argia.eus
INPRIMATU
Erabakitzeko eskubidea: abertzaleok ez ote denbora galtzen ari?
Kimetz Arana Butroe @7ardi 2018ko abenduaren 04a

Noizean behin irteten diren gaien artean, hau da Bilboren periferian azken bi hamarkadatan abertzale munduaren inguruan ibili garen adiskideen artean dugun hizketa gaietako bat. Hasi gintezke nazioartean dauden aukerez, Kataluniaz edo guztiz agerikoa den Estatuaren krisi orokorraz, gure begiradak ordea ez dira hain urrutira iristen. Kaleko harremanak, laneko elkarrizketak, familiako zailtasun eta ilusioak dira gure oinarri. Bilborako metroko joan etorriak gure soziologia laborategia.                 

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak emaitzak eman baditu ere, bere mugak baditu. Jendartearen gehiengo zabalak erabakitzeko eskubidearen alde kokatzen du bere burua orain, baina, salbuespenak salbuespen, mugimendua abertzaletasunetik haratago zabaltzeko zailtasunetan ikusten dugu. Bere ekimenetan ez dira sumatzen feministen edo pentsionisten martxetako freskotasun, ilusio, naturaltasun eta gogoa.

Estatus berriaren gainean EAJ-PNV/EH Bildu akordioak ere ez du ilusio handirik sortu gure artean. Emango duenaren esperantza handirik gabe eta PNVren ziabogaren zain, herritarren interes gaietatik urrun nabaritzen dugu akordioa.

Estatuaren itxikeriaz gainera Katalunian ikusitakoak ikusita, zail zaigu begitantzea errepresio eta kartzela urte luzerik gabeko erabakitze prozesurik eman daitekeenik gurean.

Bitartean abiadura bizian desegituratzen ari da gure herria. Egitura subirano propiorik gabe, globalizazio, kontsumo zein bizi eredu berrien ondorioz, hizkuntza erabilera, kultur erreferentziak, mugaz gaineko harremanak, gure ekonomia propioa... sortzeko zailtasunak ditugu. Gero eta gehiago azalaraziz herri moduan bizirauteko ezintasuna.

Hortik galdera: ez ari ote garen denbora galtzen erabakitze eskubidearen bueltan herri gisa deuseztatzen ari garen bitartean?

Gustura mintzatzen gara gai horietaz gu baino zaharragoekin, ohartuz zein zaila zaigun onartzea azken borroka faseak zelako nekea ekarri digun denoi. Jabetuz menpean gaituzten estatuekin erabakitzeko eskubidea eskuratzea kasik ezinezkoa dela edo Txibertaren logika gaindituz zenbat kostatzen den PNVri lotua ez den beste biderik irudikatzea. Guk, ordea, aro berrian sakondu daitezkeen aukera berriak ikusten ditugu. Munizipalismo eredu propioak sortuz, tokiko ekonomiaren garapenetik edo haurren heziketatik. Gure herrian sortu diren aldarrikapen sozialen (feminismoa, pentsionistak)  proposamenen gauzatzetik, aldarrikapen berrien sortzetik, ildo hauen estatuekiko konfrontaziotik eta horien inguruko indar metaketa berrietatik.

Pentsamendu eta ekinbide berriak garai berrirako: bizibide, iruditeria eta dinamika.