Amak sukaldean duen egutegia begiratu dut. Mungialdeko paisaia lainotsu bat eta azpian aipu bat: “Euskara hizkuntza bisexuala da. Anari”. Ozen irakurri dut. Amak eta biok desberdin interpretatu dugu. Berak uste duelako, euskaraz genero markarik ez dagoela. Nik euskaldun guztiok garelako aldi berean erdaldun. Tira, nire amak arrazoia izango du.
Txikia nintzenean Mecanoren Mujer contra mujer kanta mitikoaz gain, beste batek egiten zidan kilika barrenetan: “Y nos metimos en el coche / mi amigo tu amiga tú y yo / te dije nena dame un beso / tú contestaste que no”. Gerora etsipenez jakin nuen, kantak ez zuela Ana Torrojaren desioez hitz egiten, baizik eta José María Canok idazten zituela letrak. Nahasketa interesgarria sortzen zuen horrek, sexu aniztasuna lerro artean irakurri behar genuen garai horretan. Lesbianek Kanaria uharteetako Rosana abeslaria aldarrikatu dute, nahiz eta “Cuando una noche de amor desesperados / Caigamos juntos y enredados” kantatu. Gaztetan inoiz ez zitzaidan okurritu Ken Zazpi mutil batentzat gauero ilargia lapurtzeko prest egon zitekeenik edo Latzeneko abeslaria pertsona transgenero baten erruz burua galtzen ari zenik. Euskara hizkuntza bisexuala (edo Amelia Barquinen esanetan, hizkuntza queer) izango da, baina tamalez, oraingoz heteroaraua eta binarismoa errotuta dauzkagu.
Ez dut inoiz euskaraz ligatu, eztabaidatu, txortan egin, ezta amets egin ere. Euskararekin lotura afektiboa mantendu egin dut, baina Bilbon gaztelaniaz bizitzea da bide erosoa. ARGIAn idazteak eta, aurten, Bilboko 'Euskaraldia'-ren hamaikakoan 'Ahobizi' bezala parte hartzeak lagundu dit euskararen errepideaz gozatzen
Euskaraldia-ren hirugarren egunean ari naiz artikulu hau idazten eta jakin badakit Bilbon euskara disidentzia dela eta gaztelania araua. Txikitan nire neska lagunekin “pelikuletara jolasten” nuen sekretuan, muxukatzeko aitzakia izateko, baina banekien mutilagunak izatea zela bide zuzena. Nerabezaroan mutilagunekin jarraitu nuen, hori zen argitutako autobide erosoa, bidaia sari ugari ordaintzea suposatu zuen arren. Lesbianismoa urrunetik ikus nezakeen bidea erakargarria zen, baina malkartsua. Feminismoari esker heteroarautik desbideratu eta nire bidea egin nuen. Elebidun hazi nintzen, baina laster gaztelaniaren hegemonia gailendu zen. Ez dut inoiz euskaraz ligatu, eztabaidatu, txortan egin, ezta amets egin ere. Euskararekin lotura afektiboa mantendu egin dut, baina Bilbon gaztelaniaz bizitzea da bide erosoa. ARGIAn idazteak eta, aurten, Bilboko Euskaraldia-ren hamaikakoan Ahobizi bezala parte hartzeak lagundu dit euskararen errepideaz gozatzen.
Maiz erabiltzen da euskaraz, armairutik ateratzearen metafora. Ostatu batean neska-lagunarekin erreserba egin eta ez jakin zer arreta jasoko duzun; deserosoa da eta bortitza izan liteke. Bilboko denda batean euskaraz egin eta ez jakin zer arreta jasoko duzun; deserosoa da eta bortitza izan liteke. Ahobizi txapa daramatenei begirada konplizeak botatzen dizkiet metroan, luma duten emakumeei bezalaxe. Gaztelaniaz, “¿entiendes?” kodea erabiltzen da gay eta lesbianen artean.
Imanol Epelderen artikulu batean irakurri dut 750.000 euskaldun elebidunetatik 200.000 inguruk baino ez dugula euskal literatura, musika edo kazetaritza noizbait kontsumitzen. Emakume bisexual batek emakumezko bikoteak dituenean galdetuko diote ez ote dituen gizonak (ala zakilak) faltan botatzen. Alderantzizkoa ez dut sekula entzun izan. Ba al dakite milioi erdi euskal elebidunek, zer galtzen ari diren? ARGIA. Berria. Danele Sarriugarte, Arantxa Urretabizkaia, Uxue Alberdi. Anari. Zea Mays. Maialen Lujanbio. Eta abar. Erdara-arauan guztiz murgilduta nengoenean inork ez zidan galera horri buruz galdetu. Hegemonia bide erosoa izan daiteke, baina zein dira ordaindu beharreko bidaia sariak?