argia.eus
INPRIMATU
Euskara Sistema Eragilean
IƱaki Martinez De Luna @imartinezdeluna 2019ko apirilaren 30

Aplikazio bat izatetik Sistema Eragilean txertatzera igaro behar du euskarak, Maialen Lujanbioren esanetan. Ados! Euskararen premia gizartearen elementu periferikoetara mugatzen bada, jai dugu epe ertain-luzean.

Zein da, bada, gure sistemaren zutabea? Zalantzarik gabe, ekonomia. Horrek ezartzen ditu gure bizi baldintzak maila profesionalean eta horretara bideratutako hezkuntza sisteman. Baita, arlo pribatuan ere, kontsumitzaile bezala. Heziketa-Ondasun-Kontsumo hirukoaren arabera dugu ongizate maila aberatsa edo txiroa, eta horren gainean esleitzen zaigu estatus sozial apala edo jasoa.

Balio etikoak, filantropikoak eta antzekoak ez daude bizi garen munduaren muinean. Kualitate horiek guztiak izanda ere, pobrea ez da nor gure gizartean; ez du bertan eraginik.

Horregatik, euskara osasuntsu eta luzaro biziko bada, bi aukera baino ez daude. Bata, gure sistemaren aldarea den ekonomian euskara txertatzea. Bestea, utopia; alegia, egungo sistema globala eraldatzea eta oso bestelako balioak izango lituzkeen mundu berri bat garatzea, non, besteak beste, hizkuntza guztiek maila bera izango luketen.

Utopiari uko egin gabe eta horren atzetik pausoak eman bitartean, eskura dugun planteamenduari ekin behar zaio epe motzean: euskara Sistema Eragilean txertatzeari. Horrela, gainera, globalizazioaren berdinkeriarako joera orojaleari nolabaiteko galga jarriko genioke; berezko dinamika hori zertxobait oztopatuko genuke, behinik behin.

Horretarako aipatu ohi den giltzarria lan mundua da. Lanpostuetara eraman behar dela euskara eta, era horretan, langileek euskara jakin beharko luketela. Ados, baina hizkuntza eskakizunak aspaldian ezarri ziren herri administrazioan, eta neurri horrek ez du erabilera orokorrik automatikoki ekarri.

Ekonomiaren logikari jarraiki, soilik negoziorako probetxugarria denean egingo zaio lekua euskarari. Zergatik eta zertarako nahasi euskara finantzetan, enpresetan, zerbitzutan eta abarretan, dirurik eman ezean? Merkatuaren estutasunean alferrikako beste gastu bat gehitzeko? Lehiatzeko abantailaren bat izan beharko du, ezinbestean.

Puntu horretara iritsita, guk geuk, kontsumitzaile, langile, sindikalista edo bezero gisa, badugu zer esan. Botereek aldeko neurriak ezartzearekin batera, euskararen eskaera komunitateak egin behar du; horrela baino ez da euskara errentagarri izango; horrela baino ez da Sistema Eragilera iritsiko.