dagokionez. Minbizi-eragileenaren pareko tratamendua ematea nahi dugu guk.
Lege-tratamendua, alegia ?
Bai, hortik dator beste guztia. Lehenik, zientzialariek politikariak konbentzitu behar dituzte; gero, politikariek legeak egin behar dituzte eta, azkenik, legea aplikatu behar da, teorian behintzat. Baina kutsatzaile hormonalen eremua oso konplexua da, eta hori baliatzen dute fabrikatzaileek, halako substantziak arautzea eta, hortaz, murriztea, nekeza izan dadin.
Ea ondo ulertu dudan. Substantzia bat kutsatzaile hormonala dela ebatzi bezain laster, ez da debekatzen, edo zeharo murrizten?
Umm, bai [zalantzati], baina oso gutxi aurreratu da legedi-kontuetan. Oraingoz, plagizidei dagokienez bakarrik zehaztu da kutsatzaile endokrino bat zer den. Hartara, horietako bat gizakientzat kutsatzaile hormonala dela frogatuz gero, ezin izango litzateke merkaturatu. Baina oso zaila da plagizida bat debekatzea arrazoi horrengatik. Oso zaila da europar administrazioak onartzea plagizida jakin bat kutsatzaile endokrinoa dela. Ebidentzia zientifiko izugarria aurkeztu beharra dago.
Eta plagizidetatik aparte?
Europan ez dago plagizidak, plastikoak, kosmetikoak... biltzen dituen araudi bakarra, eta substantziaz substantzia hartzen dira erabakiak. Adibidez, A bisfenolarekin bueltaka dabiltza oraindik. Gizakientzat kutsatzaile hormonala dela ebatzi zen, eta 2009tik debekatuta dago biberoien tetinak egiteko erabiltzea, baina oraindik produktu askotan dago. 2015ean, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agentziak esan zuen ez dela hain kaltegarria, eta ehuneko bat baimendu zuen elikagai-ontzietan. Baina berriki, bat-batean, erabaki dute onar daitekeen gehieneko ehunekoa lehengoa baino 100.000 aldiz txikiagoa dela. Eta ordura arte, zer?
Zergatik ez gaituzte administrazioek honengandik babesten?
Dirua dagoelako tartean. Kito. Edozein ingurumen-arazo ondo aztertuz gero, diruarekin topo egingo duzu. Dirutza handiak irabazten dituzte enpresa batzuek, eta horiek dauzkagu aurrez aurre. Dabiden eta Goliaten arteko borroka da. Bestalde, norberak neurriak har ditzake, ahalik eta gutxien egoteko substantzia horien eraginpean. Plagizidarik gabeko elikagaiak jan, plastikoa murriztu... Baina lotsagarria iruditzen zait herritarrok arduratu behar izatea erabiltzen ditugun produktu guztietan kutsatzaile hormonalak ote dauden jakiteaz; pertsona batzuen lana omen da substantzia horiek guganaino iristea eragoztea.
Janari-ontziak, kosmetikoak, biberoiak, plagizidak... Nonahi daude kutsatzaile hormonalak?
Bai. Besteak beste, edozein plastikotan. Eta gutako guztiok, gehiago edo gutxiago, gorputzean halakoak ditugula ere esan diezazuket. Hara, ez gaituzte bat-batean hilko, ez dute toxikotasun akutua sortzen, baina osasunari kalte egiten diote, apurka.