argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
Zure ondoan
  • Kontakizunetan, are gehiago partekaturiko kontakizunetan, isiluneak kontatzen dena bezain inportanteak izaten dira. Maiz, isiluneek egiten dute posible kontakizuna onargarria ez ezik ederra ere izan dadin.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko maiatzaren 14a

Kontakizuna esaldi bakarra izaten ahal da: konparaziorako, “175 urte zure ondoan” lelopean ari da ospatzen bere urteurrena Espainiako Guardia Zibila, lau hitzetan herritarrei urte luzeetan emandako babesa irudikatu nahian. Isilpean, 19. mendean Andaluziako anarkismoa erreprimitzeko sortu zela, edo egitura militarra eman zitzaiola guardiek, kuarteletan bilduta, noizbait zafratu beharko zituzten herritarrekin enpatiarik izan ez zezaten. Ez da hain urrun joan beharrik. Itziarren semeak dokumentala eman zuten igandean ETB2n. Trantsizioraino ere ez da joan beharrik, halere.

Trantsizioko narrazio konpartitua ere isiltasunaren gainean eraiki dute. Herenegun artio, Estatuko estoldak eskandalu ziren. Orain, berriz, Espainiako demokraziaren saindu berria hil den honetan, gustu txarrekoa litzateke estolda horiek aipatzea. ETAren akabera ekarri baitzuen sainduak.

Voxi buruz idatzi du Anne Applebaum Pulitzer saridunak El País egunkarian. Bertze gauza batzuen artean, partekaturiko narrazio bihurtzen ari den tesia berretsi du egileak: Kataluniako prozesuaren ondorio da Voxen arrakasta. Hala erran omen zioten guziek Madrilen.

Espainiako sainduak eta Espainiako demokrazia, bistan da, akasgabeak lirateke periferiako herri horiengatik ez balitz. Euskal Herririk gabe ez zatekeen Estatuko estoldarik izanen; Kataluniarik gabe ez zatekeen faxismorik izanen. Gu gabe, Espainia perfektua litzateke, baina gu gabe ez lukete perfekzio eskasiaren errua nori egotzi. Behar gaituzte, gorrotatzeko bada ere. Horregatik bertze horiek ere behar dituzte, gure ondoan 175 urte daramatzatenak.