argia.eus
INPRIMATU
Irailaren 7an Hernanin
Baratzetik platerera sortzen dugun paisaia aztergai
Garazi Zabaleta 2019ko irailaren 13a

Irailaren 7an, Landare eta loreen kontsulta aurrez aurre, baratzetik platerera sortzen dugun paisaia jardunaldiak antolatu ditu ARGIAk, Orona Fundazioarekin, Diametro 200 eta Karabeleko proiektuekin elkarlanean. Galarreta auzoan dagoen Orona Ideo eraikinean izango da [hemen kokapenaren mapa], 11:00etan hasita. Bi zati nagusi izango ditu: Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea liburua eta eskualdean abian diren lau proiektu oso berezi aurkeztuko dira hasieran, eta ondoren landareen eta loreen aurrez aurreko kontsultategia eskainiko dute Jakoba Errekondok eta Iñigo Segurolak.

Baratzetik platerera, hamaika proiektu

Oronako Diametro 200 proiektuaren aurkezpenarekin hasiko da ekimena [erreportaje honetan azaldua du ARGIAk Diametro 200 jatetxearen proiektua]. Slow-kafetegi eta jangela honek Oronako langileei eta bisitariei ematen die jaten tokiko, garaiko eta ahal den heinean produkzio ekologikotik datozen gaiekin. Orona Fundazioaren Garapen Zuzendaria den Iñigo Marketek eta Luis Irizar sukaldari eskolako maisua den Fede Pachak aurkeztuko dute proiektu hau.

Diametro 200-en hornitzaile da Karabeleko Ekonekazaritza etxaldea, eta proiektu hau ezagutzeko aukera izango dugu, Oier Iurramendi kidearen eskutik. Bere baratze ekologikoa esperimentazio zentroa da,  bertan espezie ugari aztertzen dituzte. Eta buru gaixotasuna duten pertsonei eta baztertze arriskuan dauden beste kolektibo batzuei zuzendutako errehabilitazio psikosozialerako zentroa ere bada Karabeleko.

Ondoren, Lur paisajistak enpresak azken urteetan martxan jarri duten Lur Garden lorategia aurkeztuko du Iñigo Segurolak: Oiartzunen 20.000 metro koadroko lorategi esperimentala osatzen joan dira azken sei urteetan eta hamasei gune ditu. Aurten hasi dira lorategian bisita gidatuak antolatzen.

Landare eta lore kontsulta

Euskadi Irratian eta bizibaratzea.eus webgunean erantzuten die Jakoba Errekondok landarezainen galderei. Zuzeneko kontsultak ere egin ditu azken urteotan herriz herri, baina oraingoan Iñigo Segurola ekimenera batu izana da nobedadea. Duela urte askotik lorezaintzari eskainitako telebistako programa ezaguna egiten du Segurolak, eta aspaldi elkarrekin lan egindakoak dira biak.

Bertako eta garaiko produktu ekologikoekin osatutako luntxa dastatuz biribilduko dute bertaratutakoek esperientzia truke hau. Beraz, ikasturteari indarrez ekiteko aukera ona dute baratzean, landare eta loreetan, eta  kontsumo jasangarrian interesa dutenek: irailaren 7an, goizeko 11:00etatik aurrera, Orona Ideon. Donostia-Hernani eta Andoain-Ospitaleak autobus lineak erabil ditzakete inguru horietatik hurbildu nahi dutenek.