argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntzan inbertitzea errentagarria da
  • Hezkuntzan inbertitzea –eta ez soilik unibertsitarioan– errentagarria da herri batentzat eta bere jendartearentzat. Etorkizuna hezkuntzaren bidez eraikitzen da.

Juan Mari Arregi 2017ko abenduaren 12a

Horregatik, ez da ulertzen gobernuak hain zuhurrak izatea premisa hori kontuan ez duten aurrekontuak aurkezten dituztenean. Are gutxiago ulertzen da EAEn unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako langileak zazpi hilabetez mobilizatzen aritzea –aste honetan izan dute bigarren greba orokorra– eta arduradun politikoak kapaz ez izatea erantzun negoziatu bat artikulatzeko. Aldiz, ez dute inongo arazorik patronalarekin biltzeko, haien apetak betetzeko. Patronalak ez du mobilizazioen beharrik zerga jaitsiera lortzeko. Nafarroan, Gobernua agian aurrerakoiagoa izan liteke, baina hezkuntzan murrizketak iragarri dituzte.

Langileek eskatzen dute sare publikoan inbertsioa handitzea, zehazki BPGaren %3,5eko igoera. Hala, Europako %6ko batez bestekora iritsiko litzateke, Unescok aholkatzen duen gutxienekora. Horrez gain, irakaskuntzako pertsonalean 1.800 lagun gehiago behar direla diote, eta behin-behinekotasun tasa %38tik %6ra jaitsi nahi dute; 6.000 lanpostu egonkortu beharko lirateke horretarako. Irakasleek galdutako eros ahalmena ere berreskuratu nahi dute, Haur eta Lehen Hezkuntzakoek 32.500 euroko galera baitute pilatuta eta Bigarren Hezkuntzakoek 41.000 eurokoa.

Egiaz uste bada hezkuntzan inbertitzea errentagarria dela, lehentasunezko zerbait izan beharko litzateke aurrekontuetan partidak zehazteko garaian. EAEn negoziazioa ukatzea mobilizazioak eta greba mantentzen direlako, sua xaxatzea da, eta batez ere, herri honen etorkizuna den gazteriarentzako formazio gastu eta galera gehiago sortzen segitzea.