argia.eus
INPRIMATU
Zumitzan, hor hormonak
Jakoba Errekondo 2016ko irailaren 22a
Ura non, zumea han. Argazkian, zume negartia (Salix babylonica).
Ura non, zumea han. Argazkian, zume negartia (Salix babylonica).

Hormona tartean gabiltza azkenaldi honetan. Zuhaitz eta zuhaixka, edozein, ugaltzeko boladarik aproposenetakoa da eguna mozten ari den urteko sasoi hau. Komeni da ugalketarako landatu nahi dugun aldaxkek itsasteko ur-laguntzailea hormonaz gainezka edukitzea. Haziekin bezala, beste zenbait landare zatirekin ere osa daiteke ur hori; ur horri hormonak erantsi, alegia.

Zumeak (Salix spp) baliatzen dira hormona iturri gisa. Gurean eskuera zume ugari dugu: zume jatorra edo mihimenarra (Salix viminalis), zume hauskorra (Salix fragilis), zume hibridoa (Salix x rubens), zume gorria (Salix purpurea subsp. lambertiana), zume hostoestua (Salix elaeagnos subsp. angustifolia) eta zume negartia (Salix babylonica). Guk “sahats zuria” deitzen diogun Salix alba zuhaitzari zume zuria deitzen dionik ere bada. Zikulusaltsa polita dugu familia horrekin ere! Salix generoko landare jendearen artean euskaldunok zumeak eta sahatsak bereizten ditugu. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Zumeak urzaleak dira: errekasto, erreka, ibai, errio, zingira, ubare, urlo, ur-geldi, ur-ustel, aldaparo eta antapara, erreten... Ura non zumea han! Ura du altzo. Adar bat hautsi eta uretara erortzen denean, hark eramango du beste toki batera, eta lurra ukitu orduko itsasten lagundu. Hara zume berria. Aise errotzen da, iaio asko. Abilezia hori hormonek ematen diote.

Zumeak sustraiak emateko duen erraztasun hori ez du edozein landarek. Asko dira adarretik sustraiak emateko gaitasuna izan daitekeenik sumatu ere egiten ez dutenak. Horiek adarretik ugaltzeko baliatuko dugu zumea.

Zumearen adar muturrak behar dira. Gazteenak, gurienak, hor ari baita hazten: hor hormonak. Arrabete luze, gutxi gorabehera; hostoak kendu eta adarra bera erabiliko dugu. Bi era daude: infusioa edo beratzea. Infusioa egiteko ur irakinetan sartu, surtatik atera eta ontzia estalita bertan utzi ordu laurden batez. Beratzeko, berriz, pare bat egunez uretan sartuta eduki adarrak.

Itsastea nahi dugun landareari adarra moztu, muturreko hostoak bakarrik utzi azpiko aldea soilduz, ebakia saiheska egin, hori zume-uretan busti eta lurrean sartu. Ureztatzeko ere ur hori erabili. Hozkailuan hilabeteak irauten du.