argia.eus
INPRIMATU
Magikoa
Montserrat Auzmendi del Solar 2016ko azaroaren 10
Bilbao Arte Portua zikloa. Vladimir Spivakov eta Moskow Virtuosi. Egitaraua: Vivaldi, Rossini, Bocherini eta Txaikovski-ren obrak. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: urriaren 23a.

Bilbao Arte Portua zikloak kalitatearen aldeko apustu garbia egin du, zalantzarik gabe. Halaxe frogatuta geratu zen bigarren emanaldian, non Vladimir Spivakovek eta Moscow Virtuosi, berak sortutako taldeak, txundituta utzi zituzten entzuleak. Alde negatiboan aipatu behar da, berriz ere, oso jende gutxi zegoela Euskalduna Jauregian, erdia baino gehiago hutsik baitzegoen.Pena ikaragarria, benetako zita berezia izan zelako. Antolatzaileek marketin estrategia aldatu beharko dute honi buelta emateko.

Goazen berriz musikara. Den-dena izan zen gustagarria. Bagenekien Moscow Virtuosi taldea fina, oso fina dela. Baina talde onak badaude han eta hemen. Kasu honetan plus bat dute: haien arteko komunikazio eta konplizitate ederra. Nabaria da musikariek disfrutatu egiten dutela jotzen, eta entzuleek parte hartzen dute gozamen horretan. Bestalde, Spivakov maisuak badu zuzentzeko modu “emozionala” esango nukeena. Bere jestualtasuna ez da ohikoa, bere keinuak ez dira betiko keinu teknikoak. Musikariek elkar ezagutzen dute eta zuzendariak keinu iradokitzaileak egiten ditu, besterik gabe.

Vivaldiren Biolin concertoa mi minorrekoa, RV 273 hasteko modu argitsua izan zen. Spivakov bakarlari gisa aritu zen eta agerian utzi zituen bere soinu haragitsua eta adierazkortasun aparta. Rossiniren 3. Sonata do maiorrekoa gardena eta ñabarduraz beterikoa iritsi zitzaigun, eta Bocherini-ren 4. Sinfonia re minorrekoa –La casa del diavolo– gozoa entzun genuen.

Bigarren zatia benetako oparia izan zen. Beti atsegina egiten zaigu Txaikovski-ren Sokarako Serenade do maiorrekoa, op. 48 famatua entzutea, baina Spivakoven bertsioa edertasunetik haratago doa. Pezzo in forma de sonatina lehenengo zatia, inongo gehiegikeriarik gabe, oso adierazkorra atera zen. Bigarrena, Tempo di valse, kapritxoso eta sentsuala. Finale txispadunak amaiera perfektua eman zion kontzertuari. Baina bereziki eskuzabala ageri zen Spivakov jauna. Lau propina distiratsu bota zituzten: Shostakovitxen bi pieza: Re minorreko preludioa eta Polka, taxuz; Brahms-en 5. Dantza hungariarra eta, azkenik, Astor Piazzolla-ren Libertango ederra, kontzertinoaren solo zirraragarri batekin. Bikain.