Zenbat aldiz esan ote ziguten gurasoek arrotzekin ez mintzatzeko. Nik gogoan dudanaren arabera, garai horretako agindurik behinenetako bat zen. Bada, lege horrekin jolastuz edo nolabait kontra eginez, arrotzekin mintzatzea lelotzat hartu zuen 2009an, Leif K-Brooks 18 urteko estatubatuarrak Omegle txata abiarazi zuenean: Talk to strangers. Banan-banako harreman elektronikoak zoriz gertatzea proposatzen zuen.
"Salaketak hasi ziren: hainbat herrialdetako nerabeak (eta haurrak) ere ari omen ziren sexu kontuak partekatzen (gizon) helduekin"
Geroago, asmakizun digitalak bilakaera izan zuen eta, iazko konfinamendu globalean, salaketak hasi ziren: hainbat herrialdetako nerabeak (eta haurrak) ere ari omen ziren sexu kontuak partekatzen (gizon) helduekin. Ondorioz Brooks-ek onartu zuen edukiak ez zirela beti egokiak, eta Apple eta Google erraldoiek aplikazioa kendu zuten sakelakoetatik.
Sarean jarraitzen du, baina, eta inguruko nerabeengana ailegatu berri da ikasgelan erabiltzen duten ChromEbook bidez: modu klandestinoan, noski, eta klik batekin 18 urte dituztela adierazita.
Ilea bakandu zait. Zimur batzuk bildu ditut. Dagoeneko nerabe baten aita naiz. Eta gurasoak beldurtzen dituzten arrotzek esperoan segitzen dute.