argia.eus
INPRIMATU
Estatu kolpea Bolivian
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2019ko azaroaren 25

Evo Moralesek presidente kargua hartu arte, indigenek eta gutxiengo etnikoek segregazio erregimen bat bizi zuten Bolivian. Ezkerreko gobernu berriak egoera hura deuseztatu zuen. Hegoafrikan ez bezala, Bolivian demokratizazioa arlo ekonomikora ere zabaldu zen, aberatsen eta pobreen –nekazal gune eta hiri guneen– arteko arrakalak gutxituz. Arlo sozioekonomikoari erreparatuta, Evoren Boliviak mikro eta makro adierazle ezin hobeak izan ditu, besteak beste, bere lehengaien gaineko kontrola berreskuratu zuelako.

Halere, Latinoamerikako gainontzeko ezkerreko gobernu suberanistek bezala, Boliviako Gobernuak gerra hibridoaren erdian jardun du: hedabideen jazarpena, Mendebaldeko gobernuen presioak, mobilizazio biolentoak eta estatu kolpe saiakerak. Mendebaldean gutxiagoagatik salbuespen egoerak aldarrikatu, eskubide zibilak eten dira eta militarrak kalera atzeratzen dituzte.
2008an oposizioak hamarnaka indigena eta nekazari hil zituen. Urte hartako estatu kolpe saiakera ez zen aurrera atera, batez ere, Brasil eta Lula da Silvari esker. Ordutik ezkerreko gobernuek sekulako astindua jaso zuten estatu kolpe bigun eta gogorrekin. Halere, egoera aldatzen hasi zen Mexikoko eta Argentinako ezkerraren garaipenarengatik eta Venezuela eta Nikaraguako estatu kolpe saiakerak garaituak izan zirelako.

Estatu kolpea lehenengo biguna eta gero gogorra izan da, prozesua abiatzeko eta azkartzeko hauteskunde iruzurraren susmoa
zabaldu dute

Ezker latinoamerikarraren berrindartzeari aurre egiteko eskuinak eta AEBek garaipen inportante bat behar zuten epe motzean. 2019 urteak une aproposa zirudien, 2016an Evok erreferenduma galdu ostean burutu zuen kudeaketa kaskarrak pitzadura bat sortu zuen Boliviako Gobernuak zituen babesen artean. Bestalde, klase ertain berrien artean, ongizatera azkar ohitutakoak, klase ertain eta klase altu zaharren jarrera klasista eta arrazistak agertzen hasiak ziren. Azkenik, Jair Bolsonaro da Brasilgo agintaria eta honek zeresan handiena dauka erregioan, baita Boliviako politikan eta ekonomian ere.

 Estatu kolpea lehenengo biguna eta gero gogorra izan da, prozesua abiatzeko eta azkartzeko hauteskunde iruzurraren susmoa zabaldu dute. Horretarako, hauteskundeen aurretik prestatzen da agertokia jendartean dauden kontraesanak bilatuz eta elikatuz, agenda hori bere egingo duten GKEak bultzatuz, kanpaina mediatikoak antolatuz eta oposizioa eta nazioarteko agenteak koordinatuz. Behin ustezko iruzurraren birusa askatuta, txoko guztietara zabaltzen da, egia ote den axola gabe.

Amerikako Estatuen Erakundea (OEA) auditoretzaren partea da eta zientifikoki lardaskeria handia. Halere, Evok onartu zuen emaitza hauteskunde berriak deituz, ez da gauza hain arraroa lehia estua denean, Austrian gertatu da. Baina alferrik zen, hasieratik asmoa estatu kolpe gogorra ematea zen. Halere, indar ezkertiar suberanisten borroka ez da amaitu. Kolpistek duten arazo nagusia da gutxiengo arrazista eta klasista direla eta behin kolpea emanda une batean edo bestean egoera erregularizatu beharko dute termino liberal-demokratikoetan, gutxi-asko Hondurasen egin zuten bezala. Baina Bolivian indar harremana oso bestelakoa da, indigenak gehiengoa dira, indar suberanistak indartsuagoak dira. Epe motzean estatu kolpea indarrez mantendu daiteke, baina epe ertain-luzean hori egin ahal izateko aukera bakarra diktadura militarra ezartzea da. Ez dirudi bideragarria, horregatik, beraien estrategia etsai politikoak jazartzea eta erreprimitzea da beldurra sortzeko shock terapia baten antzera. Terapia ezin dute luzaroan mantendu. Asteak, hilabeteak edo urteak izan daitezke, baina ezker suberanista Boliviako gobernura bueltatuko da.