argia.eus
INPRIMATU
Astekariaren bidalketak
Oraingoan Ipar Euskal Herrira garaiz iritsi gara
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko martxoaren 16a

EXTRA! EXTRA! Ipar Euskal Herriko ARGIA-jendeari astekaria larunbaterako iristea lortu dugu! Bai, Euskal Herriaren zilborra garela pentsatzen dugun hegoaldekoon buruetan berandu izango da, seguru: “Guk asteazken-ostegunetan postontzian izaten dugu-eta...” etorri zaizu burura irakurle, zure gipuzkoarzentrismoa azaleratuz. Baina kontutan hartzen badugu lehen bi asteko edo gehiagoko atzerapenarekin ailegatzen zirela aleak Xilabara (Xibero, Lapurdi, Baxenafarroara), hau garaipen bat da.
    Lurraldetasuna da ARGIArentzat funtsezko oinarrietako bat, baina ez soilik hitzetan geratzeko eta tarteka iparralde idiliko horretaz artikuluren bat edo beste astekarian sartzeko. ARGIAko kide guztiek, Euskal Herriko edozein hegaletan bizita ere, ARGIA modu berean jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu eta hori bermatzea da gure konpromisoa.
    Duela gehiegi inposatutako mugez gaindi koherentzian sakontzen ahalegindu gara, ARGIA gure komunitate osoarentzat berdina izan dadin. Tarifa guztiak bateratu genituen orain bi urte bidalketa gastuak gure gain hartuta. Pauso bat. Noizko iritsi etxeetara, ordea? Bidalketa zerbitzua hobetzen ahalegindu gara oraingoan. Zerbitzu berri bat jarri dugu martxan, eta honen gastuak ere ARGIAk hartu ditu bere gain, uste baitugu badagokigula hori egitea, eta gure ardura dela. Gainera, lehen ez bezala jarraipena egin diezaiokegu gure bidalketari gaur egun. Horrela bai Hegoaldeko eta bai Iparraldeko zerbitzuak orekatuagoak geratzen dira, eta euskal lurralde osoan bidalketan atzerapenik, arazorik egongo balitz arazoa zein den eta non dagoen identifikatzeko aukera dugu.
    ARGIA-jende guztiei gogorarazteko aprobetxatuko ditugu lerrook, kide guztiek dutela aukera euren bidalketan arazorik badago guri jakinarazi eta jarraipena egiteko, komunitatea@argia.eus helbidera idatzita.
    “Lurraldetasuna diozue, baina bidalketa batekin zer konpontzen da ba?” galde dezake norbaitek. Tamalez mugak ezin ditugu guk kendu, baina gure esku dauden horrelako detaileak aldatuta sinetsita gaude mugak txikitzen direla. Euskal herritar guztioi berdina eskaintzen saiatzen jarraituko dugu.