argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz 1976: ez ahaztu, ez etsi
  • Espainiako Estatuko ordezkariek eta Arabako patronalak 1976ko martxoaren 3ko data ahaztu nahi dute.

Juan Mari Arregi 2018ko otsailaren 27a

Espainiako gobernuetako bat izan zen bost langileren heriotzaren eta ehunka zaurituren erantzule. Arabako patronalak berriz, greba orokor historiko hura sorrarazi zuen. Gertaera haiengatik justizia eta ordaina eskatzeari utz diezaiogula nahi dute, baina Martxoak 3 eta Goldatu elkarteak modu eredugarrian ari dira horretan. Langile klaseak, baita mugimendu hura guztia babestu zuten herri sektoreek ere, ezin dute ahantzi. Badator 42. urteurrena, eta komeni da konpromiso hori berritzea.

Ezin da ahaztu poliziak, Espainiako Gobernuaren agindupean –Manuel Fraga Iribarne eta Martín Villa buru– eta kapitalaren zerbitzura, su eta gar eragotzi nahi izan zuela mugimendu asanblearioa, sindikalgintza bertikalaren kanonetatik at zegoelako. Ezin da ahaztu, ezta ere, greba eta mobilizazio ugari ekarri zituen mugimendu hura posible izan zela asanbladetatik eta ordezkaritza batzordeetatik sorturiko autoantolakuntzarengatik. Negoziatzaileak bilkura haietan aukeratzen ziren eta patronalak ezin zuen antolaketa hori etxekotu. Bizirik jarraitu behar du emakume eta herri sektoreen parte-hartzeak, greba haien zabalkunde, garapen eta iraupenerako giltza izan baitziren. Gaur egungo langile mugimenduarentzat irakasgai garrantzitsua da hori.

42 urte igaro ondoren, Estatu krimen haren erantzukizun politiko eta sozialak ebatzi gabe daude, eta biktimek oraindik ez dute ordain justu bat izan. Baina ezin dugu etsitasunean erori. Martxoak 3 eta Goldatu elkarteak txalotu behar ditugu, zeregin neketsu eta zail horretan jarraitzen dutelako. Eta euskal administrazioari babes osoa exijitu behar zaio.